Mundua aldatzeko hiru aukera: gosaritan, bazkaritan eta afaritan
ARGIA | Itsaso Zubiria Etxeberria
Landare elkartera iritsi eta topatu dugu David Garnatxo, elkartean sartzekotan dabilen lagun batekin solasean. Tokiko produktuez eta kontsumo arduratsuaz ari diren bitartean, Garnatxok azaldu dio sarrera modura 42 euro ordaindu beharko dituela, eta ondoren hamabi hilabeteko kuota 36 eurokoa dela, urtean bi orduko auzolana egiteko konpromisoarekin batera.
Kontsumo ereduaren aldaketa da Landareren helburu nagusietakoa. Produktu ekologikoak eta ahal den neurrian bertakoak dauzka eraldaketarako tresnatzat. Ahal den neurrian diogu, produktua bertakoa izatea beti ez baita posible; baina inguruan ekoizten den elikagaiari ematen diote lehentasuna.
Dimentsio soziala hartzen duten ekoizleak –eragile zein norbanakoak– izaten dituzte kontuan eurekin harremanetan jartzeko garaian. Elikadura eraldaketa sozialerako gakoetako bat bezala ulertuta, zuzeneko hartu-emana izaten dute nekazari eta abeltzainekin, bitartekariak alde batera utzita. Ekoizleei erositako produktuaren kargu Landare egiten da eta saldu gabe geratutakoa ezin diote itzuli. Horrez gain, salmenten etekinen %80 nekazariarentzat da, dendan %20 gelditzen den bitartean –beste kasuetan nekazariari hamarretik bat iritsi ohi zaio, saltokiak eta bitartekariak direla medio–. Elikagaiekin egiten den espekulaziotik aldendu eta pertsonei eta ekoizpenari ematen die garrantzia talde honek, eta ekonomia jasangarriago eta justuago baterantz lan egiten dute.
Errotaberri peñako jatetxea
Arrotxapean eta Atarrabian Landare elkarteko biltegi bana dago, bertan bazkideek erosketak egin ditzaten. Kideen arteko jakintza trukaketak ere antolatzen dituzte gai baten inguruan gehiago dakienak gutxiago dakitenentzat ikastaroak eskainiz. Eta orain urte batzuk herri jantokia prestatu zuten Iruñeko Errotaberri elkartean. Ikusirik peñak astean zehar hutsik egoten direla, jatetxe modura egokitzea bururatu zitzaien. Gaur egun independenteki funtzionatzen duen jantokia da, Landarerekin lotura ekonomikorik ez duena – baina elikagaiak bertatik hartzen dituzte–. Egunean berrogei bat bezero biltzen ditu eta bi laguni ematen dio lana.
Hiri eta nekazal munduaren lotura
Hirietan zaila izan ohi da nekazariarekin zuzeneko harremana edukitzea. Landareko kideak ere kontziente dira Iruñean ez dela erraza herritarrek zuzeneko tratu hori mantentzea. Hala, harremana bideratu ahal izateko elkarte gisa ikusten dute beren burua, mundu urbanoan bertako nekazaritzak tokia izan dezan; eta aldi berean hiritik ere bertako nekazaritza sustengatu dezagun praktika sozial justuagoarekin.
Antimilitarista eta ekologista “zoro” batzuek orain hogeita bi urte hasitako proiektuak bere ibilbidea darrai, eta hasieran 40 bazkide izatetik egun 2.400 izatera igaro dira. Bazkideen asanbladak dira erabakiguneak, nahiz eta azken urteetan parte-hartzea jaisten joan den eta adosgune hauek birpentsatzen eta birmoldatzen diharduten.
Jatorrizko Iturria, ARGIA.n: IKUSI
ALBO-OHAR: Landare dago beste sare estrategikoetan parte hartzen, adibidez: REAS Nafarroan, EHko… etc