Bideoa: Esne ekologikoa eta sektorearen egoera (Aitor Aranburu)

[Zuzeu]

Asteartean galdera bat jarri nuen mahai gainean. Kaikuk honakoa baieztatzen du bere iragarkietan: “Euskal Herrian jaso eta ontziratzen den esne bakarra. Km0”. Egia al da hori? Gezurra ote? Erdipurdi? Oraingoz 117 lagunek bozkatu duzue, eta inkestaren emaitzak garbiak dira:

    • EZ: 88 boz, %75,21
    • BAI BAINA EZ, EZ BAINA BAI: 21 boz, %17,95
    • BAI: 8 boz, %6,84

Inkestan planteatzen ziren hiru erantzun posibleetatik, eta bildu dudan informazioa kontutan hartuta, neronek (ene iritzi apalean) lehen aukera hautatu dut galderari erantzuteko: ez.

Ez da Euskal Herrian jaso eta ontziratzen den esne bakarra; Igeldoko esnearen adibidea daukagu, esaterako, eta esne asko ontziratzen dute baserritar edo elkarte txikiek. Behiekok kristala erabiltzen du, beste askok plastikoa, eta Igeldokoek tetrabrika. Beste kontu bat esnearen tratamendua da: gordina, pasteurizatua, uperizatua edo esterilizatua… Industriaren ohiko esnea UHT da (uperizatua), nahiz eta esterilizatua ere egin, eta Kaikuren kasuan “Gurea Eusko Label” pasteurizatua ere badute. Europan ohikoena pasteurizatua edatea da (astebete irauten duena), hemen berriz uperizatua (hilabeteak iraun ditzake hotzaren beharrik gabe). Geroz eta ikerketa gehiagok esne gordina edan beharko genukeela diote, baina hori beste gai bat da.

Bertakotasunaren aldarri honek badauzka mila zirrikitu. Kaikuk, euskaldunak izateaz harro bagaude bertako produktuak kontsumitzeko eskatzen digu, baina ez dute irizpide bera erabiltzen behiei jaten ematerako orduan, bistan dena, soja eta bestelakoak normalean itsasoz bestaldekoak baitira. Horretaz gain, kanpaina honen lema indartsuak badu beste koskaren bat. Kaikuk jasotzen du esnea Euskal Herrian, bai, baina kanpoan ere; beraz, marka honetako esnea edaten egonez gero, ez dago bermatuta esne hori hemengoa denik. Azkenik, ez genuke ahaztu behar, jabetzari dagokionez, bederen, Kaiku jada ez dela enpresa euskal herritar bat, kapitalaren gehiengo handia EMMI multinazional suitzarrarena delako (jaitsi “discover our brands” jartzen duen atalera eta bertan ikusiko duzue Kaiku). Euskal Herria Esneak prentsaurrekoan esandakoaren arabera, EMMI-k kapitalaren %66a dauka bere esku.


Jatorrizko iturria, ZUZEU.ean: http://zuzeu.eus/euskal-herria/esne-ekologikoa/