ELA, LAB, CCOO Euskadi, CCOO Nafarroa, UGT Euskadi, UGT Nafarroa, ESK, CGT-LKN, STEILAS, SOLIDARI, EHNE Nafarroa, Hiru sindikatuak eta Etxalde mugimendua mobilizatu dira gaur Gernika-Palestina herri ekimenarekin batera Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Tuteran, Palestinan genozidioa bertan behera uztea eskatzeko.
Urrian urte bat betetzen da Israelek bete herri palestinarraren aurkako indarkeriaren azken eta enegarren erasoa hasi zuenetik. Eskalada beliko hori Gazan hasi zen, eta berehala hedatu zen lurralde palestinar guztietara. Palestina, Estatu Batuek, Europar Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako inpunitatearekin benetako genozidioa pairatzen ari da Israelen eskutik. Palestinar herriaren aurkako erabateko gerra honek, 42.000 palestinar baino gehiago erail ditu, horietatik gehienak haurrak direlarik. Jerusalem eta Zisjordaniako palestinarren aurkako bortizkeria nahiz Israelen gerra krimenak etengabeak izaten ari dira, eta genozidio hau mundu osoa zuzenean ikusten ari da.
Ezerk ez du inoren lurraldea okupatzea legitimatzen, ezta gerren ondorio krudelak ere, ez eta populazio oso bat suntsitzea, giltzapetzea, edota ukatzea ere. 2024. urte honetan, ordea, inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko gara, eta halere, nazioarteko komunitateak ez du izugarrikeria honekin bukatzea lortu. lzugarrikeria diogu, bi daturen bidez soilik ikusaraz dezakegulako genozidio palestinarraren irismena: Israelgo armadak, Israelgo estatuak alegia, dagoeneko 42.000 palestinar erail ditu, eta Gazako kaleen eta azpiegituren %70 suntsitu ditu. Bi datu soilik, ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen Nakbha baten aurrean gaudela baieztatzeko. Israelek Libanori eraso eginda, milaka hildako eta suntsipen gehiago eragingo duen urratsa egin du. Non eta nola amaituko den ez dakigun espirala abiatu da.
Palestinak gure elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinar herriak amets egiteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. Horregatik, premiazkoa da denbora gehiegi irauten duen genozidio honi irtenbideak aurkitzea. Ildo horretan, bide diplomatikoak ireki behar dira berehalako su-etena eta Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera nahiz eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko.
Basakeria honekin amaitzea behar-beharrezkoa da eta horregatik, giza eskubideak urratzen dituenarekiko konplizitate oro amaitzea eskatzen dugu. Langile klaseari presio-neurri guztiak aktibatzen jarrai dezagun eskatzen diogu, Israelek Nazio Batuen ebazpenak errespeta ditzan eta eskualdean bake nahiz egonkortasun egoera bat lor dadin. Gainera, gure erakundeei apartheidaren, gizateriaren aurkako krimenen eta herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren konplize izateari utz diezaioten exijitzen diegu.