Lehen aldiz, «zirkuitu itxian» hazitako hegaztiak hiltzeko agindua jaso du Gabadiko abeltzain batek. ELB sindikatuak «hegaztien hiltze zentzugabeari» aurre egin eta ganaduzaleak babesteko sare bat antolatuko du.
ENTZUN NAHI EZ
Laborarien sindikatua departamenduko zerbitzu sanitarioaren buruarekin biltzen saiatu da, alfer-alferrik. «Administrazioak ez du deus entzun nahi. Hegazti denak hil behar direla bakarrik diote», salatu du ELBk.
---
Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuko kideak Gabadin (Nafarroa Beherea) bildu ziren atzo, hegaztiak hiltzeko agindua jaso duen abeltzain bati elkartasuna erakutsi, eta, ohartarazteko, zerbitzu sanitarioak laborari baten abereak hiltzera joango direla jakiten badute, berau «defendatzeko mobilizatu egingo» direla.
Ez da Ipar Euskal Herriko abeletxe batean hegaztiak hil behar dituzten lehen aldia, baina orain artean soilik enpresa handietan izan dira sakrifizioak. Prebentzio moduan hartzen diren neurriak dira gehienetan. Orain arte, 4 milioi ahate hil dituzte Estatu frantsesean hegazti gripea dela eta, baina horietatik 2,3 milioi ez zeuden eri.
Gabadiko abeltzainaren baserrian ere ez dute topatu hegazti gripe kasurik, bere «uso eta oiloak sano dira». Aldiz, eskualde berean den enpresa handi batean antzemandako kutsadura zantzuengatik jaso du abereak hiltzeko agindua.
Afera berri honekin, ordea, beste arazo bat azaleratu da, izan ere, eskualde horretako abeltzain guztiek espresuki debekatua zuten abereak mugitzea, baina, antza, zenbaitek salbuespen baimenak eskuratu zituzten hegaztiak sartu eta atera ahal izateko. Hori ikusita, ELBko kideek galdetu zuten nola den posible «neurri zinez zorrotzak inposatzen dituzten artean, derogazio baimenak onartzea».
Arazoa, sistema industriala
Panpie Sainte-Mariek azaldu zuen arazoa sistema industriala dela. «Enpresa txikietan zirkuitua itxia da, ez da hegaztirik sartu edo irteten, eta genetikoki indartsuagoak dira», argitu zuen. Aldiz, «enpresa handietan, jaiotzen diren unetik hiltzen dituzten arte lau bider mugitzen dituzte lekuz; hor sortzen da kutsatzeko arrisku handiena».
Egungo prebentzio neurriak alferrikakoak dira Sainte-Marieren ustez, izan ere, «logika horren arabera datorren urtean ere hegazti guztiak hiltzen hasi beharko lukete». Ordea, ELBko kidea itxaropentsu agertu zen, izan ere, «honek ez hanka ez bururik ez duela aski zabaldua da jendartean eta afera politikoa da. Espero dugu indar harreman bat sortzea egoera aldatzeko».
- - -
Jatorrizko artikulua GARA.n: IKUSI HEMEN