Jatorrira buelta etxaldea salbatzeko

[Gaur8/Gara]

Erraza da jakitea Karrantzako Vista Alegre baserriaren izena nondik datorren. Matienzo auzoan kokatua, Karrantzako harana ia osorik ikus daiteke bertotik. Euskal Herriaren mendebaldeko muturrean kokatutako haran honek abeltzaintzan tradizio handia du. Azkenengo hamarkadotan intentsifikaziorako joera izan du, larreak alde batera utziz eta ukuiluratze intentsiboaren alde eginez.

Cesar eta Jose Antonio, Valera anaiak, abeltzainak izan dira betidanik. Beraiek behiak ukuiluratzeko bidea egin zuten, baina baita larreetara bueltatzekoa ere. «Nahiz eta esne gehiago ekoizten genuen, ustiapenaren kontu ekonomikoak gero eta kaxkarragoak ziren; behiek pentsu gehiago kontsumitzen zuten, albaitaritza tratamendu gehiago eman behar genizkien eta esnea orain dela 30 urte bezala ordaintzen ziguten, gaur egun ere gertatzen den bezala. Ondorioz, itzulerako bideari ekin genion, desintentsifikaziora, helburua kalitatean jarriz kopuruan baino. Aldi berean, gure produktuaren balio gehigarria bilatzeari ekin genion. Ziurtagiri ekologikoaren lorpena hasieratik planteatu genuen, gurea bezalako kalitatezko produktu batek behar duen bermea izateko».

Jada hamabost urte pasa dira desintentsifikazioaren bideari ekin ziotenetik. Emandako lehenengo pausua ganaduaren elikadura pentsuan oinarritzetik bazkan oinarritzera igarotzea izan zen. Orain dela bospasei urte behi kopurua murrizten joan ziren, jezten zituzten 45 behi frisoietatik 25 burura igarota. 2011ko apirilean ENEEK-ko ekoizleen erregistroan izena eman zuten, eta, urte bereko abuztuan, gaztandegia martxan zegoen. 2013tik, Vista Alegrek ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria du.

Talde lanaren garrantzia
Prozesuan Helen Groome Cesarren bikotekidearen presentziak eragina izan zuen. Helenek hogei urte baino gehiago egin zituen EHNE Bizkaia sindikatuan lanean, non transgenikoen aurkako borrokan Euskal Herriko aurpegi ezagunenetarikoa bihurtu zen. Emakume ingeles honentzat oso pozgarria izan da etxaldeak bizitako desintentsifikazioa, gaztandegiaren eraikitzea eta zuzeneko salmentarako sarearen gauzatzea bertatik bertara ikustea. «Horrenbeste urtez eredu agroekologiko baten beharra sustatzen egon eta gero, laneko arropa jarri, ekintzara pasatu eta proiektuak funtzionatzen duela ikusteak poztasun handia sortzen dit».

Vista Alegreko taldea Alexek eta Cristianek osatzen dute, hau da, Jose Antonioren semeek. Biak ala biak haraneko gazteek bizi duten langabezia egoera lazgarriaren ondorioz batu ziren egitasmora. Vista Alegren bokazioagatik ez daudela onartzen dute, baizik eta «zerbait egin behar delako». «Egia esateko ganadua oso esklaboa da, goizeko zazpietan hasten gara eta gaueko zortzietan bukatu. Hilabetean hiru egunez libratzen dugu bakarrik eta urtean bi asteko oporrak besterik ez ditugu. Lagunek egin ditzaketen gauza askori uko egitea suposatzen digu horrek. Hori bai, lana dugu behintzat, gure lagun askok ez bezala. Egia da ere gure produktua oso ona dela entzuteak poz handia ematen digula».

Aldaketa
Behien osasun egoera adierazten duen zerbait badago, hori beren esnea da. Vista Alegren hainbat analisi egiten dituzte hilero abelburuen garapena gertutik kontrolatzeko. Emaitzek (beraien web orrialdean kontsulta daitezkeenak) desintentsifikazioaren ostean esnearen ezaugarrietan emandako aldaketak islatzen dituzte. Hala eta guztiz ere, oraindik bidea egiteke dutela adierazten dute, «maneiu erabat ekologikora pasatzean parametro aldaketaren bat ikusi dugu. Adibidez, zelula somatikoen presentzian [esnean ager daitezkeen zelulak] gorabeherak egon dira, nahiz eta maila egokietan mantendu diren. Behien organismoa elikadura berrira edota antibiotiko faltara oraindik egokitu ez delakoan gaude».

Tratamenduen beharra aldatu den beste gauza horietako bat da. Ekologikoan ekoitzi baino lehen mamitiak oso ohikoak zirela onartzen dute; «oraindik ere ematen dira, baina ez dira han zitalak eta prozedura sinpleekin trata daitezke. Produkzio intentsiboa egiten genuenean, mamitiak askoz ere zitalagoak ziren. Nik uste mamitiak elikaduran proteina gehiegi egotearen ondorio direla». Abereen eguneko anoan gehiegizko proteina kopurua saihesteko, transgenikoak ekiditeko eta baita arrazoi ideologikoengatik ere Vista Alegreko pentsuak ez du sojarik. «Soja ekologikoa Amerikatik edota Italia ingurutik dator, urrutitik».

[Artikulu osoa HEMEN]

Proiektuaren web gunea: VistaAlegreBaserria.com