«Kuban ikusi ditugun esperientzietan baserritarraren figurari garrantzia eta zentralidadea ematen zaio» [12 #ETXALDE | Alazne Intxauspe]
– Familia Nekazaritza Baserritar eta Indigenari buruzko tailerrean parte hartu zenuten Kuban. Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso positiboa izan zen hurrengo egunetara begira, konzeptuak eskuratzeko oso baliogarria izan zen. Hango errealitatea ulertzeko balio izan zuen, nola funtzionatzen duten, nola estrukturatzen dituzten kooperatiba ezberdinak, kooperatiba barneko figurak zeintzuk diren eta jendea ezagutzeko ere bai. Adibidez kooperatiba mota baten lurra partikularra da eta beste baten lurra komunala da. Kokatze hori inportantea da, oso ezberdina baita gure mentalidadea eta batzuetan kosta egiten zitzaigun ulertzea zer den han dagoena.
– Agroekologiari buruzko V. Topaketa Internazionalari begira «lur hartze» moduko baten antzekoa izan zen, beraz?
Horrela izan zen bai, hainbat jende bigarren astean egin zen Topaketa Internazionalerako etorri baitziren eta ikusten genuen gauza batzuk ez zituztela lehenegoan ulertzen, guk abantaila antzeko bat lortua genuela aurreko astean egonda ginelako.
– Nekazaritzari buruzko tailer horretan ze gai lantzen dira?
Asko arduratzen dira Kubako historia azaltzen. Figura ezberdinak ere azaltzen dituzte kooperatiba mota ezberdinei buruz, baserritar ia guztiak kooperatibetan antolatuta daudelako. Kooperatiben barnean dauden figura ezberdinak eta betetzen duten funtzioa zaltzen dituzte, adibidez promotor facilitador, coordinador… Gero funtzionamendu praktikoa ikustera eraman gintuzten. Guk ikusi genuen esperientzian lurra bakoitzarena zen, baina zerbitzuak eta komertzializazioa denen artean antolatzen zituzten. Nola antolatzen diren, zeintzuk diren beren erabaki guneak… horrelako gauzka ikusi genituen. Alderdi sozialari ere garrantzia handia ematen diote eta irabazien zati bat gorde egiten dute, adibidez norbait arazoetan badago laguntzeko, edo zikloeiek eginiko kalteei aurre egiteko. Deigarria iruditu zitzaidan, baita ere, apadrinatu egiten dutela, gu egon ginen herrian neska txirrindulari bat apadrinatuta zuten eta beraiek neska horri janari osasuntsua emateaz arduratzen ziren.
– Hirietako nekazaritza asko lantzen duten arloa da.
Habanako baratzeak bisitatu genituen, bai. Hirietako espazioak hartu dira, hektarea eta erdi edo bi hektareatako baratzak dira eta hiriburuko jendeak erosten du horko ekoizpena. Lehenengo esperintzien azalpen teorikoa ematen ziguten eta gero arlo praktikoa bisitutatu. Arlo teorikoari dagokionez, Agroekologiak klima aldaketaren aurrean duen garrantzia azpimarratu zuten.
– Azken kontu hauek, agroekologia eta klima aldaketarena, V. Topaketan landuko zenituzten gehiago.
V. Topaketan nazioartetik iritsitako 170 baserritar egon ginen eta beste 100 inguru Kubakoak. Horiek guztiak batu eta 15 taldetan banatu gintuzten eta bakoitza probintzia batera joan ginen. Hiru egun egon ginen probintzia horretako baserritarrekin ze esperientzia lantzen duten ezagutu ahal izateko. Horren ostean beste bi egun elkartuta egin genituen. Kuban zientzia eta formazioari garrantzia ematen diote, Zientzia eta Formazioa izeneko foro bat dute. Foro horretan herri mailan baserritarrek nahi duten gaia lantzen dute, herri mailatik herrialderako aukeratzen dituzte eta prozesu baten ostean ondoen landuenak Zientzia eta Formazio foro horretara eramaten dituzte. Guk horiek ikusi genituen eta egia esan baserritarrak ikerkuntza horrenbeste lantzen ikusteak harritu egin gintuen.
– Lan egiteko moduan, ereduan, ezberdintasun handiak ikusten dira Euskal Herriarekin alderatuta?
Baserritar bezela lan egiterakoan denok gauza berdintsuak egiten ditugu. Baina adibidez Kuban landareen asoziazioari garrantzia handia ematen diote, lurra errespetatzeari. Beraiek esaten dute helburua dela janaria ematea jendeari eredu jasangarri batean lan eginda. Beste alde batetik ikusten dena da adibidez ikerkuntza baserritarren esku dagoela, lurra lortzeko baserritarrak beharra justifikatzen badu lurra badaukala… Baserritarraren figurari garrantzia handia ematen zaio eta zentralidade bat ematen zaio. Ikusten da behar izan handi bat izan dutela, ikusten da beharragatik eman dela prozesu hau. Blokeoagatik janaria behar zutela ikusi dute eta faktore guztiak baserritarraren zerbitzura jarri dira. Agian esajerazioa da, baina esaten zigutenez baserritarrak daude gehien irabazten dutenen artean. Baserritarra ondo ikusia dago. Egia da baita ere denetik dagoela, agroindustria ere badagoela Kuban.
– Campesino a campesino metodologiari garrantzia handia ematen diote eta asko landu dute.
Baserritarrari figura zentrala ematea da kontua, garrantzia ematea. Nik uste dut lan egiteko modu horretan baserritarrak dignifikatuta daudela. Normalean pertsona bat formatzen dute, guztiei formazioa ematea zailagoa delako, eta gero formazioa jaso duen pertsona hori da jakintzak zabaltzeaz eta trasmititzeaz arduratzen dena. Jaintza zabaldu beharra dagoela azpimarratzen dute, jakintza ez da batek gorde beharreko altxorra. Campesino a campesino metologia berez Ertamerikan sortu zen, baina azkarrena Kuban hedatu da. Oinarria baserritarrarengan ipintzen dute, bere esperientziatik datorkio jakinduria eta ikerketarekin osatu daiteke. Jakintza hori zabaldu beharreko gai bat bezala kontenplatzen dute.