Langileen jantokia ingurua aberasteko motor
Hernaniko Orona kooperatiban kokatutako “Diametro 200” izeneko jatetxeak bertako produktuak, garaikoak eta ahal dela ekologikoak zerbitzatzen ditu: egunean 170 pertsonak bazkaltzen dute osasuntsu, horietatik 140 Oronako langileak dira. Sukalde berezia dute, elikagaiak hasi eta buka bertan eraldatzearen alde apustu egin duena. Inguruko lehen sektorea indartzen duen enpresako jantoki eredu hau aitzindaria izan daiteke. Urte gutxira enpresa gehiago gehituko zaizkien esperantzaz ari dira.
Elikadura ardatz hartuta, proiektu sozioekonomiko bat garatzeko aukera dutela baloratzen du: “Egun ez dago inguruan ekoizpen nahikorik, horrelako elikadura eredu bat martxan jartzeko. Arazo hori aukera bihurtu nahi izan dugu; gure eskaerak aukera ematen digu inguruan lehenbiziko sektorea garatzeko: bertako ekoizpena indartuz, garaiko ekoizpenak indartuz… eta lehen sektorea indartzen dugunean ez gara bakarrik sektore ekonomiko bat indartzen ari, baita ere ari gara indartzen kultura, ingurumenaren zaintza…”.
Poltsiko bakoitzaren neurriko aukera
Goiko solairuan langileen kantina dago: eguneko menua eskaintzen da, self-service (norberak hartu beharrekoa) eran antolatuta. Kaleko jendeak ere jan dezake bertan, Oronako langileen artean. Aukera anitza dute: Entsalada, potajea eta purea egunero, eta horrez gain lehenengo plater bat, bigarren plater bi aukeran, eta postrea. Marquetek irriz aipatu du: “Tarteka sorpresa txikiak ere ematen dizkigute, nazioarteko keinuak (tako mexikarrak…)”.
Beheko solairuko kafetegian karta eskaintzen dute, plater landuagoak zerbitzatzen dituzte. Eta maila jasoagoko sukaldaritza eskaintzen duen beste jantoki bat ere badute, Oronara mundu osotik datozen kanpoko bisitarientzat. Hiru eskaintza beraz, bakoitza dagokion prezioarekin.
Orona Ideon egiten diren ekitaldietarako koktelak eta luntxak ere prestatzen dituzte.
Haize kontra doan sukaldea
Fede Patxa Goikoetxea sukaldari eta jabeak harro azaldu dizkigu ostalaritzan paradisukoak diren lan baldintzak: “Gure sukaldean zortzi orduz egiten da lan, jarraian, astelehenetik ostiralera (asteburua eta jai egunak libre). Oporrak ditugu abuztuan, Gabon eta Aste Santuan. Hein handi batean Oronaren lan egutegiari lotuta gaudelako da hori. Baina kanpoko bezeroei menuak ematen dizkien kafetegia ireki genezakeen asteburuetan, abuztuan… eta ez dugu egin nahi. Gure sukaldariak gustura egotea nahi dugu. Horrek dakar gure taldeko langileak oso-oso inplikatuta egotea proiektuan. Askok kontatzen didate orain zenbat egoten diren umeekin…”.
Artikulu osoa Hemen
Argazkia: Argia [Goiko argazkian, langileak eguneko menua jaten. (Dani Blanco)]