Gernika-Palestinak mobilizaziorako deia egin du urriaren 21ean, Palestinan “genozidioa” geldiarazteko

Genozidioa stop Gernika-Palestina - Urriak 21

Gernika-Palestina herri ekimenak urriaren 21ean mobilizatzera deitu du euskal gizartea, Israeli eskatzeko Palestinan genozidioa amaitzea eta Israeli armen eta baliabide militarren salerosketa etetea. Jardunaldian mobilizazio sindikalak eta hezkuntza-komunitatearen mobilizazioak egingo dira goizean, eta elkarretaratzeak egingo dira udaletxeen aurrean 19:00etan.

Deialdia

«Bidegurutze historiko batean gaude! Humanitateak une erabakigarria bizi du! Eta guk etorkizuna eta itxaropena eraikitzearen aldeko hautua egin dugu. Ezin gara isilik geratu. Genozidioa STOP! Gerrarik EZ! Euskal jendartea historiaren alde onean dagoela ziurtatu nahi dugu. Bakearen, justiziaren eta gizatasunaren aldean.

Ezinbestekoa dugu munduan eta baita Euskal Herrian ere, indarrak batzeko modu masiboan mobilizatzea. Genozidioa geldiarazteko eta konponbidea aldarrikatzeko jendarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe baita: aktibazioa. Dei egiten diogu euskal jendarteari, urriaren 21ean, Donostian izandako lehen mobilizazio handiaren urteurrenarekin bat eginez, herri guztietako udaletxeen aurrean izango diren kontzentrazioetan parte hartzera.».

Adierazpena

«2023ko urriaren 7tik aurrera, Palestinaren kontra areagotu den biolentziak eta genozidioak inoiz ezagutu ez den ezberdinen arteko elkarlana eta mobilizazioa ekarri dute Euskal Herrira. Ugariak eta arrakastatsuak izan dira Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko egindako ekimenak. Euskal Herriak lagundu du Palestinaren oihua munduan kokatzen. Aitzitik, Ekialde Hurbiletik iritsitako azken berriek eta palestinarren SUNTSIKETA egoerak ezintasunez betetzen gaituzte. Israelen bortxa eta inpunitateak ez du mugarik.

2024ko urriaren 7 honetan, munduko herriontzat Bakea eta Justizia aldarrikatu nahi ditugu. Horrez gain, galdera bat luzatu nahi dugu: zergatik onartzen dio nazioarteko komunitateak Israelgo estatuari inpunitate hori?».

Gernika Palestinaren irakurketa

«Irudika al dezakegu lurrik gabeko herri bat, lurralderik gabeko nazio bat? Irudika al dezakegu 1948tik Israelek behartu duen exodo palestinarra? Irudika al dezakegu istant batez, zer den norberaren etxea, auzoa, olibondoak, itsasoa, abandonatzea? Irudika al dezakegu M. Darwish poeta handiak zioen bezala, ausentzia mapa bat?

Ezerk ez du inoren lurraldea okupatzea legitimatzen, ezta gerren ondorio krudelak ere, ez eta populazio oso bat suntsitzea, giltzapetzea, edota ukatzea ere. 2024. urte honetan, ordea, inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko gara, eta halere, nazioarteko komunitateak ez du izugarrikeria honekin bukatzea lortu. Izugarrikeria diogu, bi daturen bidez soilik ikusaraz dezakegulako genozidio palestinarraren irismena: Israelgo armadak, Israelgo estatuak alegia, dagoeneko 41.000 palestinar erail ditu, eta Gazako kaleen eta azpiegituren %70 suntsitu ditu. Bi datu soilik, ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen Nakbha baten aurrean gaudela baieztatzeko. Israelek Libanori eraso eginda, milaka hildako eta suntsipen gehiago eragingo duen urratsa egin du. Non eta nola amaituko den ez dakigun espirala abiatu da.

Horrek guztiak nazioarteko ordenaren noraezaren zantzuak azaldu dizkigu. Gaur-gaurkoz, nazioarteko komunitatea ez delako gai izan, II. Mundu Gerraren ondoren eraikitako orube legalean oinarriturik, Israelen inpunitatearekin amaitzeko, eta Palestinaren biztanleagoari segurtasuna eta itxaropena bermatzeko.

Iazko urriaren 7tik, 12 hilabete beltz eta luze hauetan, munduko beste herri eta txoko askotan bezala, Euskal Herrian, Gernikako herrian, kale zein instituzioetan, bakea eta nazioarteko zuzenbidea erdigunean jarri nahi izan dugu, biak txanpon beraren bi aldeak baitira.

Iragan ekainean EBko hauteskundeen giroan, erakunde horri eta haren buruzagiei eskatu genien Israelgo politika genozida amaitzeko euren esku dauden neurri ekonomiko eta komertzialak har zitzatela; eta, zehazki, EBri eskatzen genion Israelekin duen merkataritza elkartea eten zezala.

Gernika Palestina ekimena bultzatzen dugun eragile sozial, sindikal eta politiko guztiok, elkartasunetik itxaropenerako leku bat dagoela oihukatzen dugu! Asko gara kaleetan aldarri egiten dugunak, “nahikoa da” oihukatzen dugunak! Bakea eta Justizia bilatuko duen ordena politikoa eskatzen dugunak! Eta ordena berri hori osatzen joateko, ez gara nekatuko honako aldarrikapen eta ideia hauek azpimarratzen eta exijitzen:

    • Palestinarrek berehalako su-etena behar dute, armak isil daitezen, eta buka dadin Israelek egindako okupazio koloniala.
    • Mendebaldeko estatuek gelditu egin behar dituzte Israelgo Estatuari egindako arma eta baliabide militarren erosketa eta salmenta.
    • Inongo estatu edota potentziaren ingerientziarik eza Palestinan, eta bere autodeterminazio-eskubidearen errespetua funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu. Palestinako biztanleek baliabide material eta politikoak behar dituzte beraien lurraldean gelditu eta duintasunez bizi ahal izateko.
    • Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, elkarrizketa eta negoziazioa dira egoera krudel honi irtenbidea emateko elementu nagusiak. Nazioarteko komunitatearen parte-hartze aktiboa funtsezko gakoa da. Horren bidez, aldeak negoziatzera bultzatu, eta Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzeko modu bakarra da».