Bizkaiko Foru Aldundiak, gaurko gobernu kontseiluan, nekazaritza-sektorerako laguntzen deialdia onartu du. Laguntza hauen bidez mendialdeetan eta lurraldeko beste eremu behartsuetan nekazaritza-ekoizpenak dituen zailtasunen ondoriozko kostu gehigarriak eta diru-sarreren galerak konpentsatuko dira.
Laguntza hauen zenbatekoa 2.554.922 eurokoa da eta hartzaileak gure lurraldean nekazaritza-ustiategien titularrak diren pertsona fisiko eta juridikoak dira, eta lehia askeko erregimenean banatuko dira.
Dirulaguntza hauen helburua bikoitza da, Aldundiaren arabera. Lehenengoa eremu horietako ehun sozioekonomikoa indartzea da, mendiko nekazaritzako eremuetan eta mendiko nekazaritzako eremu horiez bestelako mugaketa natural esanguratsuak dituzten eremuetan nekazaritza-sistemei eusteko. Bi lerro hauek bateragarriak dira euren artean eta diruz lagundu daitekeen gehieneko azalera 30 hektareakoa izango da ustiategiaren titularra pertsona fisikoa bada, eta 60 hektareakoa pertsona juridikoa bada.
Lortu nahi den bigarren helburua landa-inguruneko eta bere inguruko bizi-maila parekatzea da, eta nekazarien bizi-baldintzak eta lan-baldintzak eta animalien ongizatea eta higienea hobetzea, eta hau guztia natura-baliabideen ustiapen jasangarri baten barruan eta natura-ingurunea errespetatuz egitea.
Laguntzen dekretu hau Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean eta eskaerak aurkezteko epea bat etorriko da 2024ko Eskaera Bakarrerako ezarritakoarekin, eta luzatu ahal izango da, hala badagokio, Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) ezarritako izapide hori egiteko epea luzatzen den neurrian.