Etsipenaren aurrean, landu dezagun itxaropena [Gotzone Sestorain Zabaleta | Iritzia]

“Landa eremu bizien eta nekazaritza iraunkorraren bidean, esne sektorea ere bizirik behar dugu”. Horrelaxe dio apirilaren 1erako Baztan-Bidasoako hainbat gizarte eragilek egin duten manifestazio deialdirako goi-izenburuak. Eta sentimendu kontrajarriak sortu zaizkit.

Batetik, tristura eta haserrea sorrarazi dit ikusteak berriro errepikatu egin dela azken urteotan gure inguruan behin eta berriz gertatutako tragedia: esne industria batek Nafarroako mendialdeko zazpi abeltzaini esnea hartzeari utziko die. Azken 20 urtetako joera baten azken ostikada dugu hau. Izan ere, Nafarroako esne sektorean eman da Europan gertatu den intentsifikazio prozesu bortitzenetakoa. INTIAko iturrien arabera, bi hamarkada horietan 1200 esne ekoizletik gora desagertu da, prezio ahalik eta apalenetan asko ekoiztu beharreko karrera zoro horrek hondoratuta. Ttikiak ito eta hauen ordez 500, 1000 eta 4000 buru inguruko behi-fabrikak eraiki dira, diru publikoaz lagunduta, industriak bere interesen araberako lehengai merkea lortzeko.

Errekonbertsio izugarri hori emeki-emeki gertatu da, zalaparta handirik gabe, familia bakoitzak ixilean etsipenez eta bakardadean bizitako odol-hustutzea izan delarik. Eragindako mina, ordea, ez da bakarrik soziala izan. Inposaturiko eredu industrial horrek gure lurraldeetan barne desorekak sortzeaz gainera, ingurumena kutsatu (airea, lurra eta ura) eta gure osasunarekin ere jokatzen du, ez dakigulako zer jaten dugun baldintza horietan ekoiztutako elikagaiekin.

Bestetik, baina, Elizondoko deialdiak poza sortu dit. Azkenean etsipenaren aurrean erreakzio bat ikusi dudalako, eredu bidegabe eta maltzur horri EZETZ esateko eta norabide aldaketa bat eskatzeko. Poza, bai, erreakzionatu, ereduen inguruko eztabaida erdian jarri eta nekazaritza iraunkorraren bidea lantzeari BAI esan zaiolako.

Honekin batera, itxaropen-argiak ere ikusten hasi naiz, deialdia ez dutelako nekazariek bakarrik egin, Baztan-Bidasoako gizarte eragile ugarik baizik. Lehen sektorea biztanleri aktiboaren %2a baino ez omen da. Ondorioz, norabide aldaketa hau ezin dugu guk bakarrik bultzatu eta eraiki. Gizarte osoaren elkar-lana eta konpromezu aktiboa ezinbestekoak dira, elikadura eta honekin lotutako nekazaritza guztion arazo eta ardura direlako.

Urte gehiegitan industriak nahi duena egin du administrazioaren babes osoarekin, “produktibitatearen eta lehiakortasunaren” mantrapean leloturik edukiz baserritarrak, herritarra kontsumismo itsuan murgildurik ibili den bitartean. Baina, bai gu zein kontsumitzaileak esnatzen hasi gara eta hori gertatu ahala elikadura eta nekazaritza eredu iraunkor, justu eta burujabe baten aldeko aldarria gero eta ozenago entzuten da. Joera hau indartzen joanen delakoan nago etorkizunean, gure osasunak, gure ingurumenak, gure landa eremuetako ekonomiak eta biziiraupenak eta gizarte osoaren orekak eta ongiak beharrezkoa dutelako. Hau da nere itxaropena. Elizondon elkar gaitezen norabide honi bultzada emateko!

Gotzone Sestorain Zabaleta