Behi, zaldi eta ardiek mendietako larreak mantentzeko betetzen duten funtzioa

[Gara/Naiz] ERREPORTAJEA: GANADURIK GABE, ZER?

Lanbide gogorra da abeltzainarena. Kostuak handiak dira eta etekinak gero eta txikiagoak. Gutxi batzuk bakarrik daude ofizioarekin jarraitzeko prest eta pixkanaka desagertzen ari da. EHUko ikerlari batzuek, ordea, abeltzaintza desagertuko balitz jasango genituzkeen galerak aztertu dituzte muturreko egoera hori simulatuz.

Euskal paisaiaren koadro bat pintatzeko eskatuko baligute, norbaitek kostalde urdin bat pintatuko luke agian, iluntze laranja bat eta hodei lodi grisak urrunean. Mendi magal bat pintatzea erabakiko du beste norbaitek, zelai bat. Ardiak, zaldiak eta behiak marraztuko ditu. Izan ere, hain ezaguna zaigun azken euskal paisaia tipiko hori edonon aurki dezakegu eta gure kulturaren parte ere badela esan dezakegu. Baina egungo bizimodu eta erritmoak artzaintzaren beherakada ekarri du, eta horrek ondorio desberdinak ekar ditzake. Galera kulturala agerikoena bada ere –nolakoa izango litzateke Euskal Herria mendietan abererik egongo ez balitz?–, galera sozioekonomikoa ere garrantzitsua da, eta, nola ez, baita ekologikoa ere.

Azken puntu horren inguruan gogoeta egiteko, EHUko hainbat ikerlarik ikerketa bat hasi zuten 2005ean. Orain, hamar urteren ostean, emaitzak bildu eta “Applied Soil Ecology” sona handiko nazioarteko aldizkari zientifikoan artikulu bat argitaratu dute honako izenburuarekin: “Atlantikoko mendietako larreetan artzaintza desagertzearen inpaktua landare eta lurzoruko mikrobio komunitateetan”. EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko lantaldea Neiker-Tecnaliako hainbat kiderekin aritu da elkarlanean ikerketaren atal batzuk aztertzeko.

Arantza Aldezabal taldeko kideak kontatu digunez, 2005ean ikerketa martxan jarri zuten artzaintza desagertuko balitz zein modutan eragingo lukeen jakin nahi zutelako. «Zerbait dugun bitartean ez dugu baloratzen baina galtzen dugunean konturatzen gara zer genuen, eta askotan berandu izaten da jada berreskuratzeko», nabarmendu du adituak.

Aldazabalen esanetan, zorionez Euskal Herriko haran atlantikoetan nahiko ongi ari da mantentzen mendietako abeltzaintza. «Oraindik mendira igotzen diren artaldeen esneaz gazta egiten da eta hori salduz badirudi artzainek nahiko ongi mantentzen dutela beraien sistema, ekonomia nahiko sostengarria izatea lortu dute. Baina Araba aldera joaten bagara artaldeak galdu egin dira jada. Eskualdearen arabera, aldakorra da egoera, baina artzaintzaren galera da joera orokorra», azaldu du Aldezabalek. […]


 

Artikulu osoa: IKUSI HEMEN

Foto: Txindoki CC-By-Nc