Baserritarrak traktoreekin kolapsatu dira Arabako eta Nafarroako errepideak, protesta egunean

Nafarroako nekazariek antolatutako mobilizazioek Iruñeko saihesbidea (PA30) trabatu dute. Tafallan, Lizarran eta Irunberrin ere arazoak sortu dira. Araban, hainbat lekutatik ateratako 500 bat traktore Gasteizera heldu dira, eta bihar Eusko Jaurlaritzaren egoitzara joango dira.

Nafarroa. Traktoreak. Mobilizazioak

[Testua: eitb.eus / Foto: Foruzaingoa]

Orain astebete Ipar Euskal Herriko baserritarrek egin zuten bezala, Arabako eta Nafarroakoak gaur batu dira Europan hasitako protesta oldera. Traktoreak atera dituzte herriguneetara, nekazaritza sektorearen egoera "jasanezina" dela salatzeko. Hala nola, Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) malgutzea exijitzen dute: ekoizpen prezioak bermatzea, merkataritza askeko akordioen negoziazioak etetea, edo burokrazia arintzea dira eskari nagusiak.

Ingurumari horretan, Europako Batzordeak pestiziden inguruko lege proposamena erretiratuko duela iragarri du, eta berau nekazariekin negoziatuko duela azpimarratu.

Nafarroan goizean goizetik (06:30ean) hasi dituzte protestak. Ehunka traktore errepidera irten dira eta Iruñeko eta beste udalerri batzuetako sarbideak blokeatu dituzte. Mobilizazioak eragin berezia izaten ari dira Iruñeko saihesbidean (PA30), traktoreak hiru puntutan bildu baitira (iparraldean, hegoaldean eta ekialdean), eta 5 km/h-ko abiaduran ari dira gainerako ibilgailuen joan-etorria oztopatzen.

Guardia Zibila ari da trafikoa bideratzen, eta nekazari batzuk identifikatu ditu, mobilizazioak aldez aurretik jakinarazi ez dituztelako.

Foruzaingoak ohar batean jakinarazi duenez, "traktoreen mobilizazio orokorrak" eragin berezia izan du PA30 errepideko puntu estrategikoetan, eta tarteka trafiko etenak dituzte Talluntxe (Noain), Berriozar, Itaroa, Olatz eta Artikako bihurguneetan. Halaber, arazoak sortu dira Tafallan (N-121a), Irunberrin eta Lizarran, besteak beste.