Eragile sozial eta sindikalak akusazio popular gisa onartuak izan gara «Kutxabank kasuan»

Hainbat eragile sindikal eta sozial (LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, EKA, Euskal Herriko pentsionisten plataforma), Bilboko instrukzioko 4 zenbakiko epaitegiak daraman auzian akusazio popular gisa onartuak izan gara. Bertan Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafa Alcorta inputatuta daude Kutxabanken izandako gertakarien harira fiskaltzak ezarritako salaketaren ondorioz. Apirilaren 16 eta 17an izango diren inputatuen konparezentzian ere izango gara.

Eragile sozial eta sindikalok akusazio popular gisa onartuak izateko baldintza guztiak bete ditugu eta egin beharreko tramite guztiak burutu ditugu. Dokumentazio guztia esku artean izango dugunean eta inputatuen agerraldien ostean gure balorazioa plazaratuko dugu.

Prozedura honetan pertsonatu ostean, euskal herritarrei aukera luzatu nahi diegu garrantzitsu ikusten dituzten datuak aportatu ditzaten iruzur hau betikotu ez dadin eta iruzurrezko jokaera hauek berriro gerta ez daitezen.

Ondoko arrazoiengatik erabaki dugu akusazio gisa pertsonatzea:

– Caja Sur-en erosketa izan zenetik eta Euskal Kutxen pirbatzazio prozesua hasi eta Kutxabank bankua sortu zenetik, gutxienez, izan diren jokaera, irregulartasun, mesede tratu eta itzal politikoa argitara eraman nahi ditugu.

– Euskal Kutxen likidazioa urteetan erakunde finantziario hauetan beren aurrezkiak ezarri dituzten pertsonen kontrako iruzur izugarria da.

– Kapital finantziarioari akzioak saltzea, Caja Sur bezalako erakundeak erostea, putre fondoetara aktiboak saltzea, erakunde publiko eta asanbladei Kutxen kontrola kentzea, Xabier Villalabeitia kasua bezalako kontratazio eskandalugarriak egitea…Hauek denak iruzurra posible egiten duten tresnak baino ez dira, eta arduradun politikoak dituzte: PNV, PP eta PSE.

Gai guzti hauek agerian utzi nahi ditugu eta epaitegi honetara beharrezko ikusten ditugun jarduketak eramango ditugu.

Ondorioz, Euskal Kutxen likidazioa eta Kutxabanken pribatizazioan atzera egitea exijitzen dugu, erakunde hauen karakter publiko eta soziala bultzatuz langile aurreztaile eta euskal jendartearen interesen kontrako jokaerak behingoz mozteko.


Komunikatua gaztelaniaz: hemen ikusi.