EREIN BEHARREKO HAZIAK: HAMAR EGUN BRASILGO VIA CAMPESINAREKIN [ANTXOKA AGIRRE/GARA]

[GARA/NAIZ ERREPORTAJEA] Lehen sektoreari gehiegi begiratu gabe bizi denak ere badaki kuadrillako pare bati otar bidez ortutik zuzenean ekartzen dizkiotela barazkiak. Esnearen inguruan egon diren gatazken berri ere izango zuen akaso. Edo konturatu da labela duen tomatea harria baino gogorrago egoten dela normalean. Begia gehiago zorroztuko balu, ordea, bertako nekazari askok apustua egin duela ere ikusiko luke, eta harrituta geldituko litzateke apustu horren dimentsio politiko eta eraldatzaileaz, akaso. Horretara eraman gaituzte EHNE-Bizkaia, Bizilur eta Etxaldek Brasilera, begia zorroztera.

Gehiegi begiratu gabe bizi den horrek labela duen tomatea baztertu eta «en rama» deritzona –Eroskin erosi badu «sortakoa» ere jar dezake txarteltxoan– erosiko du hurrengoan, bigunagoa, baina zaporerik gabea izan arren. Eta hurrengoan «Raf» motakoa, jateko modukoa, baina haragirik gabea, edo «Cherry» hori, tomatetik bezainbeste mahatsetik duena. Eta pentsatuko du, agian, ez dela tomate garaia, baina «aizu, tomaterik gabeko entsalada bat, hori ez da fundamentua» esango dio bere buruari.

Izan daiteke gehiegi begiratu gabe bizitzea hautatu duelako, edo beste interes batzuk dituelako, edo ezarrita dauden kontsumo ohituren indarragatik, edo nekazaritza ekologikoarena burges txikien moda mistiko bat iruditzen zaiolako, edo topikoetatik haratago iristeko tarterik hartu ez duelako, baina ez dio buelta gehiago emango kontuari.

Begiak zorroztuko balitu, ordea, ikusiko luke apirilaren 17an Nekazarien Borrokaren Eguna izan dela munduan, eta elikadura burujabetzaren alde egiten dela borroka hori. Edo AEBak eta Europar Batasuna euren arteko merkataritza liberalizatzeko TTIP akordioa ari direla fintzen; sekretuak direla negoziazioak, eurodiputatuei ere ez zaiela aitortzen dokumentazio hori publiko egin eta zabaltzeko aukera, baina, aldi berean, multinazionalek euren tokia dutela mahaian. Negoziazio horien barruan, egunotan Europar Batasunak 19 transgenikoren komertzializazioa baimendu duela ere irakurriko luke, agian.

Edo, jakingo luke 2017an Euskal Herrian ospatuko dela Via Campesinaren mundu mailako Konferentzia.

Via Campesina izena ezaguna suertatuko zaio akaso, baina izana kontu lausoagoa irudituko zaio ziurrenik. Ez du jakingo munduko mugimendu sozial handiena dela, Afrikako, Amerikako, Europako eta Asiako 73 herrialdeko eta 164 erakundeko (tartean EHNE-Bizkaia; jatorriaz, Basque Country/Spain dio VCren webguneak) 200 milioi nekazari, abeltzain eta artzain biltzen dituena. «Hiru mugimendu bakarrik daude mundu mailan antolatzea lortu dutenak: kapitalismoa, Eliza eta Via Campesina», entzun dugu hainbat aldiz egunotan Brasilen.

Aurtengo irailean Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herritik pasako da. 2016an Europako kultur hiriburu izango da Donostia. Eta 2017an munduko nekazarien bilgune bihurtuko da Euskal Herria. Bada zerbait.

Via Campesinaren apustua

1993an sortu zen Via Campesina. Urte hartan mundu mailako arantzelen arauketarako GATT akordioak gauzatu ziren, nekazaritza politikarako eredu neoliberala eta produkzio eredu industriala globalizatzeko pausu garrantzitsu izan zirenak, eta nekazariak konturatu ziren negoziazio haietan ere euren ahotsa ez zela entzun. Antolatzeari ekin zioten eta, elkarlanean eta borroka asko eginez, gutxinaka Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO) edo Giza Eskubideen Kontseilua bezalako mundu mailako erakundeen eztabaidatan erreferente bat izatea lortu dute. Bide horretan guztian mugimendu anitza eta egituraketa horizontalekoa eratu du Via Campesinak, eta mundu mailako sei Konferentzia antolatu gaurdaino: 1993an, Mons (Belgika); 1996an, Tlaxcalan (Mexiko); 2000, Bangalore (India); 2004, Sao Paolo (Brasil), 2008, Maputo (Mozambike) eta 2013, Jakarta (Indonesia).

50eko hamarkadan AEBetan “Iraultza Berdea” izenarekin sortu zen eredua da egun nagusi, oinarri nagusiak mekanizazioa, berrikuntza teknologikoa, ongarri kimiko eta toxikoen erabilera intentsiboa, errendimendu altuko aldaeren garapen bioteknologikoa, monolaborantza eta espezializazioa dituena. Via Campesinak salatzen duenez, eredu honekin munduko biztanleria elikatzeko behar denaren %150 ekoizten den arren, inoiz baino gehiago dira gose direnak, 900 milioi pertsona, eta horien artean, hirutik bi nekazariak dira.

Lurren kontzentrazioa ere salatzen du aukera duen bakoitzean, multinazionalek urtero 10 milioi hektarea bereganatzen dituztela azpimarratuz; munduko lurren %65 euren esku dagoela dagoeneko. Montalbo, Sygenta, Nestlé, Bunge, Bayer, Dupont edo Cargill bezalako izenak dituzten lurjabe hauen helburua ez da “Iraultza Berdeak” aldarrikatzen zuen bezala garapena bermatzea eta gosea desagerraraztea, dirua egitea baizik, eta dirua herrialde txiroetan merkeago ekoitziz eta aberatsetan garesti salduz egiten dute. Horrek hegoaldeko gosea areagotzea dakar, nekazariek elikatzeko erabiltzen zituzten lurrak esportaziorako monolaborantza bihurtzen baitituzte (Brasilgo kasuan %538ko hazkundea 1990tik 2008ra, esaterako). Era berean, iparraldeko ekoizpenek lehiakortasuna galtzea dakar, eta bertako nekazaritzak, bestelako hainbat enpresekin gertatu den bezala, deslokalizazio prozesua jasatea.

Erabakiak, herritarren esku

Nekazari mugimenduak multinazionalek eta maioristek hazien, ongarrien eta toxikoen ekoizpena monopolizatzeko bidean direla salatzen du, halaber, eta transgenikoen garapena dela horretarako azken pausua (Bigarren Iraultza Berdea deitzen diote aldekoek). Edo sustatzen diren monolaborantzek biodibertsitatea (20 urtean munduan 150 milioi hektarea baso suntsitu dira, esaterako) ez ezik, tokian tokiko nekazaritza kultura eta bizimodua ere suntsitzen dituela.

Eredu alternatiboa proposatzen du Via Campesinak, proposatu eta egunez egun praktikara eraman, 200 milioi nekazari txiki eta ertain horien eskutik. Elikadura burujabetza deritzo eredu honi, eta lehen aldiz FAOk 1996an antolatu zuen Erromako Elikaduraren Munduko Goi Bileran aurkeztu zen teorizazioa du oinarri. Honela, azpimarratzen da elikaduraren eta elikagaien ekoizpenari eta kontsumoari dagozkion erabakiak herritarren esku behar dutela, eta nagusiki ekoizle nahiz kontsumitzaileak izan behar direla erabaki subjektu, multinazionalak edo enpresa handiak beharrean (Bolivian, Nepalen, Malin eta Senegalen Konstituzioan jaso dute kontzeptua).

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, apustu jakin bat ere egiten da: tokian tokiko elikagaien ekoizpen ekologikoa eta gertuko kontsumoa lehenetsi behar dira, egiteko modu horiek behar den produkzio mailara iristeko gai direlako, eta merkeagoak, osasuntsuagoak (Brasilen 5,2 kilo toxiko ei dira urtean biztanle bakoitzak irensten dituenak), iraunkorragoak eta ingurugiroa, aniztasun kulturala eta nekazarien duintasuna areago errespetatzen dutenak direnez.

Hamar egun Brasilen

Apirilaren 8tik 19ra, Etxalde, EHNE-Bizkaia, Bizilur eta Brasilgo Via Campesinaren ekimenez, eta Lakuaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Nazioarteko Garapenerako Lankidetza Zuzendaritzaren eta Europar Batasunaren finantziazioarekin, euskal ordezkari zenbait Brasilen egon gara elikadura burujabetzaren inguruan garatu dituzten esperientzia batzuk ezagutzen. Euskal Herriko baserritarren mugimenduko ordezkariak (EHNE-Bizkaia eta Etxalde), sindikatuetakoak (ELA eta LAB), instituzionalak (Udalbiltza, Ezkio-Itsasoko alkatea, Bilboko zinegotzi bat, Gipuzkoako Foru Aldundia), eskualde eta udal garapen agentzietako ordezkariak eta teknikariak (Mutrikuko Udaleko Tokiko Garapena, Urola Garaiko Garapen Agentzia, Tolosako Tolomendi Landa Garapeneko Agentzia, eta Aramaio eta Gatzagako proiektuak), mugimendu sozialak (Bilgune Feminista, Ernai eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta), EHUko irakasleak ( Soziologia eta Kazetaritza Sailetatik) eta Bizilurreko kideak joan gara taldean. 17 lagun, ordezkaturiko erakundeak edo proiektuak baino pertsona gutxiago, gastuak kontrolatu eta emaitza biderkatzaile bat lortu nahian. Diziplina anitzeko taldea, nork bere alorrean ekarpentxoa egiteko xedearekin, anitza, baina batez ere animosoa, hartutako neke-lanak gorabehera, beti prest azaldu dena.

Brasil, herrialde bat baino, kontinente bat da. 200 milioi biztanle ditu eta 8,5 miloi kilometro koadro. Antolatzaileek banatu diguten gidan jasotzen denez 28 alderdi politikok dute ordezkaritza bertako Ganbera Legegilean; mugimendu sozial eta sindikatuen zerrenda are luzeagoa da, eta nekazaritzarekin zerikusia duten plan, programa nahiz erakunde publikoen izen eta akronimoek bi letra zopa egiteko ematen dute. Ez da lan erraza, bada, bertako errealitatearen irudi osatu eta zehatz bat eskaintzea, baina antolatzaileek ahalegina egin dute, baita lortu ere, programa benetan potente bat lotuz.

Mugimenduetako ordezkariak, sindikatuetakoak, ordezkari instituzionalak, establimendu zein kanpamenduetako jendea, kooperatibistak, ingeniariak eta teknikariak, unibertsitateko irakasleak eta ikasleak, etab. Hamar egunetan hemezortzi hitzaldi izan ditugu; bakoitzean, batezbestean, hiruzpalau hizlariren azalpenak entzun, galderak egin eta eztabaidatzeko tartearekin. Esperientzia zenbait bisitatzeko aukera ere egon da, teoria adibide praktikoekin osatzeko: MSTk eraikiriko Florestan, Fernandez eskola, Sao Paulo ondoan; azoka ekologikoa, Porto Alegren; arroz organikoa lantzen duen kooperatiba, Dorado do Sulen; arroz eta barazki organikoak lantzen dituzten establimenduak, Nova Santa Ritan eta Viamaon; lurrak okupatu dituen kanpamendua, Passo Fundon; ogia lantzen duen emakume nekazarien kooperatiba txikia, Sagrada Familian; hazi kreolak ekoiztera bideraturiko kooperatiba, Sao Miguel do Oesten; nekazari feministen komunitatearekin bazkaria eta bazkalondoa, Quilombon; Biogasa ekoizten duen komunitatea, Itaparangan; mugimendu feministak eraikiriko formazio zentroa, Chapecon; Universidade Federal Frontera do Sulera bisita, Chapecon baita ere; edota Sao Pauloko Udaletxera eginiko bisita.

Toki guztietan hartu gaituzte etxean bezala, eta toki bakoitzean sekulako bizipozarekin partekatu dute euren esperientzia. Honela, informazio baliagarri mordoa jaso dugu, dela Euskal Herrira ekar litezkeen praktika edo ideiak direlako, dela norberarentzat baliagarriak diren istorio, emozio edo grinak eskaini dizkigutelako.

Brasil, herrialde bat baino, kontinente bat da, eta batetik besterako distantziak ez dira geurean bezalakoak. Batez ere hegoaldeko hiru estatutan bakarrik ibili garen arren (26 dauzka Brasilek), eta tartean bi barne hegaldi egon badira ere, ordu mordoa joan dira mikrobusean, Christian eta Paolo handiak gidari genituela, atzera eta aurrera. Eta ordu hauek ere ez dira alferrik galdu. Lo kuluxka batzuk egiteko ez ezik, elkarren berri jakiteko eta brasildarrengandik jasotako informazio tonak elkarrekin barneratzeko aukera polita ere izan dira. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta; PNAEaren moduko zerbait Euskal Herriko eskoletako jangeletan aplikatu ote litekeen; TIPPak Europako haragi ekoizleen amaiera ekarri dezakeela; arrautzen barra kodeetan ekoizteko moduaz jasotzen den informazioari buruzkoak; norbaitek etxeko ortuan landaturiko senda belarrak; horiek hizpide. «Camponeses, camponesas ¡Viva San Fermin!». Txiste txarrak egin eta adar-jotzerako ere ez da aukerarik galdu, noski.

Beste askorako tarterik ez da egon; churrasqueria bat edo beste, mate dezente, gaucho ikuskizun bat, delegazioko kideren batek oso gertutik ikusi zuena zartailu eta guzti, “A Vida No Sul” telebista saioak egin zigun elkarrizketa, bertako kuadrilla handi baten urtebetetze afaritzar surrealista (besteak beste musika bandak Clavelitos jo zuen euskaldunon ohoretan), caipirinharen bat, barruan trago bat hartzen ari ginela Sao Pauloko poliziak itxi zuen diskoteka bat ere bai (ez genuen ulertu zergatik izan zen, baina ez zen gure errua izan) eta portugesez ikasitako hitz gutxi batzuk (nekazaria-campones, elkarlana-parceria…).

[ERREPORTAI OSOA, GARA/NAIZ.en: IKUSI HEMEN]

Argazkia: GOVBA CC-By-Nc-Sa