Aho batez onartua izateko bidean da Emakume Nekazarien Estatutua

Urriaren 15ean Eusko Legebiltzarrean azken bozketa egitea aurreikusi dute, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko

Babes zabala atzean duela sartuko da indarrean laster Emakume Nekazarien Estatutua. Landa eremuko emakumeen lanari aitortza egin eta haien eskubideak hobetzeko asmoz egindako proiektu aitzindaria da, eta ez du parekorik Europako Batasunean. Egitasmoa lege bihurtzeko tramitazioa azken fasean sartu da, eta litekeena da Eusko Legebiltzarrean alderdi politikoen aho batezko babesa lortzea .

Estatutuaren legegaia aztertu duen ganberako lantaldeak azken bilera egin zuen atzo, eta prest du irizpena. Sektorearekin eztabaidatu eta joan den azaroan Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen proiektuaren mamia ez da aldatu, baina alderdiek proposatu dituzten hainbat moldaketa tekniko aintzat hartu dira testuan. Egokitzapen horiek lege proiektua «indartu eta hobetu» dutela uste du Luis Javier Telleria lantaldeko presidente eta EAJko legebiltzarkideak.

Lantaldearen irizpena datorren irailaren 28an bozkatuko du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Batzordeak. Estatutua moldatzeko 60 zuzenketa aurkeztu zituzten alderdiek. Lantaldea amaituta, EH Bilduk eta PSE-EEk proiektuari dagoen bezala oniritzia ematea espero du Telleriak. PPri dagokionez, zuzenketa batzuei eusteko asmoa du, baina azkenean legearen alde egingo duen itxaropena du: «Uste dut ez duela inork bozkatuko benetan bidegabea den egoera bat zuzentzearen aurka».

Batzordeak testua onartzen badu, azken bozketa osoko bilkuran egingo da. Saioa urriaren 15ean egiten saiatuko dira legebiltzarkideak. Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da hori, eta estatutua egun horretan lege bihurtzea omenaldi egokitzat jo du Telleriak.

Emakume baserritarrek egiten duten lana aintzat hartu, ikusarazi eta haiei babesa ematea da estatutu proiektuaren helburu nagusia. Praktikan, batez ere, ustiategien titulartasunari buruzko atalak du garrantzirik handiena. Emakumeak ustiategien titular gisa agertzea —euren kabuz edo modu partekatuan— bultzatuko du. Gutxienez urteko errentaren erdia nekazaritza jardueratik lortzen duten emakumeak ustiategien jabetzaren parte izango dute, legeari jarraituz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landa eremuan egindako azken erroldaren arabera (2009), ustiategien %68 gizonen izenean dago, eta %32 baino ez emakumeen izenean.

Eusko Legebiltzarrak 2008. urtean onartu zuen Nekazaritza Politikaren Legean aurreikusita zegoen emakumeen egoerari erantzuteko estatutu bat sortzea. Lege «aitzindaria» dela azpimarratu zuen Telleriak. Ez dago halakorik beste inon Europako Batasunean.

Emakumeen titulartasuna duten baserri eta nekazaritza enpresak sarituko ditu administrazioak lehiaketa publikoak deitzerakoan edo diru laguntzak banatzerakoan. Puntu gehiago jasoko dituzte ustiategi horiek. Horrekin batera, landa eremuko emakumeak Gizarte Segurantzan afiliatzea sustatzeko laguntzak eskainiko ditu.

Atal batzuetan Berdintasun Legeak ezarritakoa nekazaritza eremura eramateko balioko du legeak. Esaterako, sektoreko elkarteei hiru urte emango zaizkie berdintasun printzipioak barneratzeko. Landa eremuetan emakumeen kontrako jazarpenari aurre egiteko neurriak eta formakuntza jasotzen ditu legegaiak.

«Gehienetan ikusezina den edo isilduta dagoen lan bat aitortzeko balio du legeak», nabarmendu zuen EAJko legebiltzarkideak, eta gogoratu zuen Eusko Legebiltzarrera iritsi baino lehen eztabaida eta adostasun zabala izan zuela ekinaldiak. Emakume baserritarren eremuan lan egiten duten hainbat elkarteren ekarpenak jaso zituen legegaiak. Sektoreko sindikatuen eta hiru foru aldundiek ere parte hartu dute eztabaidan, eta Emakundek aldeko txostena egin zion.


 

Jatorrizko artikulua Berria.n: HEMEN | Argazkia: Rowena: CC-By-Sd