Felix Bariain (UAGN): “Nekazari eta abeltzain txikien etorkizuna desagertzear dago eredua aldatu ezean”

Ipar Euskal Herrian eta Frantzian bezala Nafarroan ere nekazariak eta abeltzainak kalera aterako dira heldu den astetik aurrera. Mobilizazioak iragarri ditu Unión de Agricultores y Ganaderos de Navarra (UAGN) sindikatuak egoera "jasanezina" delako. Nafarroako produktuei ezartzen zaizkien segurtasun neurri eta arauak Europatik kanpokoei ez eskatzeak "lehia desleiala" sortzen du eta kalte lazgarriak eragiten ditu sektorean. "Eredua aldatu ezean hiltzera kondenatuko dituzte sektoreko hainbat familia", esan du UAGN sindikatuko Felix Bariainek.

Felix Bariain (UAGN)[Argazkia: uagn.es]

[euskalerria irratia]

Etorkizuna dute jokoan nekazari eta abeltzainek. Baina ez bakarrik langile horiek, baizik, gizarte osoaren elikadura osasungarri, seguru eta jasangarriak: "Egoera kritikoa da, muturrekoa", esan du UAGN sindikatuko Felix Bariainek. Elkarrizketa eta adostasunetara heltzeko prestutasuna erakutsi du UAGNk, baina ez bada gutxienekorik erdiesten kalera atera eta mobilizazio sorta eginen dutela iragarri dute: "Mugagabeak denboran eta sendotasunez eginen ditugu kaleko protestak".

Egun abian den nekazaritza eta abeltzaintzarako eredua "eraldatu" beharra dagoela iruditzen zaio Bariaini "jasanezina" delako. "Europatik kanpoko elikagaiei ateak zabaltzen zaizkie inolako kontrol, arau betetze edo neurririk gabe. Ezin eramanezkoa zaie bertako laborariei", azaldu du Bariainek. Eredu hori zaharkitua dagoela gaineratu du eta diseinu berria behar duela.

"Hasteko, distribuzio handiei zerga ezartzea galdegin behar da eta jasotzen den diru hori landa eremuan inbertitu", uste du. Horretarako administrazioaren esku hartzea beharrezkoa da besteak beste Elikagai Katea izeneko legea betearaziz. PAC, Laborantza Politika Komunaren erabateko aldaketa eta benetako babes neurriak nekazari eta abeltzainentzat eskatu ditu Bariainek: ekonomikoak zein arautegi aldetik.

Eskaera horiek bete ezean mobilizazio egutegia ezagutaraziko dute. Bestelako elkarte eta sindikatuekin ere hitz egiten ari dira elkarrekin kalera ateratzeko asmoz.

EHNE batzartuko da

EHNE sindikatua bilduko da batzarrean eta ondoren eginen du afiliatuekin bilera. Madrildik zein jarrera eta mezu iristen diren ere ezagutu nahi dute. EHNE sindikatuaren ustez burokraziaren hazkundea, produkziorako eskakizunak handitzea, aurrekontuen murriztea eta atzerritik ekartzen diren elikagaien konpetentzia desleiala dira kalera ateratzeko motibo nagusiak. Hasteko, Europar Batasunari eskatu diote beste lurraldeetatik ekartzen dituzten elikagaiei hemen ezartzen zaizkien kalitate baldintza eta araudi bera ezartzea. Ez dute baztertu mobilizazioekin hastea datozen egunetan.