«Ardi latxak bere rustizidadea behar du, amatasuna eta gogortasuna eduki behar du» [Aitor Urien, Artzaina | 10 #Etxalde]

Badira lau urte Aitor Urien 23 urteko abadiñarrak etxeko artaldearen kargu hartu, gaztategia egin eta lehen sektorean lanean hasi zenetik. 280 ardik, asturiar behi kasinen 14 buruk, oilo batzuk eta gazta egiteko sasoian gazurarekin hazitako 5-6 txerrik osatzen dute Aitor Urienen hazienda. Baserri inguruan 25 hektarea darabiltza eta mendiko larre komunalek osatzen dute lurra.

– Bizkaiko Artzai egunean Gazta Txapelketa irabazi duzu. Ilusioa pizteko balioko du horrek.
Norberarentzat motibazio handia da bai. Gainera, horren ondoren Hego Euskal Herriko 40 gazta Euskal Herriko Txapelketan egongo gara, Idiazabalen. Bai ikusten dena da adibidez Bizkaian egiten den Artzai Eguna nahiko itxia dela, ez da Legazpin eginten den Gipuzkoako Artzai Eguna bezalakoa. Uharte-Arakilen egiten den Nafarroako Artzai Egunak ere kriston oihartzuna du, bai aurretik eta baita hurrengo egunetan ere.

– Badira urte batzuk artaldearekin gazta egiten hasi zinela.
Nik obrak orain dela lau urte amaitu nituen, maiatzean. Ordura arte Aldanondori saltzen genion esnea eta aurrerantzean etxerako gaztak egiten hasi ginen. Iraila eta urria bueltan osasun erregistroa etara, Idiazabal eta Artzai Gaztan sartu eta martxan hasi ginen.

– Gurasoengandik hartu duzu artaldea eta ikasketak ere horretara bideratu zenituen.
Fraisoron ganadu ustiategien inguruko ikasketak egin nituen. Gero Arantzazuko Artzai Eskolara joan nintzen urritik martxora bitartean. Arantzazun eta Bergarako Elosuko Pikunieta baserrian egin nituen praktikak eta asko ikasi nuen. Eurek gustora badabiltza zeuri erakusten igarri egiten da eta asko ikasten duzu. Donibane-Garazi ondoko artzai eskola batekin elkartrukea egiten da Arantzazun eta hara joan ginen. Nire ustez askoz aurreratuago daude, eta ez makinaria arloan, pentsakera aldetik ari naiz. Denetik ikusten duzu, batzuk intentsiboagoak eta etxe inguruan egiten dutenak guztia eta beste batzuk mendira igo eta gazta bertan egiten dutenak. Esne gutxiago batu arren gastatu ere gutxiago egiten dutenak eta errentagarritasuna hortik bilatzen dutenak. Nik adibidez ez dut ikusten hilabetean sei mila kilotik gora pentsu ematea.

– Esnearen ekoizpenean ez ezik, gazta egiteko orduan ere ezberdintasunak badaude.
Gaztategien kasuan alde handia dago, Hego Euskal Herrian traba itzelak daude. Iparraldean adibidez egurrezko apalak baimenduta daude eta hemen ezinezkoa da. Pentsatu daiteke gaztategia egiten hasten zareneaz ez dezazula egin nahi dutela.

– Gazta saltzeko nola zabiltza? Sasoi batean saltzea kosta egiten zela aipatzen zen.
Nahiko ondo. Ez dugu ekozpen handia ere, urtean 2.000 kilo pasatxo gazta egiten ditut. Ardi esnea saltzen dugu dexente, iaz 5.000 litro inguru saldu genituen. Azoka askorik ez dugu egiten, 7-8 feria urtean. Abadiñoko okindegian eta Matienako Teo harategian saltzen dut. Durangon neska batek «Euskotzarak» otzarak egiten ditu eta harek gazta dezente eramaten dit, enpresetarako- eta egiten ditu otzarak eta gazta nahikoa eskatzen dit. Bilboko Ercilla hoteletik ere eskatzen dizkidate gaztak.

– Etxerako belarrak nola egiten dituzu?
Behientzako silo bolak egiten ditut eta aurten ardientzako ere hasi behar naiz. 70-72 bola egin ditu, behientzako 55-60 bolarekin nahikoa izatea espero dut eta gainontzekoak ardientzat: pentsua aurreztu eta alpapa eta belar sikua gorde. Belar fardoak onak egiteko aukera dut, Oletan, eta nire ustez gazta ona hortik hasten da. Alturako belarrak beste gauza bat du. Ardia bera ere gora joandakoan hobetu egiten da eta hori zerbaitegaitik da. Alpapa Zaragozatik ekartzen dut eta pentsua Unamunori erosten diot, transgeniko gabea.

– Noiz jaitsiko dituzu ardiak?
Ekainaren azkenera arte batu egiten ditugu eta San Fermin ostean gora botatzen ditugu. Uztailaren 25ean berriro jeitsi eta irailaren hasierara arte etxean edukitzen ditugu. Abenduaren bigarren astean ekartzen ditut berriro behera. Ardia botatzeko etxera ekartzen ditugu, ez dugu inseminatzen eta ezta esponjarik erabiltzen. 5-6 lote egiten ditut, adari banarekin. Bi adari aprobarako edukitzen ditut, horiek 20 bat ardirekin. Probatutako adariak 50, 60 edo 70. Gero bildotsa jaiotakoan fijatzen naiz ea zelakoak diren. Beharra du, baina, merezi du.

– Ardien formazioa eta izaera interesatzen zaizkizu, beraz?
Betiko ardi klasea galduta dago, edo galtzen egon da eta orain errekuperatzen ari da. Ardi latxa ez da horrenbeste litro ematen dituena eta sei hilabete kortatik atera gabe egoteko. Ardi latxak bere rustizidadea behar du, amatasuna eta gogortasuna eduki behar du. Ardi latxak gogortasun bat behar du, ez diot elurretan sasiorria jaten egon behar duenik, baina ezin dugu ardi latxa izena gazta egiteko bakarrik erabili. Morfologiari begiratu egiten diogu, buru beltzak ditugu, Gorbeia ingurukoak. Txikitxoagoak eta zabalagoako dira. Mototsa, belarri txikiagoak… gauza horiei begiratzen diegu. Esneari ere bai noski, lehenengo gauza begiratu beharrekoa, elegantea izan arren ardia esnerik ez badu, fuera. Baina morfologiari ere begiratu behar zaio.


Foto: Fernando Jiménez CC-By-Sd

IKUSI 10 #ETXALDE ALDIZKARIA: HEMEN