Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatu du ELAk eta urriaren 19ko manifestaziora deitu du

ELA sindikatuak Urdaibaiko Guggenheim proiektuari babesa behin betiko kentzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta urriaren 19an Gernikako kaleak zeharkatuko dituen Guggenheimen aurkako manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Era berean, sinadura bilketan parte hartzeko deia egin die afiliatu guztiei, Solomon R. Guggenheim Foundationi Urdaibaiko Biosfera Erreserba suntsitzeari uko egin diezaion eskatzeko.

Guggenheim Urdaibai astillero Murueta

[ELA]

Urdaibaiko Biosfera Erreserban bigarren Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektua, ELAren iritziz, "zentzugabekeria" da ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, eta "onartezina" ingurumenaren ikuspegitik.

"Akats larria da -dio sindikatuak- eskualdeak behar duen etorkizuneko proiektua turistifikazioan eta azpiegitura handietan oinarritzea; horrelako proiektuek beste lurralde batzuetan herritarrei eragin dizkieten kalte eta galerak ikusi besterik ez dago".

Eskualdeak behar duena "trantsizio ekosozial justuaren printzipioetan oinarritutako etorkizuneko proiektua da, pertsonak eta bizitzak erdigunean jarriko dituena, planetaren mugak errespetatuko dituena eta herritarren ongizaterako planteatuko dena, eta ez negozio handietarako". ELAk iragarri du norabide horretan lan egiten jarraituko duela, eskualdeko trantsizio ekosozialeko proiektuak babestuz.

Sindikatuak urriaren 19an Gernikan Urdaibaiko Guggenheimen aurka egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du, eta Eusko Jaurlaritzari "behingoz proiektua alde batera uzteko" eskatu dio.

Era berean, Solomon R. Guggenheim Foundationi Urdaibaiko Biosfera Erreserba suntsitzeari uko egin diezaiola eskatzeko antolatutako nazioarteko sinadura-bilketan parte hartzeko deia egin die afiliatu guztiei.