Getariako hegalabur kaiolak, Madrilen ingurumen baimenaren zain
- 2024 - Mai - 30
Kostatik 3,6 itsas miliara jarri nahi duten haztegian ekainean hasi behar zuten lanean, baina atzeratu egingo dira. Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren oniritzia dauka, eta kofradiek bultzatu dute, baina zalantza batzuk sortu ditu.
[berria]Uda honetan hastekoak ziren, baina oso litekeena da datorren urtera arte atzeratzea. Getariako kostatik (Gipuzkoa) 3,7 itsas miliara (6,6 kilometro) hegalaburra edo atungorria gizentzeko bi kaiola handi jarri nahi ditu Kataluniako Balfego enpresak, Azti ikerketa zentroarekin elkarlanean. Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren baimena jaso zuen apirilean, eta Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikoaren Ministerioaren mahaian dago orain.
Azpiegitura berritzailea da; halakorik ez dago Kantauriko itsasoan; bai, ordea, Mediterraneoan eta Europako iparraldean; Norvegian, esaterako, bakailaoa eta izokina gizentzeko. Egitasmoak ikusmira handia eragin du Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantza sektorean, baina, aldi berean, zalantza ugari ere bai.
Juan Jose Navarro Balfegoko zuzendariaren ordezkoak azaldu duenez, ministerioaren baimena garaiz iristea espero zuten, baina atzeratzen ari da. Madrilgo gobernuak ez dauka erantzuteko eperik, eta txosten osagarriak eska ditzake. «Badirudi atzeratu egingo direla».
Oniritzia datozen hamabost egunetan iritsiko balitz, uztaileko bigarren hamabostaldian edo abuztuan hastea ez dute baztertzen. Izan ere, haien asmoa aurten proba moduan abiatzea zen, «hegalabur gutxirekin».
Navarrok dio dena prest daukatela azpiegitura jartzeko eta 25-30 egun beharko dituztela horretarako. Orioko kaitik garraiatuko dute material guztia, baina, gaur egun, han ez dago horren arrastorik. 2,1 milioi euro kostako da.
Zergatik hegalaburra
Hegalaburra «arazo» bat bihurtu da euskal arrantzaleentzat. Hegaluzearekin konparatuta, kuota txiki bat dute, baina harekin zer egin ez dakite, ez baitute arrantzatzen. Aurreko mendean oso arrantza preziatua izan zen. Euskal kostaldetik oso gertu zegoen, baina harrapatzeko zaila da, oso suharra delako eta astuna —100 kilo ingurukoa—. Horregatik, euskal arrantzaleek nahiago izan dute hegaluzetan aritu.
Baina hori ez da arrazoi bakarra. Urteen poderioz, arrantza «deskontrolatu» egin zen, eta 1990eko hamarkadaren erdialdera espeziea euskal kostaldetik galtzeko zorian egon zen. Hala, 2008. urtean ICCAT Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordea hegalaburraren eta hegaluzearen arrantza kuotak ezartzen hasi zen baxurako ontzien artean. Horrekin batera, bi azpisektore sortu zituen: batetik, arrantza arte tradizionalak edo artisau metodoak erabiltzen dituztenena, eta, bestetik, inguraketa arrantza egiten dutenena, nagusia gaur egun. Bigarren horien artean bakarrik banatu zen kuota.
2010ean, Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek hegalaburra harrapatzeari utzi zioten, arrantzatzeko eta merkaturatzeko arazoak tarteko, eta kuota saltzen hasi ziren. Hasieran, kuotaren heren bat, gero erdia, Murtziako (Espainia) Ricardo Fuentes taldeari. 2019an, Tarragonako (Katalunia) Balfegori saldu zioten kuota osoa: hain justu Getariako haztegian arituko den enpresari.
Kuota: norena, zertarako
Iaz, Espainiako Gobernuak arrantza iraunkorrari eta arrantza ikerketari buruzko legea egin zuen. Horren arabera, ontzi batek bi urtez ez badu esleitutako kuota arrantzatzen, galdu egiten du. Gaur egun, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek kudeatzen dituzte kuotak, barkuek ez dituztelako erabiltzen.
Araudi berria etor zitekeela jakinik, kofradiek —Gipuzkoakoek bereziki— kezka agertu zuten; hainbat bilera egin zituzten Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzarekin, eta Balfegok Mediterraneoan dituen hegalabur haztegien moduko egitasmo bat euskal kostaldean saiatzea aztertu zuten.
Baina kuota osoa enpresa pribatu bati saldu ordez —horrek sortu ditzakeen arazoak saihesteko— ondorioztatu zuten egokiena zela Azti ikerketa zentroaren bitartez «enpresa publiko-pribatu» bat sortzea eta horrek kudeatzea kofradien kuota.
«Jaurlaritza kofradien burua denez, Azti haiekin bat eginda dagoela argudiatu dezakete horrela», azaldu du Leo Belaustegik, Ondarroa 12 Milia artisau arrantzaren aldeko elkarteko kideak. Zalantzarik ez du egitasmoa «legezkoa» dela, eta hala izan dadin ahalegin guztiak egin dituztela horretan inplikatutako eragile guztiek, baina, haren iritzian, ez da biderik egokiena sektorearen iraupenari begira.
Kofradiek ez dute berdin pentsatzen, eta, diotenez, arrantzatu gabe geratu ohi den kuotari irtenbide «errentagarri» bat emateko bidea izan daiteke egitasmoa. Hala mintzo da Emeterio Urresti Getariako kofradiako presidentea: «Kuotarekin hiru gauza egin ditzakegu: ez arrantzatu, arrantzatu, edo beste enpresa baten bitartez komertzializatu. Haztegiaren aukera jarri digute mahai gainean enpresak eta Jaurlaritzak, eta guk probatu egin nahi dugu». Gogoratu du aurrena esperimentu pilotu bat egingo dutela, eta gero emaitzek erakutsiko dutela nondik jo. «Positiboak baldin badira, zalantzarik ez dut proiektua arrantzaleen onuragarri izango dela».
Urrestik egunkari honen galderei erantzunez egin zituen adierazpen horiek maiatzaren 8an, antxoaren kanpainaren berri emateko Jaurlaritzako ordezkariekin batera Getarian eginiko agerraldi batean. Han izan zen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, eta hark ere egitasmoaren bideragarritasuna defendatu zuen. «Arrantzaleek proposatutako ideia baten» garapena dela azpimarratu zuen, eta Jaurlaritzaren laguntza jaso dutela. «Proiektu honekin, beste balio erantsi bat jarriko diogu sektoreari. Daukagun kuota handia ez izan arren, egitasmo honek aukera ematen digu beste era batera kudeatzeko eta askoz ere errentagarritasun handiagoa ateratzeko».
Antzera mintzatu zen Haritz Alberdi Getariako alkatea ere (EH Bildu). «Herritik nahiko urruti dagoen azpiegitura bat da, eta, ezagutzaren aldetik ere, getariarroi nahiko urrun geratzen zaigu gaia. Dena den, itsasotik bizitzen jarraitu nahi badugu, dibertsifikaziora jo behar dugu».
Beste aukerak
Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzak Arrantza zuzendaria izan da egitasmoaren bultzatzaile nagusietako bat. Urteak eman ditu kofradietako buruekin hegalaburraren «arazoari» irtenbide bat bilatzen, eta hitz hauekin defendatu zuen egitasmoa BERRIArekin egindako azken elkarrizketan. «Azken bost-sei urteetan hegalaburrarekin zer gertatu den aztertu behar da. Gure arrantzaleek beren arrantza kuotak edo lizentziak saldu dizkiete Espainiako enpresei, errentagarriago zaielako. Halako proiektu batekin, lortu dezakegu kuota horiek hemen geratzea, hemengo arrantzaleak halako enpresa baten jabe edo sozio eginda».
Belaustegik ez du horren argi ikusten. Haren ustez, beste irtenbide bat behar litzateke: hegalabur kuotak banatzea arte tradizionalak erabiltzen dituzten ontzien artean, zati bat behintzat. «Galzorian dagoen arrantza mota eta sektore bati eusteko bidea izango litzateke, eta elikadura burujabetza benetan bultzatzeko neurria».
Ondarroa 12 Milia elkarteko kideak gogoratu duenez, hala egin dute Kanarietan, eta hala egitekoak dira Frantziako iparraldean. Europako Batasunak apirilean kaleratutako ebazpen batek arrazoia eman die hango arrantzale txikiei elikadura sektoreko enpresa handien aurrean.
Arrantza Politika Komuneko 17. artikuluaren arabera, kuoten banaketan lehentasuna izan behar dute ingurumenari kalterik txikiena egiten dioten teknikak erabiltzen dituzten arrantza motek. «Ebazpen horretan oinarrituta ari gara eskatzen euskal ontziei dagokien kuotaren zati bat behintzat artisau arrantzaleen artean banatzeko».
Tapia sailburuaren irudiko, berriz, «ondo dago betiko arrantza hori», baina «bide berriak» jorratu behar direla uste du. «Ontziak modernizatzen ari dira, eta modu askoz ere eraginkorrago batean ari dira lanean. Horrez gain, zer beste aukera dauden ere aztertu behar dugu, eta horien artean hau zegoen. Beste leku batzuetan egin ahal bada, proba dezagun ea hemen ere posible den».
Jasangarria ote
Apirilean eman zuen Jaurlaritzak haztegia egiteko ingurumen baimena. Egitasmoak itsasoaren eta kostaldearen ezaugarri geomorfologikoekin loturiko zailtasun tekniko batzuk planteatzen ditu, eta ingurumenarekin lotuak ere bai. Jaurlaritzaren txostenean aipatzen dira horietako batzuk: besteak beste, sedimentuetan, uraren kalitatean eta bioaniztasunean kalteak izango direla aurreikusten du, baina ondorio honetara iristen da: «Aipatutako aldagaien gaineko eragina ez da esanguratsua [...] Ez da eragin negatibo nabarmenik aurreikusten».
Bestela pentsatzen du Belaustegik. Batetik, kutsadura arazoak azpimarratu ditu. Azaldu duenez, halako haztegietan hegaluzeek bazka asko uzten dute jan gabe, eta hori itsas hondoan geratzen da azkenean; orduan, arraina usteldu, eta beste espezie batzuek jatean, anisakis parasitoa zabaltzeko arriskua handitzen da.
Bestetik, azpiegituratik gertu arituko diren arrantzaleei eragingo dizkien kalteak ere kontuan hartzeko modukoak direla dio. «Ontzi askoren pasabidea da, eta aurten, adibidez, inguru horretan antxoa arrantzatzen aritu dira».
Horrez gain, beste arazo batzuk ere ikusten ditu. Elikadura burujabetzan izango duen eragina, adibidez. Gogoratu du hegalabur bat kilo bat gizentzeko 10-15 kilo arrain urdin behar direla —berdela eta sardina nagusiki—. «Arrain hori gure kontsumotik kenduko dugu kanpoan salduko den arrain bati jaten emateko». Japonian bereziki, han oso preziatua baita hegalaburra, sushia egiteko.
Egitasmoa defendatzen dutenen beste argudio bati ere egin dio aurre Belaustegik: enpleguarenari. Azaldu duenez, azpiegitura mantentzeko zortzi-hamar pertsona beharko dira, eta beste bost-sei lagun hegalaburrak arrantzatu eta garraiatzeko. «Hori bi artisau ontzi lirateke. Kuota banatuz gero, arrantzale gehiago aritu ahalko lirateke».
Baina badago egitasmoa ezbaian jar dezakeen beste kontu bat. Espainiako Estatuak ez du baimentzen Kantauriko itsas eremuan kostatik hamabi miliara inguraketa teknikak erabiltzea hegalaburra eta hegaluzea harrapatzeko. Araudi hori indarrean dago. Gainera, debekatu egiten du 600 metro baino gehiago duten sareak erabiltzea inongo espezietarako, eta Balfegok Mediterraneoan erabiltzen dituenek ia 2.000 metro dauzkate. «Ez dakit hori nola konponduko duten, baina hor arazo bat izan dezakete administrazioarekin».
JAKINGARRIAK
Nola
Enpresaren ontzi batek edo hark kontratutako batek arrantzatuko ditu hegaluzeak, sarearekin, inguraketaren teknika erabiliz. Ondoren, sare horretan haztegiraino eramango dituzte arrainak, itsasotik atera gabe eta haien abiadura errespetatuz. Azpiegiturara iristean, kaioletara pasatuko dituzte, ate batzuen bitartez.
Noiz
Kanpaina ekainean hasiko lukete, eta urrira arte izango lituzkete kaioletan, gizentzen. Urrian sakrifikatuko lituzkete, komertzializatzeko. Hil ostean, aleak berehala erraigabetu eta hoztuko dituzte, kalitatea mantentzeko. Gainerako hilabeteetan, azpiegitura ez da erabiliko, baina mantentze lanak beharko ditu.
Zenbat
Oraindik ez dago zehaztuta Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontzien kuotatik zenbat geratuko den Balfegoren esku —2019an osoa saldu zioten—, eta horretatik zenbat erabiliko den Getariako haztegian eta zenbat erabiliko duen enpresak Mediterraneoan arrantzatzeko eta hazteko. Egitasmoan jasotzen denez, urtean gehienez 500 tona hegalabur gizendu ahalko dituzte Getarian, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek 1.300 tonako kuota dute. Lehen urtean, 100 ale sartzea aurreikusten dute, hamar tona inguru. Bigarren urtean, 150 tona, eta hortik aurrera, 500 tona.
Elikadura
Hegalaburrak astean bost-sei egunez elikatuko dituzte, arrain urdinarekin soilik. Debekatua izango dute beste elikagai mota batzuk erabiltzea. Halako azpiegituretan, ohikoa izaten da animalia, landare eta jatorri sintetikoko pentsuak, olioak edo irinak erabiltzea.