Europako Batzordeak ez du lortu oraingoz glifosato pestizidaren baimena luzatzea

Bigarrenez, bertan behera utzi dute glifosatoaren baimena luzatzeari buruzko bozketa Europako Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorrean. Europako Batzordeak pestizida ezagun hori, munduan zabalduena, beste bederatzi urtez baimentzeko proposamena eraman du –ekainaren 30ean agortuko da gaur egun indarrean dagoen baimena–, baina behar adinako gehiengoa lortuko ez zutenez, ez dute bozkatu ere egin.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) menpeko Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak segur aski minbizi-eragileen zerrendan sartu zuen glifosatoa 2015ean. Europako Elikagaien Segurtasun Agentzia (EFSA) ez dator sailkapen horrekin bat.

Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzordea EBko estatu kideetako ordezkariek osatzen dute. Glifosatoaren baimena luzatzeko, beharrezkoa da estatuen %55ek alde bozkatzea, eta gutxienez Batasuneko biztanleen %65 ordezkatzea. Bigarren baldintza ez zen beteko, Frantziak eta Italiak, estatu populatuenetako bik, baimena luzatzearen aurka bozkatzeko asmoa agertu dute eta. Frantziak, izan ere, debekatua du glifosatoa bere lurraldean.


Albiste osoa: HEMEN