[Naiz-en argitaratutako berria eta argazkia]
Mobilizazio jendetsua egin da Donostian Gazako sarraskia gelditu eta konponbidea eskatzeko. ‘Palestina aurrera’ eta ‘Hau ez da gerra bat, genozidio bat da’ oihuak nabarmendu dira mobilizazioan zehar, eta milaka eta milaka euskal herritarrek beren elkartasuna bidali dute Palestinara.
Gernikako odolustea jasan zuen herritik mezu ozena bidali da gaurkoan nazioartera: Gazako sarraskia gelditu eta Palestinako gatazkari konponbidea eman, autodeterminazio eskubidean oinarritua.
Milaka lagun bildu ditu Donostian Gernika-Palestinak egun gutxitan aurrera eramandako premiazko ekimenak. Europa osoan bi aste hauetan egindako mobilizazio handienetakoa izan da. Mobilizazioko pankarta burua amaierara, Alderdi Ederrera, iritsi denean mobilizazioko azken lerroak Perla inguruann zeuden. Hau da, Antiguako tuneletik abiatutako protesta jendetsuak Boulebarra, Askatasuna etorbidea, Zubieta kalea, eta kontxako zati handiena bete ditu, ia ibilbide osoa jendez lepo.
Kezkaz eta amorruz ekin diote bideari milaka lagun hauek, Antiguako tuneletik abiaturik. Sindikatu nagusi guztiak erakarri ditu deialdiak (ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, CGT...), bai eta alderdi ugari ere (EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu, Ezker Anitza, Contigo-Zurekin, EH Bai, Sortu eta Alternatiba). Mobilizazio hasieran egindako adierazpenetan, Agus Hernan eta Zuriñe Rodriguez deialdiko bozeramaileek adierazi dute atxikimendu eta parte hartze «anitza eta transbertsala» izan duela deialdiak, eta hori garrantzitsua dela gaineratu dute: «Euskal Herriko gehiengo soziala, sindikala eta politikoa bildu gara adostasunean, hori da gure balorea».
‘Palestina aurrera’ eta ‘Ez da gerra bat, genozidio bat da’ oihuak nabarmendu dira, baina aldarriz beteriko mobilizazioa izan da. Manifestari askok Palestinako zapia zeramaten, beste zenbaitek haurrek marrazturiko palestinar banderak, edota ikurrinekin batera aireratutakoak.
Aldarri askok eta anitzek izan dute bere tokia mobilizazioan zehar, ‘Gaza SOS’ zioen pankarta handia bota dute tunelean bertan, hasieran eta genozidioarekin bukatzeko eskatzen zuten pankartekin batera, ‘Israel boikot’ ziotenak ere bazeuden. ‘Estatu sionista, estatu terrorista’ oihuak ere sumatzen ziren ‘Israel hiltzaile, Europa laguntzaile’ garrasiekin batera.
[Artikulu osoa]