Gaur goizean, ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute Bilboko Plaza Biribilean, "Gotzon S.O.S." dinamika babesteko eta Gotzon Telleria preso gaixoaren askapena eskatzeko.

Gotzon Telleria gaixotasun genetiko sendaezina duen 68 urteko preso bilbotarra da. Espetxe-legediak zehazten duen bezala, Gotzonek hirugarren graduan egon beharko luke, gaixotasun sendaezina duelako. Hala ere, bigarren graduan jarraitzen du.
Sindikatuek dinamika propio bati ekin zioten 2019an Sarerekin batera, salbuespenezko politikak salatzeko eta konponbiderako, bakerako eta bizikidetzarako urratsak sustatzeko.
"Konponbiderako pausoak ematen ari garen honetan, ezinbestekoa da gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik atera ahal izatea, euren osasun egoera ez okertzeko eta gaixotasunari baldintza egokietan aurre egin ahal izateko", adierazi du ekimenaren bozeramaileak.