1985-1986 urte inguruan, ikastolatik aterata arratsalde batean Nafarroako parlamentu atarira joan ginen protestatzera. Egun hartan VASCUENCEaren legearen onarpena zen eztabaidagai, Nafarroa zonalde desberdinetan banatuko zuena gerora: eremu euskalduna, mistoa eta ez euskalduna. Modu honetan nafarrek bizitokiaren arabera euskera erabiltzeko eta ikasteko eskubidea bermatua izango zuten edo ez. Lege haren arabera, soilik Nafarroako iparraldea kokatu zen eremu euskaldunean.
Joan den astean, aurrerantzean Nafarroako Foru erkidegoan abeltzaintza esplotzioetako baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatearenak eta zooteknikoak arautuko dituen Foru Dekretuaren proiektua argitaratu da. Hau irakurtzean Vascuencearen Legeaz oroitu naiz, honek egiten duen moduan hark ere ez baititu nafar guztiak modu berean tratatzen.
Zehaztasunetara pasaz, txerriari dagokionean, Nafarroa bi eremutan bereizi du: Iparraldea (abeltzaintza intentsiboan dentsitate gutxiko eremua) eta gainerako guztia. Horrela, mendialdean txerriak aire librean hazten badira finka hesitzen duen itxiturak estatuko araudia betetzea aski izango du kontrolatu gabeko animaliei eta autoei bidea ekiditeko.
Aldiz, iparraldekoa ez den Nafarroako beste edozein tokitan txerriak aire librean hazi nahi baditu norbaitek mailaz hesi bikoitzeko 1,20 eta 1,80ko itxitura egin beharko du etxeko (katu eta zakurrak) eta basa animalien sarrera ekiditeko (eta azken erabakia dagokion autoritate konpetenteak hartuko du).
Errealitatean, dekretu honen bidez lortu behar dena da Nafarroako herri gehienetan (iparraldean izan ezik) txerriak aire librean haztea debekatzea eta abeltzaintza industriala eta intentsiboa bultzatzea, abeltzainoi gure elikagaiak ekoizteko modua askatasunez erabakitzeko eskubidea ukatuz.
Gainera, dekretu honen arabera, abeltzaintzarako esplotazio guztiek, euren tamainua eta ekoizteko modua edozein delarik ere, pentsua gordetzeko silo bat, biltegi bat edo eremu itxi bat eduki beharko dute.
Hauek Foru Dekretu honek abeltzain txikioi ekarriko dizkigun ondorioen bi adibide baino ez dira. Nafarrako baserri txiki, dibertsifikatu eta estentsiboak beste dekretu bat behar dute. Behar dute lege marku bat haien ezaugarriak eta urtetan abeltzaintza intentsibo-industrialarekiko izan duten diskriminazio egoera kontuan hartu, eta horrenbestez gure baserri eredua babestu eta bultzatuko duena, gu hiltzera kondenatu beharrean.
Mirian Otxotorena