ELBk bertako ardi saila babesteko ekintza egin du Hazparnen

Zelanda Berritik hedu den bildots haragiaren presentzia kezkagarria salatzeko, ELBko kideek Intermarche supermerkatuko haragi saila hustu dute atzo, martxoaren 26an.

ELBk bertako ardi saila babesteko ekintza egin du Hazparnen

[kazeta.eus]

Pazko sasoi honetan, Ipar Euskal Herriko supermerkatuetan Zelanda Berritik heldu den bildots haragiaren presentziak ELBko kideak kezkatzen ditu. «Zentzugabekeria hori salatzeko», laborariak Hazparneko Intermarche-ra abiatu ziren 11:00etan, Zelanda Berritik heldu den haragi saila hustera.

«Hazparnen laborari ainitz badira eta ikusten dugunean gure supermerkatuan Zelanda Berriko bildotsa saltzen dutela, hemen baserrialdean, probokazioa da guretzat», azaldu du Laurent Blastre Hazparneko ardi hazlea eta ELBko kideak. Betidanik salatzen duena salatu du gaur ere sindikatuak: bertako laborantza hiltzen ari den merkatu librea.

Nahiz eta ELBko kideak bertako produktuak ikusi dituen, Axuria adibidez, bildotsa ainitz kontsumitzen den garai honetan, Zelanda Berriko haragia ez dela presente izan behar pentsatzen du; «konkurrentzia desleiala da». Izan ere, Zelanda Berritik heldu den 2022ko bildots izoztua 9.99 eurotan saltzen dute, eta 2023koa 8.99 eurotan. «Iduri du bildotsa arnoa bezala dela, zahartzean balioa hartzen duela», kritikatzen du.

Beraz, haragi saila hustu dute: «bazuten erreserba, izan kongelatua edo freskoa, jakinda 2022ko haragi kongelatua badela». Bertan hartutakoa 'Table du soir' elkarteari emanen dio ELBk. «Jende ainitz bada beharrean eta ezin asmatuzkoa da guretzat hori botatzea, pertsona horiek biziki pozik izanen dira», zehaztu du Laurent Blastrek. Hala ere, zikiro bat atxiki dute pakete batean jartzeko eta Marc Fesneau frantziar Estatuko Laborantza ministroari igorzeko. «Nonbait, berak eta bere gobernuak dituzte merkatu libreko akordioak izenpetzen, gu kakan ezarriz», dio, haserre, Hazparneko laborariak.

Frantziar Estatu mailako aldaketen beharra

«Gauzak ez badira nazio mailan aldatzen, ezin dut gauza handirik egin», azaldu du François Sabaloue, Hazparneko Intermarche supermerkatuaren zuzendari administratiboak. «Laborari seme izanki hunkitzen nauen borroka bat da, ulertzen ditut», azpimarratu du. Hala ere, usteen kontra, gauzak aitzinatzen direla adierazi du, «baina ez aski fite seguru aski». «Maleruski, oraindik holako anomaliak baditugu, baina Intermarche taldearen hautuak dira. Nire medio ttipiekin mezua pasarazten saiatuko naiz, holakorik ez gehiago gertatzeko», azaldu du Sabalouek. Hala ere, Zelanda Berriko bildots haragi hori noizean behineko salmenten barne dela azpimarratu du zuzendariak.