Euskal sindikatuek eta Etxaldek Palestinako “apartheid-aren konplize” izateari uzteko eskatu diete erakundeei
ELA, LAB, CCOO Euskadi, CCOO Nafarroa, UGT Euskadi, UGT Nafarroa, ESK, CGT-LKN, STEILAS, SOLIDARI, EHNE Nafarroa, Hiru sindikatuak eta Etxalde mugimendua mobilizatu dira gaur Gernika-Palestina herri ekimenarekin batera Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Tuteran, Palestinan genozidioa bertan behera uztea eskatzeko.
Sindikatuen eta Gernika-Palestinaren arteko komunikatua
Urrian urte bat betetzen da Israelek bete herri palestinarraren aurkako indarkeriaren azken eta enegarren erasoa hasi zuenetik. Eskalada beliko hori Gazan hasi zen, eta berehala hedatu zen lurralde palestinar guztietara. Palestina, Estatu Batuek, Europar Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako inpunitatearekin benetako genozidioa pairatzen ari da Israelen eskutik. Palestinar herriaren aurkako erabateko gerra honek, 42.000 palestinar baino gehiago erail ditu, horietatik gehienak haurrak direlarik. Jerusalem eta Zisjordaniako palestinarren aurkako bortizkeria nahiz Israelen gerra krimenak etengabeak izaten ari dira, eta genozidio hau mundu osoa zuzenean ikusten ari da.
Ezerk ez du inoren lurraldea okupatzea legitimatzen, ezta gerren ondorio krudelak ere, ez eta populazio oso bat suntsitzea, giltzapetzea, edota ukatzea ere. 2024. urte honetan, ordea, inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko gara, eta halere, nazioarteko komunitateak ez du izugarrikeria honekin bukatzea lortu. lzugarrikeria diogu, bi daturen bidez soilik ikusaraz dezakegulako genozidio palestinarraren irismena: Israelgo armadak, Israelgo estatuak alegia, dagoeneko 42.000 palestinar erail ditu, eta Gazako kaleen eta azpiegituren %70 suntsitu ditu. Bi datu soilik, ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen Nakbha baten aurrean gaudela baieztatzeko. Israelek Libanori eraso eginda, milaka hildako eta suntsipen gehiago eragingo duen urratsa egin du. Non eta nola amaituko den ez dakigun espirala abiatu da.
Palestinak gure elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinar herriak amets egiteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. Horregatik, premiazkoa da denbora gehiegi irauten duen genozidio honi irtenbideak aurkitzea. Ildo horretan, bide diplomatikoak ireki behar dira berehalako su-etena eta Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera nahiz eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko.
Basakeria honekin amaitzea behar-beharrezkoa da eta horregatik, giza eskubideak urratzen dituenarekiko konplizitate oro amaitzea eskatzen dugu. Langile klaseari presio-neurri guztiak aktibatzen jarrai dezagun eskatzen diogu, Israelek Nazio Batuen ebazpenak errespeta ditzan eta eskualdean bake nahiz egonkortasun egoera bat lor dadin. Gainera, gure erakundeei apartheidaren, gizateriaren aurkako krimenen eta herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren konplize izateari utz diezaioten exijitzen diegu.
Sindikatuek eta Etxaldek Sareri emandako babesa berretsi dute eta preso, errefuxiatu eta deportatuen alde lanean jarraituko dute
Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin dituzten elkarretaratzeetan "euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze bidean berresten" direla jakinarazi dute sindikatuek eta Sarek antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.
ETXALDE mugimenduko eta ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzeak egin dituzte ostegun honetan Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon Sare Herritarrarekin bat egin eta "euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze bidean berresten" direla jakinarazteko.
'Langileok konponbidean' lelopean, salbuespen neurriak kentzea, gradu erregresiorik ez egitea edota preso adindunak etxeratzea eskatu dute.
Ekainean bete zituen hamar urte Sare Herritarrak. Langile ordezkariek urteotan egindako ibilbidea zoriondu nahi izan dute eta "bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean" Sareren ondoan jarraituko dutela argitu nahi izan dute.
Langileek "elkarbizitzaren bidean" "zeregina" dutela baieztatu dute eta "lantokietan hasi eta euskal herrian barna konponbideari ekarpenak egiteko gizarteak duen nahia zabaldu eta etxeratze prozesuari ekarpenak egiteko konpromezua" adierazi dute.
Bide horretan, Sarek deituriko mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deia egin dute. Hasteko, uztailaren 4an, Sarek eta Etxeratek deituta, Iruñean egingo den Etxera Kalejiran parte hartzeko deia luzatu dute.
Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dute sindikatuek
Aste honetan, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren dela eta, Etxalde eta LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuek salatu dute langileok "gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan".
Munduan milaka langile hiltzen dira egunero, bai istripuz eta baita laneko gaitzen eraginez ere. Euskal Herria ez da salbuespena, eta gurean urtero errepikatzen dira datu beldurgarriak eta Nafarroa da, adibidez, Espainiako Estatuan istripu tasa altuena duen bigarren herrialdea, Baleareen atzetik.
Euskal Herrian "azken urteetan etengabe errepikatu da patroi bera istripuetan": milaka lan istripu arin zein larri aitortzen dituzte datu ofizialek, goranzko joera batekin gainera. Heriotza kopuruan ere ez dago etenik, eta 70 hildakoen muga gertu dugu urteak joan eta urteak etorri.
Istripuen datu ezkutaezin horiek sistemaren beraren iruzurra agerian uzten dute; izan ere, "lehen instantzian mutualitateen esku dagoen laneko gaitzen aitortzea guztiz testimoniala da". Adibide gisara, urtero, batez beste, ez da dozena bat laneko minbizi aitortzen.
Prebentzio sistemaren porrota
Milaka lan istripu (zehazki, 2023an 100.000tik gora) aitortzen ditu administrazioak, "prebentzio sistemaren porrotaren erakusle". Aitortuak dira ezin direlako ezkutatu. Aldiz, laneko gaitzak ez ditu aitortzen, eta, sistematikoki, gehiengo zabala Osasunbidera eta Osakidetzara bideratuak dira. Sistemak berak laneko gaitz asko eragiten ditu, eta, era berean, istripuak ere eragiten ditu. Aldiz, mutualitateen bidez, hala aitortuak izan ez daitezen lortzen dute. Horra hor beren amarrua.
Aurten ere datu beldurgarriak gailentzen ari dira: Euskal Herri osoa aintzat hartuta, 2024an dagoeneko 21 hildako daramatzagu soilik lan istripuetan.
"Prebentzio sistemak porrot egin du patronalak araudia bete gabe 30 urte daramatzalako. Prebentzio araudia da gutxien betetzen den araudia. Hori hala izan dadin gakoa da administrazioak eta gobernuek, patronalarekiko erakusten duten konplizitatea eta bitartekorik ez jartzea arauak bete daitezen bermatzeko. Horrela soilik uler dezakegu EAEn 50 inspektore baino ez egotea eta Nafarroan 12 besterik ez".
Aldiz, Nafarroako eta EAEko gobernuek NOPLOI eta Osalan bezalako egiturei eskaintzen diete lan osasunaren inplantazioaren ardura, zeintzuk, gogora dezagun, aholkularitza entitateak baitira. Horrela "bermatzen dute patronalaren inpunitatea", soilik aholkatuaz, isunak jartzea ekidinez.
EAEn berriki hauteskundeak izan diren honetan, "Urkullu jauna"ri agur esan diogu. 2012ko abenduan kargua hartu zuenetik 444 langile hil dira istripuz. Legegintzaldi berriari begira, eremu honetan ere, "aldaketa beharrezkoa da":
-
- Ikuskari kopurua handitu eta ikuskaritzak areagotu behar dira.
- Legea betetzen ez duten enpresei isunak ezarri behar zaizkie.
- Arriskuak biderkatzen dituen lan baldintzen prekarietateari aurre egin behar zaio.
- Prebentzio legea betetzen ez duen Patronalari ardurak exijitu behar zaizkio.
Etxalde eta LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta CGT Nafarroa sindikatuek borrokan jarraituko dute "lan osasuna berma dadin, behingoz patronalak dagokiona bete dezan eta etxera bizirik eta osasuntsu itzultzeko eskubidea dugulako".
Etxaldek bat egiten du M-8ko mobilizazio feministekin

Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8a dela eta deitutako mobilizazioekin Etxalde egiten dugu bat. Iazko greba feminista orokorraren haizeak mugituko du aurtengo M8aren errota. Orduko aldarrikapen eta eskaerei eutsiko die Euskal Herriko Mugimendu Feministak; batez ere, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldekoa. «Esplotazioan oinarritutako zaintza eredua» iraultzera deitu du.
Mobilizazioen hitzorduak hauek dira:
-
- Gasteiz: 18:00etan San Antonetik
- Bilbo: 19:00etan Jesusen Bihotzetik
- Donostia: 18:30etan Antiguoko Tuneletik
- Iruñea: 19:00etan Antoniuttitik
- Baiona: 18:00etan Herriko etxeko plazatik
Lan-heriotza Arrasaten salatu dute 5 sindikatuk, udal-gobernuei eskaera eginez
LAB, ESK, STEILAS, EHNE Bizkaia, etxalde eta HIRUk deituta, bilkura egin zen atzo arratsaldean Santa Teresako istripu hilgarria gaitzesteko. Salatu zuten “Osalanek eta Jaurlaritzak ez dituztela eurenak diren eskumenak baliatuko, patronalaren inpunitatea babestuaz”. Ondorioz, udal-gobernuei eskaera egin zieten. Arrasatekoko zenbait partaidek bilkuran parte hartu zuten.
Hildako langilea, 54 urteko R.M.P, Arrasateko udalaren promozio publikoko lan bat burutzen ari zen, kontrata baten azpikontrata batentzako lanean ari zen. Altuna y Uria enpresak azpikontratatutako Proyectos y obras Garci, Galizako enpresarentzako hain zuzen. Lehenik eta behin, LABetik, gure samina eta lankide senide eta lagunekiko elkartasuna adierazi nahi genuke.
LABek jasotako datuen arabera, igogailu baten instalakuntzan azken erremateak egiten ari zela 3 metroko altueratik erori zen, eta bertan hil zen. Ez dakigu lan hori bakarrik egiten ari ote zen, ez dakigu altueretako lanak egiteko babes neurririk ba ote zuen, ez dakigu lan hori ikuskatzen inongo errekurtso prebentiborik ba ote zegoen. "Dakiguna da istripuaren baldintzak aztertuta, aipatutako derrigorrezko neurri gehienak ez direla bete, hau da, enpresak ez dizkiola bermatu eta horrek eragin duela heriotza".
"Onartezina da -esan du LABek-, hain maiz gertatzen den lan-istripu mota baten aurrean, beharrezkoak diren bitartekoak ez jartzea". Gogoratu eraikuntza dela istripu hilgarrietan liderretakoa. Agerikoa da Lan Ikuskaritzak, Osalanek eta Gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Praktikan, patronalari ez zaio araudia betearazten eta honen emaitza agerikoa da, bizitzarekin ordaintzen dugularik.
"Eraikuntzaren sektorean dauden lan baldintza txarrak salatzen ditugu. Lanaldi luzeak, azpikontratazioa, autonomo faltsuak, prestakuntzarik eza, prebentzio-baliabiderik eza… Prekaritatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktore bat da".
Honen aurrean eta jakinik ez Osalanek ez Jaurlaritzak ez dituztela eurenak diren eskumenak baliatuko, patronalaren inpunitatea babestuaz, "udal gobernuei dei egiten diegu kontratazio pleguen bitartez lan osasuneko araudia betetzea eta lan baldintza duinak bultzatu ditzaten". Hau baita egun, promozio publikoko lanen baldintza duinak bermatzeko tresna administratibo erreal bakarra, eskumena dutenek muzin egiten dietelako.
"Argi dago -LABek dio- gaitz honen konponbidea langileok egiten dugun presio eta mobilizaziotik etorriko dela. Gure bizitza jokoan dago".
Sindikatuek eta Etxaldek bat egin dute Gernika-Palestinako “Elkartasun Aktiboaren Astearekin”
Gernika-Palestina ekimenak antolatutako Elkartasun Aktiboaren Asteak sindikatuen eta ikasleen babesa izango du, eta hainbat ekimen antolatuko dituzte lantokietan eta ikastetxeetan, gazatarrei laguntzeko diru-funtsak lortzeko.
ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, CGT sindikatuek, Etxalde mugimenduak eta Ikama ikasle mugimenduko ordezkariek babesa adierazi diote Gernika-Palestina herri ekimenak astelehenean iragarri zuen «elkartasun aktiboko asteari». Aste hori igande honetan, otsailaren 25ean, eta hurrengoan, martxoaren 3an, izango da. Helburua Gazatarrei laguntza psikosoziala emateko edo nekazaritza- eta abeltzaintza-azpiegiturak berreraikitzen laguntzeko funtsak lortzea izango da.
Hala iragarri dute asteazken honetan prentsaurrekoan Sabin Ibazetak, Gernika-Palestinaren izenean, eta Jone Bilbaok, MunduBatekoak, erakunde horrek Bilbon duen egoitzan. Bertan izan dira, baita ere, Izaskun Garcia, LABeko ordezkaria; Xabi Zabala, ELAko ordezkaria; Alazne Intxauspe, Etxaldekoa; eta Santi Martinez, CCOOkoa.
Ibazetak jakitera eman duenez, sindikatuek eta ikasleek bilerak eta hitzaldi informatiboak, Gazan hil diren pertsonen izenak irakurtzea eta kaleetan, lantokietan eta ikastetxeetan ekarpen ekonomikoak egitea sustatuko dute.
Ekarpen horien helburua PCHR, Al Hacq eta Al Meza erakundeek hasitako bide judiziala bultzatzea izango da, genozidioagatik salaketa bat Nazioarteko Zigor Auzitegira eramateko. Azken batean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaileen aurrera eramatea bilatuko dute, "bide palestinarrari jarraituz".
Horrez gain, Jone Bilbaok gaineratu du Mundubat hainbat proiektu egiten ari dela Gazan emakume alargunen eta umezurtz dauden haurren ongizate psikosoziala bermatzeko eta nekazaritza-ekoizpena berreskuratzeko. Azaldu duenez, 15.000 nekazari baino gehiagok uztak galdu dituzte, eta horiei arrantzatu ezin duten 5.000 arrantzale eta animaliak galdu dituzten 10.000 abeltzain gehitu behar zaizkie.
Bildutako diruarekin, nekazaritzako ekoizpena, fruta eta barazkiena, berreskuratzeko eta tomateak, piperrak eta beste elikagai batzuk landu ahal izateko negutegiak birgaitzeko zenbait proiektu abiatzea aurreikusten da. Funtsaren beste zati bat arrantza-azpiegiturak berreraikitzen laguntzeko erabiliko da.
Gainera, "Elkartasun Aktiboaren Astean" ekintza berriak antolatzeko prozesu bat egiten ari direla iragarri dute, eta datozen egunetan iragarriko dituztela sare sozialetan.
Manifestazioa Iruñean
Martxoaren 2ko eta 3ko asteburuari begira, Gernika-Palestinak bat egin du Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak "2 ordu Palestinarekin" lelopean egindako deialdiarekin.
Datorren igandera, otsailaren 25era, begira, "Gelditu dezagun genozidioa Palestinan. Armen merkataritzari eta Israelekiko harremanei amaiera ematea" lelopean 12:00etan egingo da Antoniuttik (Iruñea).
78. Etxalde (2023 Iraila – Urria)
EDITORIALA
→ Siguen aumentando las inversiones en la alimentación sintética
IRITZIA
→ Greba Feminista Orokorra (Amets Ladislao Gonzalez)
BERTSOEN TXOKOA
ELKARRIZKETA
→ Okiturri
→ Fuad Abu Saif (UAWC, Palestina)
ERREPORTAJEA
→ Uribe Butroeko Sarea
BERRIAK
→ La Escuela de Acción Campesina pone en marcha su segundo ciclo para formar a los líderes agrarios del futuro
→ Campesinas de Mozambique viajan a Euskal Herria para intercambiar experiencias con nuestras baserritarras
→ Mujeres baserritarras cuidando personas, tierra, territorios y el planeta
→ La Vía campesina 8. konferentzia
IPAR EUSKAL HERRIA
→ Emazte laborarien lekua: Erronka zentrala
IKERKETA
→ Llevar la regulación de los mercados al centro del debate sobre la PAC
GOMENDIOAK
EHNE Bizkaiak eta Etxaldeko Emakumeak elkarteek greba feministarekin bat egin dute Azoka Gardenaren edizio berrian
EHNE Bizkaia eta Etxaldeko Emakumeak elkarteek ohiko Azoka Gardena jarriko dute bihar, osteguna, hilak 26, Bilboko Areatzan. Ekitaldi hau aprobetxatuz, bi erakundeek adierazi dute Euskal Herriko mugimendu feministak azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorrarekin bat egingo dutela.
Edizio honetan 400 poltsa banatuko dituzte Bizkaiko baserritarrek ekoitzitako tokiko elikagaiekin, bakoitzak 10 euroko prezioan. Bakoitzak esnekiak, ogia eta sasoiko barazkiak izango ditu, oinarrizko elikaduren osagaiak. Gainera, bioleta koloreko poltsak datorren azaroaren 30eko greba feminista orokorraren logoak eta leloak erakusten ditu.
[Informazio gehiago EHNE Bizkaiaren webgunean]Etxaldeko Emakumeek ekarpenak egin dizkiote Foru Aldundiaren landa eremuko emakumeei laguntzeko neurrien planari
Natura Ingurune eta Nekazaritzako diputatu Arantza Atutxak Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu du urriaren 17an, lurraldeko elkarteetako ordezkariekin batera –Etxaldeko Emakumeak, Landa XXI eta Saskia–, eta bertan baieztatu du bere saila lanean ari dela kolektibo horri zuzendutako plan bat egiteko.
Plan hori, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, aipatutako hiru elkarteetako emakumeek egindako ekarpenak kontuan hartuta egingo da, Foru Aldundiak antolatutako hausnarketa-jardunaldietan, aurtengo maiatza eta iraila bitartean.
Tailer horietan, 23 emakume baserritarrek parte hartu dute, eta, besteak beste, gai hauek aztertu dituzte: landa-eremuko emakumeen osasuna eta ongizatea, sektorean duten parte-hartze aktiboa, laguntza-sistemak eta laguntza-sareak, etorkizuneko ekoizpen- eta merkataritza-ereduak, nekazaritzako elikagaien sisteman duten zeregina, digitalizazioa eta aniztasunetik egiten den nekazaritza-belaunaldien ordezkapena.
Garatutako tailer guztietan agertzen diren zeharkako ideietako batzuk, "eta, beraz, etorkizuneko planean kontuan hartuko direnak", oharrean gaineratzen denez, honako hauek izan dira: "emakumeek landa-ingurunean betetzen duten funtzio anitzeko eginkizuna balioesteko eta natura-ingurunea kontserbatzeko egiten duten lana aitortzeko beharra, bai eta tokiko produktuarekin egiten duten merkataritza sustatzea, burokrazia murriztea eta lehen sektoreko emakume ekintzaileei eta enpresa berritzaileei laguntza integrala ematea ere".
Hausnarketa-jardunaldietan ateratako ondorio guztiak 2022ko urrian aurkeztutako "Emakumeak Bizkaiko landa-sektorean duen egoerari buruzko azterlana" azterlanaren emaitzekin bateratuko dira, "planari forma emateko eta Bizkaiko emakume baserritarren beharrei erantzungo dieten ekintza espezifikoak zehazteko bidean aurrera egiteko".
Sindikatuek eta erakundeek, Etxaldek barne, manifestazioak deitu dituzte Bilbon eta Iruñean Palestinaren okupazioaren aurka
CCOO Euskadi, CCOO Nafarroa, LKN-CGT Euskadi, EHNE, ESK, Etxalde, HIRU, LAB eta STEILAS sindikatu eta erakundeek dei egin diote langile klaseari urriaren 19an, osteguna, 12: 30ean Iruñeko udaletxeko plazan eta 12: 00etan Bilboko Plaza Eliptikoan deitu dituzten mobilizazioei babesa eman diezaien, baita "parametro horiekin eta datozen egunetan Palestinako herriaren alde deitu daitezkeenei ere".
Okupazioari ez, Palestina libre! lelopean, manifestu bateratu hau egin dute deitzaileek:
«Joan den larunbataz geroztik, indarkeriak gora egin du Palestinako lurraldean, eta gerra egoera etengabean murgilduta zegoen. Israelgo Estatu Sionistak Palestinaren aurkako erabateko gerra deklaratu izanak Gaza erabat suntsitzea, gerra-krimen kontaezinak, langile palestinarren hilketak eta gizateriaren aurkako hamaika urraketa dakartza.
«Indarkeriaren zurrunbiloa ez da gauza berria Palestinan, eta konstantea da azken 75 urteetan, bere lurraldearen kolonizazioagatik eta bere herritarrei apartheid sistema inposatzeagatik. Zifrek berez hitz egiten dute: 5 "0 milioi palestinar errefuxiatu bizi baldintza ankerretara eta erbestera kondenatuak, 5.000 preso politiko baino gehiago, horietatik ehunka haurrak dira, 16 urte baino gehiagoko blokeoa eta etengabeko bonbardaketak Gazaren gainean, de facto munduko aire zabaleko kontzentrazio-esparru handiena da, checkpoint ankerrak, lan baldintzen erabateko prekarizazioa eta langile palestinarren esplotazioa, lur palestinarren konfiskazioa, etxe palestinarretako eguneroko arrazakeriak, emakumeen aurkako bortxaketa sistematikoak, haurren aurkako abusuak eta herri oso baten etengabeko umiliazioa. Horixe da laborantza-saldak sortzen duen errealitatea, indarkeriaren zurrunbiloa hazi baino ez dadin egin.
«Palestinak gure elkartasuna behar du, baina, batez ere, konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinar herriak eskubidea du amets egiteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko. Horregatik, premiazkoa da denbora gehiegi irauten duen gatazka bati irtenbideak aurkitzea. Ildo horretan, ireki daitezkeen bide diplomatikoek, eta herri palestinarraren genozidioa gelditzeko eta bahitutako pertsonak askatzeko lehen irtenbide bat aurkitu behar dute.
«Horregatik, sindikatuok Israeli exijitzen diogu bere sarraski-estrategiari eta lurralde palestinarraren okupazioari amaiera emateko. Baldintza horretatik abiatuta, Nazio Batuen ebazpenekiko errespetuan oinarritutako negoziazioa eta elkarrizketa aktibatzea eskatzen dugu, etorkizun hurbilean eskualdeko bakea eta egonkortasuna bermatuko dituen konponbide integral bat formalizatu dadin, eta Palestinak Palestinako herriaren bizitzarako eskubidea bermatuko duen estatu propio bat sortzeko zilegitasuna onar dezan.
«Beharrezkoa da basakeria horri amaiera ematea, eta, horregatik, giza eskubideak urratzen dituenaren konplizitatearekin amaitzeko eskatzen dugu. Langile klaseari presio-neurri guztiak aktibatzeko eskatzen diogu, Israelek Nazio Batuen ebazpenak errespeta ditzan eta eskualdean bakea eta egonkortasuna lortzeko.
«Gainera, instituzioei apartheidaren, gizateriaren aurkako krimenen eta Palestinako herriak pairatzen duen genozidioaren konplize izateari uzteko exijitzen diegu».