L214 elkarteak Mauleko hiltegian erabiltzen dituzten metodoak agerian utzi ondoren, Stéphane Le Foll Laborantza Ministroak animalien kontrako tratu txarrak gaitzetsi ditu. Gainera, Estatu frantseseko prefeta guziei hiltegiak ikertzea agindu die. ELB sindikatuak "afera zuritu" behar dela nabarmendu du.
L214 elkarteak kamara ezkutu baten bidez Mauleko hiltegian burutzen diren praktikak agerian utzi ditu. Laborantza Ministroa den Stéphane Le Follek agiri baten bidez animalien kontrako tratu txarren aitzinean haserrea adierazi du. Prefetari hiltegia behin-behinean hetsia izan dadin galdegiteaz gain, Estatu frantseseko gainerateko prefetei hilabete batez hiltegi guziak ikertuak izan daitezen eskatu die. Mauleko hiltegia hilabete batez hetsiko dute; ondorioz kamioiak Donibane Garaziko hiltegira bideratzen hasi dira.
Le Follek hiltegietan tratu txarrak erakusten dituen hirugarren bideoa dela azpimarratu du. L214 elkarteak Vigan eta Alèseko hiltegietako praktikak ere grabatu baizituen. Iragan urteko azaroan ministroak hiltegietan tratu txarren kontrako prebentzio neurriak hartzea eskatu zien prefetei.
Ildo horretatik, hemendik hilabete batera animalien babeserako ikuskatzeak burutzea eskatu die Prefektura guziei. Gainera, ikerketa horietan arazoak agertuko balira zentroak hestea eskatzeaz gain, prozedura bat abiatzea galdegin die.
Artikulu osoa KAZETA.INFO.n: HEMEN