Ezpeletako piperra ohorean zen joan den asteburuan, festaren 55. edizioaren dela eta. Azken hilabeteetako hezetasunarengatik biziki hunkitua, uztak ez dira onak Ezpeletako piperraren ia 200 ekoizleentzat. Urterik okerrena gisa sailkatu dute, ekoizpena %30 - %40 artean jaisteko aurreikuspenarekin.
Ereiten duenak ez du beti jasotzen. Horren lekuko, Ezpeletako piperra jatorrizko deitura babestuaren (JDB) ekoizleen erakusmahaiak aitzineko urteetan baino hutsagoak agertu dira urriaren 26 eta 27an, Ezpeletako piperraren festaren 55. edizioan. Egoera larrian, aitzineko urteekin konparaturik, %30 eta %40 arteko galerak izan litezke, nahiz eta uzta ez den oraindik bukatu eta behin betiko kopuruak otsailerako espero diren. Urte asko daramatzate klimaren gorabeherei eta eskulan faltari aurre egiten, baina aurtengoa inoiz izan duten okerrena dela baieztatu dute.
Izan ere, ohi baino hilabete beranduago hasi behar izan zituzten landatzeak, ekainaren hastapenean. Maiatzean, prezipitazioak 189,3 milimetrokoak izan ziren Ipar Euskal Herrian, 2023an 84,6 milimetrokoak izan zirenean. Azkeanean, ekaina ere euritsua izan zen. Ur kopurua 2023an eroritakoa baino bi aldiz handiagoa zen, eta erroak uretan, piperrak zailtasunak ditu hazteko.
«Uste da urrezko arrautzadun oiloa dela, baina ez da errealitatea, kalitatezko piperra lortzeko, ordu asko eman behar dira eta eskulana behar da», zehaztu du Panpi Olaizola Ezpeletako JDBko lehendakariak. 250 gramoen prezioa 23 eta 25 euro artekoa izan daiteke. «Ez da nahikoa urte txarrak direla kontuan harturik, baina ekoizleak ez dira balio duena ordainaraztera ausartzen», deitoratu du piperraren festaren biharamunean Mediabaski eskaini elkarrizketan.
Beroa maite
Bide beretik mintzatu da Eric Amestoy ekoizelea ‘France Bleu Euskal Herri’ irratian: «Piperrak batez ere beroa maite du, euri pixka bat behar du, baina gehiegi ere ez eta aurten euria, euria eta euria izan dugu». Aurten, «35 soka salgai ditugu Ezpeletako piperraren festan. Normalean, ehun sokarekin heldu gira. Denboraldiko lehenak eta azkenak dira, piper gutxi baitago», deitoratu du. 2024an ekoizpenaren laurdenera helduko dela uste du ekoizleak.
Dominique Pocorenak berdin adierazi dio hedabideari. 68 urtetan, 22 urte baino gehiago daramatza piperra lantzen Ezpeletan, eta aurten «ez dugu etekinik. Landareetan oso piper gutxi dago. Denboraldia biziki gaizki joango da», adierazi du. Nicolas Larre ekoizleak aurtengoa «agian ezagututako urte txarrena» bezala sailkatu du Sud Ouest egunkarian. Berak ere, %30-40 gutxiago ekoiztuko duela uste du, «eguraldi hotz eta hezeegiarengatik».
Batzuek amore ematea erabaki dute. «Aitzineko urtean baino ekoizle gutxiago dagoen lehen aldia da», baieztatu du Ezpeletako sormarkako presidenteak. Bost etxaldek utzi dute piperra, JDBk dituen 200 etxaldeetatik. Ikusteko dago joera helduko diren urteetan berretsiko denetz.