Francis Poineau (EHLG): «Janaria orotarik bada; kontsumitzaileek hautu bat badute egiteko»

Egun hasiko da Lurrama, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) laborantza herrikoi eta jasangarria bultzatzeko sortutako jarduera multzoa. Poineau antolatzaileak laborariaren eta kontsumitzailearen arteko lotura aldarrikatu du. Ipar Euskal Herri mailako laborantza eta elikaduraren bulego baten xedea aipatu du.

Francis Poineau (EHLG)

[berria]

Egundanik etzi arte iraganen da Lurrama, Miarritzeko Irati aretoan. Aurtengo gomitak korsikarrak dira, eta ohorezko gomita, Karine Jacquemart Frantziako Foodwatch erakundearen zuzendaria. Euskal Herriko Laborantza Ganberaren bulegoko kide Francis Poineau (Mitikile-Larrori-Mendibile, 1956) antolatzaileetariko bat da, eta aurtengo aldiaren helburu eta aldarriez mintzatu da: laborantza herrikoia defendatzea izanen da ardatza, laborarien eta kontsumitzaileen arteko zubiak eginez.

Laborantza herrikoiaz bizi eta elikatu duzue Lurramaren aurtengo leloa. Aski orokorra duzu. Zer erran nahi izan duzue horrekin?

Alde batetik, Laborantza herrikoiaz bizi, laborariendako duzu, bizitzeko molde bat duzu. Eta, elikatu duzu, kontsumitzaileei errateko janaria orotarik badela, eta, orduan, hautu bat baditezu egiteko. Esplikatuko dizugu gure ikusmoldea: hemengo mozkinak, tokikoak, sasoi onekoak... Hori iraganarazi nahi dizugu.

Kontsumitzeko molde horri buruzko hitzaldi bat emanen duzue, justuki.

Laborantza herrikoia: esplikatuko dizugu kontzeptua nolakoa den. INRAEko jendeekin [Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Frantziako Ikerketa Institutua], ikertzaileekin, definizio izugarri zehatza finkatu genizun, non hitz bakoitza artoski hautaturik izan baita. Horretan badituzu hamar printzipio handi: ekoizpenen banaketa, buruaskitasuna, baliabide jorien eta bakanen arteko harremana...

Ber mementoan, etxalde zenbaitekin erakutsiko dizugu. Badituzkezu bi zuberotar. Bettan Keheille altzürükütarra, familiako etxaldea hartu duena berriki, erakusteko ez dela behar alimaleko etxalde bat bizitzeko. Bestea Ximun Luku, bere emaztearekin plantatu dena Muskildin. Hura ez duzu txit etxekoa: beste etxalde bat hartu dizu, baina ez laborari seme bezala, eta hori ere inportanta duzu, zeren laborari mundua behar dizugu besteei zabaldu eta laborari ez direnei ere. Bien kasuan, hautu bat duzu, bizi molde bat. Eta Korsikako laborari bat ere izanen duzu: mahastizaintza egiten dizu.

Hain zuzen, aurtengo gomit ofizialak dira korsikarrak.

Urte oroz gune batekoak gomitatzen ditizugu; aurten korsikarrak. Badizugu harreman zenbait, izan gintuzun ikustera, eta atzeman dizugu talde bat motibaturik Ajaccio inguruko lurraldean: 30 bat laborari eta hautetsi zenbait. Harreman hartu genizun herri elkargo batekin, eta pentsatu genizun zendako ez egin bezperan [atzo gauean], hautetsien artean, Korsikako eta Euskal Herriko bilakaera instituzionalaren inguruko hitzaldia.

Haiek ODARC Korsikako Nekazaritza eta Landa Garapenerako Bulegoa baditezu, eta guk ere, gure aldetik, nekazaritza eta elikaduraren bulego bat aldarrikatzen dizugu. Pixka bat ganberen problematikatik at joateko, eta departamenduko ganberaren eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren arteko gerlatxo hortarik ilkitzeko. Entseatu, azkenean, urrunago joaten Ipar Euskal Herri mailako nekazaritza eta elikaduraren bulego batekin. Denak sartuko zituzun: Paueko [Okzitania] ganbera, gu, kontsumitzaileak... Ez laborariak baizik. Zerbait zabalago nekazaritzaren norabideez hitz egiteko.

Beraz, lotura egiten duzue bilakaera instituzionalaren eta laborantza herrikoiaren artean?

Maila globaletik hartu dizugu ikuspegi instituzionalean, baina maila lokaletik ere bai, laborantzaren aplikazioan eta politikek ukaiten ahal dituzten ondorioei dagokienez. Paueko ganbera departamendukoa duzu, baina gure lurraldeari so egiten badiogu, berezitasunak ditizugu, eta horien arabera lan egitea gure onetan zukezun. Europako funtsa Akitania Berriko eskualdetik iragaten duzu, baina Akitania Berrian zer gara gu? Erraten zigutezu: «Mendi lurraldea zarete, baina ez zarete zuek bakarrik, Limousin (Okzitania) ere bada». Bai, ados, baina han kasik etxalde oroek 150 edo 200 hektarea ditiztezu... Ez dizu deus ikustekorik!

Nolabait, anbizio politikoa duzu, baina noblea. Gauzak hemendik kudeatu, ezagutzen baititugu, eta gure berezitasunei egokituak diren erabakiak hartu behar baitira. Neurrira josia balitz bezala; eskapatzen zaizkigun politika globalak ukan beharrean.