Tolosak ESNEKI gazta eta esnekien azokaren bigarren edizioa hartuko du azaroaren 3an eta 4an. Antolatutako jardueren artean, azaroaren 3an, ostirala, esnearen sektoreko profesionalentzako Esnekien Topaketa Sektoriala egingo da.
Azoka berezi hau Tolosako Udalak, Eliker Kalitatezko Elikadura Zentroak, HAZIk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Esneki Leartiker Esne Zentroak sustatu dute. Helburu nagusia, antolatzaileek adierazi zutenez, "Euskal Herriko gazta eta esneki onenak zeintzuk diren erabakitzea da, eta sektoreko profesionalen topagune izateaz gain, familia osoarentzako hainbat jarduera gastronomiko eta hezitzaile eskaintzea".
Larunbatean, hilaren 4an, bi txapelketa izango dira. Lehenengoa, Euskal Herriko zazpi probintzietan ekoitzitako gazta eta esnekiena. Lehiaketa zortzi kategoriatan banatuko da: gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, ardi gazta onduak eta jogurtak. Kategoria bakoitzean beste bi azpikategoria egongo dira: batetik, ekoitzitako esnea gaztandegietan erabiltzen dutenena, eta, bestetik, esnea hirugarrenei erosi eta ondoren produktuak egiten dituztenena.
Bestalde, larunbat goizean Behien Txapelketa ospatuko da Tolosako Ferialean eta bertan Hego Euskal Herriko abeltzainek hartuko dute parte.
Esnekien Topaketa Sektorialari dagokionez, hau da programa:
11:00 Erakundeetako ordezkarien agurra
11:15 Jeztetik arrakastara: erreferentziazko kasuak gaztagintza sektorean
12:00 Marigel Alvarez – Quesos Casín
12:30 Atsedena
13:00 Euskal Herriko Gaztandegiak: mahai ingurua
Ezinbestekoa da izena ematea, orri honetan dagoen formularioa betez.
Tokia: Beotibar pilotalekua (Tolosa)
Noiz: azaroaren 3an, ostirala, 10: 00etatik aurrera
Prezioa: Doan