Elikadura burujabetza helburu duten esperientziak Hegoa Institutuaren Baserritik Mundura ikastaroan [Etxalde 19]

Hegoa institutuak elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren inguruan antolaturiko «Baserritik mundura: gure elikaduraren etorkizuna jokoan» ikastaroaren baitan, elikadura burujabetza praktikara eramaten duten esperientzia ezberdinei buruzko mahai ingurua ospatu zen Ainhize-Monjolosen, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) egoitzan.

BIOASKARIA

Bioaskaria 2011. urtean sorturiko irabazi asmorik gabeko elkartea da. Behi haragi hazleak biltzen dituen taldea da, jantoki publikoek deitzen dituzten lehiaketetan parte hartu ahal izateko sortu zena. Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantsesean, oro har, eskolek sukalde propioa dute eta lehiaketa publikoak antolatzen dituzte elikagaiak eskuratzeko. «Deialdi publiko horri erantzuteko talde egitura hartu beharra zen. Deialdiak urte baterako dira eta behar da taldetu, erantzun bat emateko. Etxalde bakoitzak, bakarrik, oso zaila da eskola baten beharrei erantzutea», azaldu zuten Bioaskariatik.

Hamar ekoizlek osatzen dute Bioaskaria eta jantoki kolektiboetan janari ekologiko gehiago sartzeko ahalegina egiten hasi ziren, Biharko Lurraren Elkartearekin (BLE). Lizeoarekin elkarlanean ari dira eta bertako 27 eskolatako sukalde publikoek txahal edo behi oso bat kontsumitzeko konpromisoa hartu dute. «Beraien artean antolatzen dira eta horrela Bioaskariak txahal edo behi bat osorik saldu dezake».

Lehiaketa publikoak lan handia eskatzen duela azpimarratu dute, orekatu egin behar baita menua. Jantoki kolektiboekin izandako harremana azpimarratu zuen, baita ere.

2015ean hamar tona haragi saldu zituzten, 33 txahal eta 15 behi. Bioaskariak hasieratik modu autonomoan lan egitea erabaki zuen, ez dute langilerik. Badute animatzaile bat, arlo administratiboa-eta lantzen duena, baina bestelako lana laborarien artean partekatzen dute: jantokiekin harremana, ganadua hiltegira eramatea, gero jantokietara eramatea, fakturazioa...

Eskolak etxaldeetara bisitak egitera animatzen dituzte, ikusi dezaten nolakoa den ekoizpen ekologikoa, «hori biziki inportanta da, ez baizik saltzea, baita haurrekin harremana izatea eta pedagogia egitea».

Etorkizunera begira ikusten dute Bioaskarian parte hartzen duten laborariek denbora falta dutela. Gogoeta egiten ari dira, gazte bat lanerako hartu edo ez erabakitzeko.

Laborarien eta sukaldarien zuzeneko harremana beharrezkoa dela azpimarratzen dute, eguneroko tratu hori ondo lantzeak proiektuaren iraunkortasuna asko lagundu dezakeelako.

AZKORRIA

Duela 10 urte 16 familiek kooperatiba bat egitea erabaki zuten, gazta egiteko ardi esnearekin. Horrela sortu zen Azkorria kooperatiba, Zuberoako Muskildi herrian.

2006ra arte industriari saltzen zioten esnea, oso prezio apaletan, eta beti ziren arazoak honek inguruan. Egoera horren inguruan 3-4 egun erdi egiten ditu gasna laborari pentsatzen hasi ziren, zerbait kolektiboa egiteko beharraz, bakarka egin beharrean. Bi urtez proiektua lantzen aritu eta gero, martxan hasi ziren eta 2004ean, proiektua zabaldu zutenean, laborari gehiago bildu ziren ekimenera. Kooperatiba 2005ean muntatu zuten eta 2006ko urtarrilean egin zituzten lehenengo gaztak.

Gaur egunean 400.000 litro esne ekoizten dituzte eta 60.000 tona gazta egiten dituzte Ossau-Iraty sor markan. Gazta egiteko langile bat dute kontratatua, beste bi laguntzaile, idazkari bat eta koordinatzaile bat. Horretaz gain, laborari bakoitzak hiru baina momentuz ez dute laboraririk aurkitzen. Hori dela eta, joan den urtean esnea erosi beharrean aurkitu ziren. Erosi ordez, beraien lehentasuna da proiektura laborari gehiago biltzea.

VISTA ALEGRE

Vista Alegre baserriko Helen Groomek bere ustiategiaren abiapuntua zehaztu zuen lehenik eta behin: «politika instituzionalak bultzatutako bidean egon ginen, hektareako behi gehiago, behiei pentsu gehiago eman, behi bakoitzari esne gehiago eskatu... nahiz eta egia esan beti zaindu izan dugun esnearen kalitatea, ez bakarrik kantitatea». kantitatea». Egoera horretan behien osasuna eta esnearen kalitatea okertzen ari zirela konturatu ziren eta menpekotasuna gero eta handiagoa zutela, «produktu kimiko gehiago, plastiko gehiago, pentsu gehiago, lan ordu gehiago...».

Sistema honek ingurumenaren aldetik arazoak sortzen dituela zehaztu zuen Helen Groomek eta kontsumitzaileekiko ez dagoela batere harremanik.

Esnea transformatzen hasi aurretik, hala ere, duela 15 urte hasitako desintentsifikazio prozesua azpimarratzen du, pentsu gutxiago emanez eta esne kopuruak behera egingo zuela jakinik. Behiko 30 litrotik 20ra jeitsi ziren, gutxi gora-behera. Prozesu horretan behi kopurua ere jeitsi dute, jezten 40-45 behi izatetik 20-25era pasatuz.

Desintentsifikazio prozesu horretan behien osasunean hobekuntza nabaria igarri dute, albaitaritza gastuak asko gutxituz eta esnearen kalitatea ere hobetu egin da. Bide horretan emandako beste jauzi bat ekoizpen ekologikora aldatzea izan da, transgeniko, produktu kimiko eta antibihotikorik gabe. 2011an hasi zuten errekonbertsio prozesua eta 2013an eskuratu zuten ekoizpen ekologikoko ziurtagiria. Horrekin batera, gaztategi txiki bat eraiki zuten, hau ere 2011an. Agroekologiaren ikuspuntutik pentsatutako proiektua dela zehaztu zuen Helen Groomek. «Geure esnea erabiltzen dugu bakarrik, produktuaren trazabilitate osoa eskeintzen dugu, energia menpekotasuna gutxitzeko eguzki plakak jarri genituen nahiz eta oraindik ere dependentzia handia dugun. Ekoizten dugun esnearen %50-60 geuk transformatzen dugu eta gainontzekoa kooperatiba bati ematen diogu. Gure esnekiak azoketan, dendetan, gaztandegian edo kontsumitzaile taldeen bidez saltzen ditugu. Inoiz ere ez azalera handiko dendetan, ezinezkoa delako bezeroei azaltzea zer den gure produktua». Garrantzia handia ematen diote informazioari. Etxaldeari buruzko informazioa, ekoizpena eta produktuen ingurukoa, interneten dute ipinia.

Zailtasunei dagokienean, lur aldapatsuak dituztela eta ereiteko zailak direla dio Helenek, eta lur gehiago lortzea ere oso zaila omen da. Albaitari alternatiborik gertu ez izatea da beste zailtasun bat eta baita transgenikoen mehatxua. Sojarik gabeko pentsua eskuratzeak ere bere zaintasunak ditu, «ikuspuntu agroekologiko batetik sojarik gabeko pentsua nahi dugu, sojarik ez baitago inguruan eta urrunetik ekarri behar baita, nahiz eta ekologikoa izan». Merkatua egitea ere oso zaila dela dio, kontsumo ohiturak beste bide batetik doazelako eta baita hezkuntza ere. «Azpimarratu beharreko beste gai bat lan taldearen gatazkak konpontzea da, ezberdinak gara eta aberasgarria da, baina horrek zailtasunak ere ematen ditu». Bideragarritasunari dagokionez, aipatzen du lehen bi pertsona zeudela 40-45 behi eta «bideragarritasun eskasarekin». Orain 20 behirekin bost pertsona daude lanean eta seigarren bat hasteko, hilero soldatarekin eta gizarte segurantza ordainduta. «Gizarte arloan autoestimua hobetzeko balio izan du, lanpostuak sortu ditugu, produktu ona egiten dugu, kontsumitzaileekin harremana dugu...».

Orain daukaten behi kopurua ipini dute mugatzat, «bestela berriro intentsifikazio prozesu batean sartuko ginateke. Hori baino nahiago dugu beste norbaitek inguruan antzeko beste proiektu bat martxan jartzea».

EHLG

Panpi Olaizolak Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sorrera eta bilakaera izan zituen hizpide. Testuinguran jartzeko, frantziar Estatuaren izaera zentralista gogoratu zuen, Departamentuen bidez nekazaritza politika kudeatzen duena. Erakundetze modu honek nekazaritza eredu industriala eta produktibista bultzatu du eta bultzatzen du. «Euskal Herrian bada eskari bat, hemen laborantza ezberdina da, mendi asko dago», azpimarratu zuen. Horretaz gain, testuinguru horretan ulertu behar da 80ko hamarkadan Euskal Laborarien Batasuna sindikatua sortu izana. «Paueko Laborantza Ganbarako ordezkariak aukeratzeko ELB zen nagusi bozetan Euskal Herri mailan, baina Departamentu mailan ez zen gehiengoa», azaldu zuen. «Bada urte batzuk galdegina zena sortzea Laborantza Ganbara bat Euskal Herrian, gure lurraldea errespetatzen zuena eta hemengo hauteskudeen emaitzak errespetatuko zituena».

Batera plataformak, era berean, hainbat aldarrikapen egiten zituen garai hartan, duela 15 urte inguru: Unibertsitatea Euskal Herrirako, euskararen ofizialtasuna, Departamentu propioa eta Euskal Herrirako Laborantza Ganbara. Aldarrikapen horietan aurrera egiten ez zenez, Euskal Herriko Laborantza Ganbara propioa sortzea erabaki zuten, juridikoki elkarte izaera duena, Estatuak ez baitio laborantza ganbara izaera onartzen. Jarrera oldarkorra izan zuen Estatuak EHLGren kontra, bost urtez auzibidean izan zen Laborantza Ganbararen zilegitasuna, baina «auzi guziak irabaziak izan dira».

EHLGk diru baliabide urriak ditu baina laborantza ganbara batek egiten duen lan berbera egitea du helburu. Hamaika urteren buruan 17 langile ditu EHLGk eta 800.000 euroko aurrekontua. Laborantza Ganbararen Lagunek eginiko ekarpenek aurrekontuaren laurdena suposatzen dute. Hastapenetan erakunde publikoek laguntzarik eman ez bazuten ere, momentu honetan Akitaniako eskualdeak diru laguntza ematen du. Departamentuak, aldiz, proiektu konkretuei loturiko laguntza ematen du. Aldika izaten diren proiektu publikoetarako lehiaketetara ere aurkezten dira.

Etorkizunerako erronkei begira, Euskal Herrirako Laborantza Ganbara ofizial bat aldarrikatzea aipatu zuen Panpi Olaizolak.


ETXALDE 19: IKUSI HEMEN