Ereindajan denda, urtea betetzear eta norabide onean

Ereindajan Debagoienako baserritarrak eta kontsumitzaileak biltzen dituen proiektua da. Duela lauzpa bost urte hasi ziren baserri ekoizpena eta kontsumo ereduari buruzko gogoeta egiten eta proposamen zein ideia ezberdinen artean Arrasaten denda bat ipintzearenari eman zioten lehentasuna. Bailarako ekoizleen produktuak eta bestelakoak eskeintzen dituen denda ekologikoa iazko ekainean zabaldu zuten.

Asier Agirre da Ereindajaneko lehendakaria eta berarekin bildu da Etxalde Nekazaritza Iraunkorra aldizkaria, proiektuaren egoeraren berri izateko. Urtea bizkor pasatu zaiela eta Ereindajanen martxa «bide onetik» doala azaltzen du. Baikorra da etorkizunea begira. www.ereindajan.eus da beraien ataria interneten.

Duela urte bete zabaldu zituen ateak Ereindajan dendak Arrasaten, 2015eko San Joanetan. Asier Agirre aramaioarra da Ereindajan elkarteko lehendakaria eta azaltzen duenez, arlo gehiagotan sakondu nahi duen proiektua bada ere, momentu honetan dendan zentratu dituzte indarrak. «Kontsumitzaileekiko gertuen dagoen gauza zela ikusten genuen eta baserritarrei ekonomikoki laguntzeko aukera zegoela ere bai», nabarmentzen du. Denda udaran zabaltzeak bere zailtasunak ekarri zituen baina urritik aurrera martxa nabarmen handitu da. Irekitakoan 200 produktu eskas zeuden eskuragai eta orain 800 produkturen bueltan dabil Ereindajan. 100 metro karratuko denda da eta beste 100 metroko biltegiak osatzen dituzte instalazioak. Denetik eskuratu daiteke bertan, izan umeei ipurdia garbitzeko toallitak, ardoa edo eguneroko bizitzan etxean behar den beste edozein oinarrizko gauza.

Asteroko erosketa egiteko

Debagoienatik kanpo ekarritako produktu guztiak ekologikoak dira. Bailarako ekoizleei dagokienean, Asier Agirrek dio «batzuk eta besteak badoazela animatuz» eta dozenaren bueltan daudela euren produktua bertara eramaten duten baserritarrak. «Gure apustua bailarako ekoizleei ateak zabaltzea izan da. Ekoizle ekologikoei lehentasuna ematen diegu baina bertako ekoizle konbentzionalei ere bai. Ezin duguna egin da bertako baserritar bati ateak itxi, alde batetik aukera dagoelako etorkizunean baserritar hori ekologikorantz edo eredu sostengarriago baterantz joateko eta beste alde batetik ekimen lokalak laguntza behar duelako».

Dendaren erabiltzaileei dagokienean jende gehienak asteroko erosketa bertan egiten duela-eta pozik ageri da Agirre, nahiz eta oraindik ere «bete jauzi» bat eman beharra ikusten duten gastuak bete ahal izateko. Denda kokatua dagoen egoitza Arrasateko Udalak hiru urterako epean utzitakoa dela izan behar da kontuan, «momentu honetan ez dugu errentarik ordaintzen egoitzarengatik baina gure diru kontuak egiterakoan ordainduko bagenu bezala kontatzen dugu, gure momentuko egoera hau ez baita erreala. Hiru urteko epearekin hasi dugu proiektua, guzti hori errentagarri bihurtu ahal izateko. Hemendik bi urtera lokal horretatik irten egin beharko genuke eta inbertsio bat egin beharra izango dugu.

Dena dela oso norabide onean goaz, apurtxo bat falta zaigu, baina norabide onean». Bide horretan, kontsumitzaileen eta ekoizleen fideltasuna beharrezkoa izango dela aurrikusten du, «poliki-poliki, hilabetetik hilabetera ikusten da kontsumitzaile berriak eta ekoizle berriak gerturatzen zaizkigula. Hasiera batean errezeloz hartutako proiektua izan bazen ere, orain aukera moduan ikusten dela esan dezakegu, proiektu erreala delako. Horretan asmatu dugula esan dezakegu».

Informazio osoa: Etxalde 17.