Batez ere oreinei eta behiei eragiten dien gaixotasuna da. Eltxoen ziztadaren bidez transmititzen da animalien artean, eta ez die pertsonei eragiten, ezta kutsatutako animalietatik lortutako elikagaiei ere.
[eitb.eus]Euskadik gaixotasun hemorragiko epizootikoaren lehen agerraldiak detektatu ditu Gipuzkoako bederatzi ustiategitan eta Arabako batean. Gaixotasun biriko ez-kutsakorra da, eta, batez ere, oreinei eta behiei eragiten die.
"Gaixotasuna animalien artean transmititzen da eltxoen ziztadaren bidez, eta ez die pertsonei eragiten, ezta infektatutako animalietatik lortutako elikagaiei ere", Eusko Jaurlaritzak argitu duenez.
Joan den azaroan Andaluzian lehen aldiz agertu zenetik, berehala hedatu da Estatu osoko behi-aziendaren artean, eta dagoeneko hamar erkidegotan du eragina: Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Extremadura, Murtzia, Madril, Valentzia, Aragoi, Asturias eta Kantabrian.
Agerraldien kopuruak gora egin du udako hilabeteetan, gaixotasuna zabaltzen duen eltxoaren jarduera handiagoa baita.
Jaurlaritzak zehaztu duenez, irailaren hasieran hasi ziren euskal ganadutegi batzuk gaixotasunaren lehen sintomak atzematen beren animaliengan, mingain urdinaren sintomen antzekoak.
Albaitaritza-zerbitzu ofizialek laginak hartu zituzten egoera horren berri izan ondoren. Horrela, birusa antzeman da Gipuzkoako bederatzi ustiategitan eta Arabako batean.
Behien kasuan, gaixotasuna bi astetan sendatzen da normalean, baina kasu batzuetan sintomak larriagotu egin daitezke. Horregatik, detektatu ondoren, sintomak tratatzea gomendatzen da, animaliaren osasun-egoerak okerrera egin ez dezan. Komeni da, halaber, intsektuen aurka borrokatzeko neurriak hartzea, hala nola intsektizidak eta uxagarriak erabiltzea animalietan, instalazioetan eta ibilgailuetan, eltxoaren ugalketa-eremuak murrizteko.
Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE) ohar batean azaldu duenez, antibiotiko eta antiinflamatorio batzuk on egiten die kutsatutako animaliei eta jatea eta edatea errazten diete (penizilinak eta terramizinak). Izan ere, bigarren mailako infekzioak sortu ditzake gaitzak, ahoko zauri mordo batekin batera, eta hauek arintzen dituztela dirudi baserritarrek egin dituzten frogetan.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek, Neikerren eta Elikaren laguntzarekin, gaixotasun horri buruzko materiala prestatu dute abeltzaintza-sektoreari informazioa emateko.