Baserriaren etorkizuna bermatzeko oinarriak jarri dituzte Bizkaian
- 2025 - Mar - 21
Bizkaiko Foru Aldundiak baserritarren errentagarritasuna eta lan-baldintzak hobetzeko “Suspertze plana” jarri du abian. Sektoreko eragileek partehartze aktiboa izan dute egitasmoaren garapenean eta etorkizunera begirako lehen urratsa dela nabarmendu dute.
Euskal Herriko nekazari eta abeltzainentzat oso korapilotsuak izan dira azken urteak, are gehiago Ukrainiako gatazka piztu zenetik. Lehengaien eta energiaren prezioek gora egin dute nazioarteko merkatuetan eta baserritarren errentagarritasuna jaisten joan da. Azken hamarkadan, esaterako, ustiategien %31 galdu da EAEn eta gaur egun ez dira 12.000ra iristen. Gainera, baserritarren %75ak 55 urte baino gehiago ditu eta belaunaldi arteko erreleboa ez dago bermatuta.
Egoera horrek hainbat protesta ekintza eragin ditu azken urteetan eta, eskakizunei erantzuna eman nahian, duela hiru urte Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza sailak prozesu parte-hartzailea jarri zuen abian EHNE Bizkaia eta ENBA sindikatuekin eta LORRA kooperatiben elkartearekin batera. Lanketa prozesuan herrialdeko 110 eragilek parte hartu dute, baserritarren errentagarritasuna eta lan-baldintzak hobetzeko neurriak adosteko.
Ekarpen horiek biltzen dituen “Suspertze planak” hamalau neurri zehatz biltzen ditu eta 4,9 milioi euroko aurrekontua izango du urtero. Horietatik 2 milioi zuzeneko laguntzetara bideratuko dira eta beste 2,9 milioi neurri fiskaletara, beti ere baserritarren jardueraren kostuak murrizteko eta ustiapenen bideragarritasuna bermatzeko.
Nabarmentzekoak dira sektorea modernizatzeko eta digitalizatzeko 1.025.000 euroko igoera eta abeltzaintza estentsiboa bultzatzeko edo belaunaldi-erreleborako estrategia berria, 360.000 euroko aurrekontuarekin. Era berean, hobariak aplikatuko dira abeltzaintzarako fakturan %50 aurreztea dakarten ur-tarifetan, eta ‘forfait’ fiskala %70era arte finkatuko da.
Arantza Atutxa, Ingurune Naturala eta Nekazaritza diputatuaren iritziz, neurri horiek guztiak oso garrantzitsuak dira belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko eta sektorea gazteentzat erakargarri bilakatzeko.
EHNE Bizkaia sindikatuko koordinatzaile den Unzalu Salterainek ere balorazio positiboa egin du sektoreko eragileen artean adostutako planaren inguruan. «Orain dela bost urte krisialdia areagotzen hasi zenean esan genuen laguntza zuzenak ondo zeudela, baina egiturazko aldaketak ere behar zirela. Zentzu horretan, guk egindako eskaerei erantzuten dio plangintza honek eta, orokorrean, sakoneko aldaketa ikusi dugula esan dezakegu. Hiru hamarkadatan ez dugu ikusi hainbeste eragileren artean martxan jarritako prozesu partehartzailerik», azaldu du.
LORRA kooperatibako zuzendari den Martin Uriartek ere lan egiteko modu berria dela nabarmendu du. «Lehen aldia da Foru Aldundiak proposamenak aurkezteko aukera eman digula eta horrela egin dugu», gaineratu du.
Horretarako, azken bi urteotan baserritarrek zituzten kezka nagusiak biltzen saiatu dira eta, ondoren, gai horiek lantzeko hiru lan-talde haundi eratu ziren. Lehena abeltzaintza estentsiboa eta mendi-komunalen ustiaketaz arduratu zen; bigarrena, belaunaldi arteko erreleboaz eta gazteak sektorera erakartzeko neurriez; eta, hirugarrena, albaitari klinikoen eskasiaz.
Lan-talde horietatik sortutako proposamenetan oinarritu da, hain zuzen, “Suspertze plana”. Martin Uriartek azpimarratu duenez, «egitasmo horren garrantzia ez da bakarrik 14 neurri zehatz jarriko direla martxan, baizik eta horietako bakoitzak bere aurrekontua izango duela eta legegintzaldian zehar jarraipena izango dutela». Zentzu horretan, urtez urte planaren jarraipena egingo dutela iragarri du LORRAko zuzendariak.
Lur-publikoen kudeaketa
Neurri zehatzei errepasoa eginez, Unzalu Salterain EHNE Bizkaiako ordezkariak oinarrizkotzat jotzen du nekazaritza eta abeltzaintzara bideratutako lur azalera handitzea. Horregatik, lur-publikoak kudeatzen dituzten udalen parte hartzea nabarmendu du, «sektorera jende berria erakarri nahi badugu beharrezkoa delako lur horien erabilpenari buruzko hausnarketa egitea. Gai horren inguruan azken hitza udalek duten arren, beharrezkoa ikusten genuen Aldundiak udal guztiek aintzakotzat hartuko duten marko orokor bat zehaztea», gaineratu du.
Salterainen hitzetan, suspertze plan horrek ahalbidetuko du «ez bakarrik aholkularitza lana egitea, baita nolabaiteko interbentzio maila bat ere. Adibidez, baserriratze prozesuetan orain arte aholkularitza besterik ez zen egiten, baina orain planteatzen dena da apur bat interbentzioa ere egitea. Hau da, adinagatik jarduera uztekoak direnei erreleboa topatzen lagundu, bi aldeak harremanetan jarriaz. Arlo horretan, lur-funtsak izugarrizko garrantzia izango du», adierazi du.
Inbertsioei zuzendutako diru-laguntzen inguruan, EHNE Bizkaiako ordezkariak eskaerak egiteko epea otsailetik urrira zabaltzearen garrantzia nabarmendu du. «Lehen bi hilabeteren buruan aurkeztu behar ziren inbertsioetarako plan guztiak, baina aurten edozein momentutan aurkeztu daitezke eskaerak eta, baldintzak bete ezkero, segituan onartzen dira, ez da urte guztian horren zain egon behar».
Era berean, aurrerapausutzat jotzen du nekazaritzara partzialki dedikatzen diren baserritarrek ere inbertsioetarako laguntzak jasotzeko eskubidea izatea. «Gaur egun partzialki lanean ari dena, etorkizun batean egon ahal da egun osoz nekazaritzan lanean. Gainera, guk uste dugu baserriaren garapenaren zati bat bide horretatik etorriko dela, hau da, lanaldi partzialetatik».
Azkenik, EHNE Bizkaiako ordezkariak positiboki baloratu ditu lana eta familia bateragarri egiteko neurriak, baita ordezkapenen dekretuak izan duen aldaketa ere. Izan ere, ordezkapenetarako laguntzak handitu egingo dira eta horretarako, amatasunagatik eta edoskitzeagatik eskaintzen diren laguntzen zenbatekoak handitu egingo dira. «Neurri txikiak ematen dute, baina garrantzi handikoak dira belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko, eta guk uste dugu oraindik asko dagoela lantzeko baserri munduari egokitutako zaintza sistemaren inguruan», amaitu du Salterainek.
Karlos Ibarrondok gertutik ezagutzen ditu baserritarrek dituzten arazoak, ez bakarrik Bizkaiko ENBA nekazal sindikatuko lehendakaria delako, baita bere jaioterrian, Elorrion, haragitarako txerriak eta behiak hazten dituelako ere.
Lehenik eta behin, Bizkaiko ENBAko lehendakari moduan, ze balorazio egiten duzu “Suspertze plana”ren inguruan?
Oso positiboa. Alde batetik, lan egiteko modu berri bat sortu delako. Ukraniako krisiak eragindako mobilizazioen ondoren prozesu bat jarri zen martxan guztion artean irtenbideak bilatzeko. EHNE eta ENBA sindikatuek, LORRA kooperatibak eta Foru Aldundiak gidatutako prozesu horretan, gainera, batzar irekiak egin ziren sektoreko elkarte eta eragileekin, eta ekarpen horien laburpena da suspertze plana. Eta bestetik, garrantzitsua da esatea neurri horiek guztiak ez direla asmo hutsak, baizik eta badutela euren diru-kopurua zehaztuta aurtengo aurrekontuetan.
Gipuzkoan eta Araban inbidia puntu batekin begiratzen dute Bizkaian lortutakoa.
Azken finean, egin dugun gauza bakarra izan da sindikatuak, sektoreko eragileak eta politikariak mahai baten inguruan jarri eta guztion artean irtenbideak eztabaidatzea. Erraza da esatea zein den arazoa, baina irtenbideak bilatzea beste gauza bat da.
Eta baserritar moduan, zein dira une honetan dituzuen kezka nagusiak?
Zalantzarik gabe, errentagarritasuna lortzea, hori gabe ez baitago aurrera egiterik. Eta errentagarritasuna lortzeko ezinbestekoa da inbertsioetarako laguntzak jasotzea, batez ere ustiapenak modernizatu eta lana duintasunez egin ahal izateko. Abeltzainen kasuan, lurraren eskasia da beste arazo handietako bat. Nik limusin behiak eta Basatxerri txerriak hazten ditut eta ez da berdina kortan sartuta edo aire librean haztea. Azkenik, albaitarien eskasi larria dugu, eta lanbide horretan ere behar beharrezkoa da ondo prestatutako gazte jendea sartzea. Guk okela eta esnea ekoizten ditugu eta garrantzitsua da segurtasunez lan egitea.
Suspertze planak arazo horiek konpontzen lagunduko duela uste duzu?
Bai, baina ez diru-laguntza kopuruagatik bakarrik, baizik eta, batez ere, urte guztian zehar laguntza eskaera egiteko malgutasuna eskaintzen duelako. Lehen hilabete bat bakarrik genuen urte osoko diru-laguntzak eskatzeko, baina urtean zehar gauza asko gertatu daitezke. Adibidez, uda beroa baldin badator eta abereentzako estalpe bat jarri nahi baduzu, ezin zara hurrengo urteko deialdiaren zain egon, uda horretan behar duzu. Orain, berriz, edozein momentutan aurkeztu dezakezu laguntza eskaera eta urtea amaitu baino lehen bideratzen dizute.
Eta lur eskasiaren arazoa konpontzeko, ze neurri adostu dira?
Alde batetik, baso-lurrak abeltzaintzara bideratzeko burokrazia asko erraztu da. Lehen oso zaila zen aldaketa egitea, baina orain kudeaketa Basogintza departamendutik Nekazaritza departamendura pasa da eta aldaketa askoz ere bizkorrago egin daiteke. Eta belaunaldi arteko oinordekotzari begira, ustiategien banku bat sortu da, erretiroa hartuko duten baserritarren lurrak sektorean hasi nahi dutenen eskuetan jartzeko. Azken finean, zerrenda bat egitea besterik ez da. Bizkaian ez gara hainbeste.
Lana duintasunez egitearen beharra ere aipatu duzu…
Bai, zalantzarik gabe. Baserria oso lotua da eta ez dugu beste sektoreetan dituzten eskubideak. Ni bakarrik ari naiz lanean eta baliabide teknikoei esker ez nago egun guztian hemen sartuta. Zentzu horretan, plan berri honek hainbat neurri jasotzen ditu lana eta familia bateragarri egiteko, aurrerapen teknologikoei zuzendutako inbertsioak laguntzeko… Eta hori da baserritarrak behar duena aurrera egiteko.