Amaitu dute arrantzaldia Bizkaiko eta Gipuzkoak ontziek: pandemia aurreko kopuruetara itzuli dira. Bertako lonjetan gehiago saldu da.
[Berrian argitaratutako artikulua]
Urtea, oro har, ona izan da Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleentzat. Bertako kofradietan merkaturatutakoak %43 egin du gora, eta salmenten balioak %15, 2022ko emaitzekin alderatuta. Urrian amaitu da aurtengo arrantzaldia, eta Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko Sailak argitaratutako behin-behineko txostenaren arabera, pandemia aurreko kopuruetara itzuli dira: emaitzak 2019koen ia berdinak dira.
2022koekin alderatuta, gorakada handia izan da; batez ere, kofradietan enkantean jarri den arrain kantitatean. Espezien arabera, horrela izan da: hegaluzearena %13 handitu da, berdelarena %38, eta sardinarena %37. Aipagarria da antxoarena, aurreko urtekoa halako bi izan baita (%101).
Hori bi arrazoirengatik gertatu da. Batetik, Bruselak %17 handitu zuelako antxoaren arrantza kuota 2023rako, Bizkaiko golkoan espeziea leheneratu egin delako. Bestetik, eta batez ere, aurten antxoa euskal kostaldetik gertuago arrantzatu dutelako. Horrela, %72 bertako portuetan deskargatu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek. 2022an, antxoa urrunago egon zen, Asturias parean, eta euskal portuetan %46 baino ez ziren izan deskargak.
Arrantzatutakoa bikoiztu izanak eragina izan du, halaber, salmenten guztizko balioan: %171 handitu da. Aurten, arrantzaleek alde izan dute antxoa handiagoa harrapatu dutela eta prezio hobean saldu dutela.
Kezka hegaluzearekin
Sardinaren salmenten balioa %33 handitu da, gehiago arrantzatu baitute. Aldiz, hegaluzearena %13 apaldu da, eta berdelarena %2. Txitxarroarena, berriz, %58 apaldu da. Baina hori kuotaren murrizketa handiari zor zaio —%96koa 2023an—, eta ez prezioari, gora egin baitu.
Izan ere, antxoa eta txitxarroa salbuespena izan dira, beste espezie guztietan jaitsi egin baita salmenta prezioa, azken urteetako joerari jarraituz.
Arrantzaleak hegaluzeak kezkatzen ditu gehien. 2023an, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan %7 handitu dira deskargak, baina salmenten balioa %16 apaldu da bertako lonjetan. 2022an gertatu zen bezala, udan geldialdi batzuk egin dituzte, eta kanpaina urrira arte luzatu dute prezioa igotzeko asmoz, baina horrek ez du ia eraginik izan.
Gainera, etekina txikiagoa izan zitekeen, ez balitz hegaluzea euskal kostaldetik gertuago harrapatu dutelako beste urte batzuetan baino. Euskal portuetan arrantzatutakoaren %74 deskargatu dute, batez ere Getarian (% 51), Hondarribian (% 30) eta Bermeon (%10). Eta batez beste 3,31 euro ordaindu da kiloa. Kanpoan, zertxobait gehiago: 3,92 euro.
Gutxiago jaten da
Txostenean, Jaurlaritzak beste datu bat nabarmendu du: arrainak pisu txikiagoa duela erosketa saskian. 2022ko datuekin alderatuta, ondorioztatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek, batez beste, 2021ean baino %17 gutxiago gastatu dutela arrainean, eta kontsumoa %22 apaldu dela —13,3 kilo pertsonako eta urteko, batez beste—.
Pandemian, kontsumoak gora egin zuen, baina 2013. urteaz geroztik joera da gero eta arrain fresko gutxiago kontsumitzea. Hala ere, handitu egin da kontserben, itsaskien eta moluskuen kontsumoa.