Gehiengo sindikalak Confebaski eskatu dio gutxieneko soldata propioa negoziatzera eseri dadila

Confebaski gutxieneko soldata propioa negoziatzera eseri dadila exijitu diote ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta HIRU sindikatuek, Bilboko egoitzaren aurrean mobilizazioa eginda. Sindikatuek gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izen behar dela adostu dute.

Gutxieneko soldata hemen erabaki

[naiz:]

ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU sindikatuek eta Etxalde mugimenduak elkarretaratzea egin zuten atzo Confebasken egoitzaren aurrean, Bilbon. Salatu dute patronalak betoa jarri diola Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa adosteari eta negoziatzera eseri dadila exijitu diote. Halaber, Lakuako Gobernuari Confebaski ematen dion babesa baldintzatu dezala galdegin diote.

Elkarretaratzean adierazi dutenez, hilean 1.500 eurotako gutxieneko soldata adosteko prestutasuna agertu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gehiengo sindikalak. Akordio horretara heltzeko «esfortzu nabarmena» egin dutela adierazi dute sindikatuek eta kritiko agertu da Confebaskek haiekin bildu nahi ez izanarekin. Horregatik, ukatu dieten bilera horretan entzun nahi izan ez dituenak ohiukatu dizkiote gaurko mobilizazioan.

LABeko Oihana Lopetegik adierazi zuen patronala «parasito bat» bezala jokatzen ari dela, Euskal Herriko langileen kontura aberasten ari delako haiei behar bezalako bizi kalitatea bermatzeko soldatak ez ordainduta. Halaber, sindikatuak uste du jarrera horrek eta LGS propio bat ez izateak ezbaian jartzen dute Euskal Herriaren garapen ekonomikoa.

ELAren izenean Peio Igeregik azaldu zuen patronalak nahiago dituela estatu mailako hitzarmenak, langileak esplotatzea ahalbidetzen dutelako. Gaineratu zuen «talentua erakartzearen» ideia horren aurka badaude ere, horrentzako oztopoa ez dela euskara, azken aldian sinestarazten saiatzen ari diren moduan, baizik eta lan baldintzak.

ESK sindikatuak argi ikusten du gutxieneko soldata propioa prekarietatearen aurkako tresna dela eta azpimarratu nahi izan du mesede egingo diela langile sektore zaurgarrienei, hala nola, emakumeei, gazteei eta pertsona migratuei.

Elkarretaratzean nabarmendu dute adostu duten aldarrikapenak 140.000 langile ingururi eragingo diela. Tartean daude emakumeak, migratutako pertsonak, aniztasun funtzionala dutenak eta gazteak. Izan ere, kolektibo horietako gehienek estatuan sinatutako hitzarmen kolektiboa dute edo inongo hitzarmen eguneraturik gabe daude gaur egun. Horregatik, sindikatuek uste dute patronalak egoera bere horretan mantentzearen alde egiteak agerian utzi duela «esplotazioan oinarritutako eredu ekonomiko baten alde» egiten duela, eta horretarako espainiar Estatuko lan harremanen esparrua «oso baliagarria» zaiola.

Betoari ezetza

Sindikatuek argi utzi dute ez dutela onartuko Confebaskek gutxieneko soldata propioa ezartzeko betoa izatea. Horretarako, presioa egingo diote patronalari, mobilizazioen bidez. Marko horren baitan kokatu dute hurrengo hilabeteetan gutxieneko soldata propio baten alde jasoko dituzten sinadurak, Gasteizko Parlamentuan izapidetutako Herri Ekimen Legegilea onartzea xede izango dutenak.

Horrez gain, alderdi politikoei eta instituzioei dei egin diete Confebaski aurre egin diezaioten, ematen dioten babesa baldintzatuta. Izan ere, uste dute patronalak soldata politika monopolizatu ez dezan ezinbestekoa dela ekimen politikoa. Horretaz aritu ziren herenegun arratsaldean Imanol Pradales lehendakariarekin izandako bileran eta gaur Euskadi plazan oihukatutako aldarrikapena helarazi zioten.

Atzoko elkarretaratzearekin eta larunbatean pentsiodunekin batera deitutako manifestazioekin batera, gutxieneko soldata propio baten aldeko mobilizazio ziklo bati hasiera eman diote sindikatuek. Hori dela eta, militantzia zein euskal jendartea deitu dute larunbateko mobilizazioarekin bat egitera eta gutxieneko pentsio eta soldata propio baten alde Hego Euskal Herriko kaleak betetzera.