Busturialdeko udal ordezkarien gehiengoa Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurka agertu da Muruetan egindako agerraldian. Halaber, larunbaterako deituta dagoen manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute.
[naiz:]Agerraldia egin dute Busturialdeko hainbat alkate eta zinegotzik Muruetan, eskualdeko udal ordezkarien gehiengoa Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurka dagoela aldarrikatzeko. EH Bildu, Guzan, Armendu eta Murueta Independiente taldeetako alkate eta zinegotziek hartu dute parte eta Jose Ramon Buli Gernika-Lumoko zinegotziak eta Olatz Pujana Muruetako zinegotziak hartu dute hitza denen izenean. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak larunbat honetarako deitu duen mobilizazioarekin bat egiteko gonbita luzatu diete herritarrei.
«Azkenaldian Busturialdea eztabaida publikoaren erdigunean kokatu da EAJ-PNV eta PSE-EEk gidatzen dituzten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gure eskualdean bultzatu nahi duten Guggenheim Museoaren proiektua dela eta», hasi dute hitz hartzea. Haiei buruz haiek gabe hitz egiten ari direnaren sentipenak bultzatu ditu agerraldia egitera eta argi utzi nahi izan dute Busturialdeak dituen «premia eta behar sakonak» ez dituela proposatutako proiektuak konponduko. Horrela, adierazi dute ez dutela proiektuarekin bat egiten, «ez formengatik eta ez muinagatik».
Ez dute sinesten Guggenheim Urdaibaik ekosistema babestuko duenik, haien aburuz, «Biosferako Erreserbaren helburuen kontra doa eta turistifikazioaren zein eredu ekonomiko tertziarizatuaren aldeko apustu horrek ez die onik ekarriko ez ekosistemari ezta eskualdeko beharrizan sozioekonomikoei». Halaber, gobernantza ereduaren ikuspuntutik, ez zaie onargarria iruditzen eskualdearen etorkizuna baldintzatuko duen proiektu bat «inposatu» izana, «bertoko herritarrekin kontatu gabe». Eredu honen aurrean, argi adierazi dute «Busturialdeko etorkizuna Busturialdean erabaki behar» dela.
Begi onez ikusten dute Lakuako Gobernuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak entzuteko borondatea dutela adierazi izana, baina kontuan hartu ditzaten ere eskatu dute: «Ez dugu onargarria ikusten alde batetik herritarrak entzungo direla esatea eta bestetik proiektu hau bai ala bai egingo dela esatea».
Erroko aldaketen beharra aldarrikatu dute eta gogora ekarri dute «aspalditik» ari direla eskatzen eskualdeak «hausnarketa eta entzuketa» fase bat behar duela, bertan hartu beharreko neurriak zehazteko. «Horretarako garaiz gaude», adierazi dute.
Hori dela eta, «Busturialdeak gehiago merezi duelako», dei egin dute larunbateko mobilizazioarekin bat egitera.