Palestinarekiko Elkartasun Plataformak deitutako manifestazioa Jesusen Bihotzetik abiatu da. 18:00etan, beste manifestazio bat egingo dute Iruñean, "su-etena" eta "genozidioaren amaiera" eskatzeko.
Milaka lagunek parte hartu dute gaur Bilbon Palestinarekiko Elkartasun Plataformak "Palestinako herriari eta bere erresistentziari babesa emateko" deitutako manifestazioan. Arratsaldean, 18:00etan, beste manifestazio bat egingo dute Iruñean, hainbat kolektibok deituta, "su-etena" eta "Palestinako genozidioaren amaiera" eskatzeko.
Bizkaiko hiriburuko manifestazioa eguerdi aldera abiatu da, Jesusen Bihotzetik, eta Israelek Palestinaren aurka abiatu duen "azken urteetako eraso kriminal handienetako bat" salatu dute milaka pertsonak (antolatzaileek zein erakundeek emandako datuen faltan). "Gazako herritarren %10 hil ditu Israelek urtebetean, hau da, 50.000 pertsona inguru; 16.000 adingabe baino gehiago tartean", adierazi zuten antolatzaileek manifestazioa deitu zutenean.
Gaurko protestaren aurretik, plataformako zenbait kidek 24 orduko "elkartasun baraualdia" egin dute Iruñean, Sakanan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon, eta, aldi berean, Palestinan gertatzen ari denaren berri emateko bestelako ekintza batzuk antolatu dituzte.
Ekimenarekin "kontzientziak xaxatu" nahi dituzte, "indarrak batu eta mobilizatzeko"; izan ere, "oso garrantzitsua da", horien ustez, "Israelen proiektu sionista desnormalizatzea, borrokatzea eta boikotatzea, eta estatu terrorista babesten dutenak jomugan jartzea".
Bestalde, zenbait kolektibok beste manifestazio bat deitu dute Iruñean, 18:00etan, "su-etena" eta "Israel Palestinan egiten ari den genozidioa amaitzea" eskatzeko. 'Genozidio bat, 76 urteko erresistentzia' lelopean deitutako manifestazioa, besteak beste, Palestinako Brigadek, Palestinaren aldeko Suhiltzaileek, Su-etenaren aldeko Osasun langileek eta Su-etenaren aldeko Irakasleek babestu dute.