Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena aurkeztu dute ostiral honetan. Euskal Herri osoko produktua hartuko du eta aitzindaria izango da, Bidasoako bi aldeetako sagardoa hartzen duelako bere baitan. Aurrerago, Nafarroako sagar eta sagardotegiek ere sor-marka horretan sartzeko prozesuari ekingo diote.
[Naiz]Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeak Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko sagardoak eta sagar barietateak hartuko ditu bere baitan hemendik aurrera, Euskal Sagardoa deitura berriarekin. Gainera, Europako Batasunaren oniritzia jaso bezain pronto, Nafarroako sagardotegiek ere izendapen horretan sartzeko prozedurari heltzeko konpromisoa hartu dute.
Ostiral honetan aurkeztu dute Donostiako Lakuako Gobernuaren ordezkaritzan egindako agerraldian. Bertan izan dira Arantxa Tapia, Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua; Jose Maria Aierdi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen sailburua; Joseba Erramundeguy, Euskal Herria Hirigune Elkargoko ordezkaria; Unai Agirre, Euskal Sagardoa jatorri-izendapeneko zuzendaria; eta Bixintxo Aphaul, Domaine Bordattoko sagardogilea. Foru Aldundietako eta sagar eta sagardoaren sektoreko hainbat ordezkari ere bertan ziren.
Ipar Euskal Herrian egiten den sagardoa hartzeaz gain, hango sagar motak ere Euskal Sagardoa Jatorri Deituran sartzea adostu dute araudi bakarraren barruan. ‘Euskal Sagardoa/Sidra del País Vasco’ eta ‘Cidre du Pays Basque’ izango da izena.
Lakuako Gobernuak azaldu duenez, «une honetan, baimen administratibo guztiak jaso ondoren, Jatorri Deituraren ezaugarri berri eta berritzaile honen izapidetza Bruselarekin ixtear da». «Europan ez dago mugaz gaindiko araudi bakarreko bestelako jatorri deiturarik eta hau izango da ezaugarri honekin jaioko den lehena», nabarmendu dute.
«Piriniotako mugaz gaindiko Jatorri Izendapena duen lehen edaria izango da Euskal Sagardoa. Araudi berdina izateaz gain, kudeaketa eta zertifikazioa ere bateratuta egitea adostu dute eta horretarako HAZIko Kontrol eta Zertifikazio arloa dagoeneko hasia da INAOrekin harremanetan Frantzian ere homologatua izateko eta Jatorri Izendapenaren zertifikazioa HAZIk egin dezan», azaldu dute.
«Konplexutasun administratibo handia»
Arantxa Tapiaren hitzetan, prozeduraren izapidetzea «oso aurreratuta dago» eta «konplexutasun jurudiko eta administratibo handia» izan du, Erramundeguyk azpimarratu duen bezala. Izan ere, aurkeztutako eta trukatutako dokumentu guztiak hiru hizkuntzatara itzultzea eskatu dute.
«Europan ez dago araudi bakarra duen mugaz gaindiko beste jatorri-deiturarik», nabarmendu du Tapia sailburuak, eta, beraz, berezitasun horrekin sortuko den lehena izango dela azpimarratu du.
Kalkuluen arabera, etorkizuneko 'Euskal sagardoa-Sidra del País Vasco-Cidre du Pays Basque-Euskal Sagarnoa' jatorrizko deiturak salda horretako 62 egile hartuko ditu (50 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak, 6 nafarrak eta 5 edo 6 Ipar Euskal Herrikoak), baita 390 sagar ekoizle ere.