Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen aginduak. Bitartean, sukaldea ikastetxean bertan jartzea eskatu duten 50 eskolek zain jarraitzen dute.
[Bizi baratzea]2000. urteko araudiaren arabera, sare publikoko ikastetxeek catering-enpresekin egin behar dute lan, baina 2016tik lau ikastetxe publikotan proiektu pilotua dute martxan, bestelako jangela eredu bat oinarri, eta gainera, 2019an Legebiltzarrak adostu zuen “kudeaketa berritzaile eta deszentralizatua aukeratzen duten ikastetxeentzako aukerak” bideratzea. Horri gehitu behar zaio bertako sukaldean bertako elikagai eta hornitzaileekin jardun nahi duten ikastetxeen kopurua handitu dela urteotan.
Aldiz, Jaurlaritzaren araudi berriak zehazten duenez, “sektore enpresak kontratatuko dira jantoki-zerbitzua emateko” eta 2000. urteko araudiak irekitzen zituen zirrikituak itxi dituztela salatu du EHIGE guraso elkarteen federazioak: ikastetxearen bidezko kontratazio zuzena eta baimendutako erakundeen bidezko kudeaketa.
"Engainatuta"
“Engainatuta sentitzen gara –dio EHIGEk–. Jantokiaren funtzio hezitzailean sinesten dugu eta inguruneari eta iraunkortasunari lotutako elikagaien kalitatea lortzearen aldeko apustua egiten dugu. Horregatik, kontrako norabidean doan agindu berri honen aurka gaude erabat, eta familien eskaerei erantzuteko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari”.
Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza idazkariak gaia eraman du Legebiltzarrera eta kritikatu du kaleratu berri den agindu honekin eskola jantokien araudiak atzerapausoa eman duela, “2000. urteko aginduak, gutxienez, atea irekita uzten zuelako, ikusi ditugun proiektu pilotuen bidez, enpresen bidezkoa ez den zerbitzu osagarri bat emateko, askoz lokalagoa, ekologikoagoa eta trantsizio ekosozialari ekarpena egin ahalko liokeena, baina agindu honekin, edo enpresak kozinatzen dizu, edo zuk kozinatu behar duzu enpresak eramaten dizun janaria”.
"Inguruneari eta iraunkortasunari lotutako elikagaien kalitatea lortzearen aldeko apustua egiten dugu. Familien eskaerei erantzuteko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari".
Sukaldeak ikastetxean, noizko?
Bestalde, Ikoitz Arresek gogoratu du 50 ikastetxe daudela ikastetxean bertan sukaldea eskatu dutenak eta oraindik zain daudenak, “ez dakitenak obrak noiz hasiko diren, zein aurrekontu izango duten, sukaldea jarriko dieten ala ez… Badira zentroak Lehen Hezkuntza hasi zuten ikasleak zirenean sukaldea eskatu eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan daudenak oraindik sukaldea ikusi gabe”.
Catering-enpresen eredua agortutako eredua dela adierazi izan du Arresek berak: "Menuen kalitatea gero eta txarragoa da, gestioa gero eta jasangaitzagoa, eta enpresen lukroa du atzean". Enpresa horien zerbitzuarekin haserre dauden familien albisteak ere ez dira gutxi.