EHNE-Bizkaiak alegazioak aurkeztuko dizkio Eusko Jaurlaritzak prestatutako Emakume Baserritarren Estatutuaren proiektuari. Emakume Baserritarren Estatutua sindikatuak aspalditik egiten duen eskaera da. Horrelako tresna bat martxan jartzea positiboa da berez, baina EHNE-Bizkaiaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proiektua irakurri ondoren, hainbat alderdi hobetu behar dira, eta horretarako dagozkion alegazioak aurkeztuko ditu.
Alegazio horiek prestatzeko, sindikatuko emakume-talde batek bilera bat egin zuen, eta lehen balorazioa izan zen duela 25 urte ohiz kanpokoa izan zela, baina une honetan oso gauza gutxi da, gizarte-arloan egin diren erreformek eta aurrerapenek indarra kendu baitiote Estatutuari.
Emakume Baserritarraren Estatutuak berak honako hau adierazten du: «emakume nekazaria da bere guztizko errentaren % 50 gutxienez nekazaritza-jardueretatik edo jarduera osagarrietatik lortzen duena, betiere nekazaritza-jardueratik zuzenean eratorritako errentaren zatia bere guztizko errentaren % 25 baino txikiagoa ez bada, eta nekazaritza-jardueretan edo jarduera osagarrietan emandako lan-denbora bere guztizko lan-denboraren erdia baino handiagoa bada». Kontua da nola definitu lan-denbora, NLUekin (Urteko Lan Unitatea) neurtzen delako, eta nekazaritza-produktuen eraldaketa eta merkaturatzea NLUtzat jotzen denetik kanpo geratzen direlako.
Eta, kasu gehienetan, eraldatzea eta merkaturatzea izaten da emakumeek egiten duten lana, nekazaritza-ustiategietan eraldatu eta merkaturatzen direnean. Emakume asko emakume nekazariaren figuratik kanpo geratuko lirateke, emakumeek nekazaritza-ustiategietan egin ohi izan dituzten jarduerak Estatutuan «emakume baserritar» gisa definitzen denetik kanpo geratzen direlako.
Informazio osoa eta alegazio zehatzak Etxalde 2. zenbakian, 6-9. orrialdeetan.