Arrisku heina ikusirik, glifosatoa debekatzeko beharrik ez dagoela ondorioztatu berri du Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak. Animalien, gizakion eta ingurumenaren gaineko ondorioak azterturik, herbizida erabiltzen segitu daiteke. Bide beretik doa Produktu Kimikoen Europako Agentzia: glifosatoa ez da kantzerigenoa eta ez dago arriskurik erabilpenean. Horiek horrela, erabileraren baimena hamar urtez luzatzearen alde agertu da Europako Batzordea azaroaren 16an.
Estatu kideen postura argirik ez denez agertu, erabilerarekin segitzearen alde egin du Bruselak, estatu bakoitzari utziz erabilpenerako baldintzak finkatzeko erabakia. Hain zuzen, Europar Batasuneko biztanleriaren %65 ordezkatuz, 15 estatuk egin behar lukete alde edo kontra, baina bi baldintza horiek ez dira bete: hamazazpik alde bozkatu dute, hiruk aurka (Luxenburgo, Kroazia eta Austria) eta zazpi abstenitu dira (Frantzia, Alemania, Italia, Herbehereak, Bulgaria, Belgika, Malta). “Beste behin, Europako Batzordeak nahiago du agrokimikaren sektoreko lobbyen aldean kokatu; abisu zientifikoak segitu, zuhurtasun printzipioa kontuan hartu eta pestizidaren debekua bere gain hartu beharrean”. Horra Greenpeacen erreakzioa.
Ozeanoaren beste aldetik etorritako abisua balitza bezala, biharamunean, azaroaren 17an, AEBetako Missouri estatuko auzitegi batek 1.500 milioi dolarreko kalte-ordaina pagatzera behartu zuen Bayer enpresa, hain zuzen, glifosatoz osaturiko Roundup produktua erabiltzen arituriko hiru herritarrek minbizia garaturik. Herbizidaren eta minbiziaren arteko lotura frogatua delako zientifikoki: 2019ko Exposure to glyphosate-based herbicides and risk for non-Hodgkin lymphoma: A meta-analysis and supporting evidence (“Glifosatoan oinarritutako herbizidekiko esposizioa eta Hodgkin ez den linfoma izateko arriskua: meta-analisia eta frogak”) ikerketak argira ekarri zuen glifosatoarekin kontaktuan dabiltzanek gisa horretako minbizia garatzeko %41 aukera gehiago dutela. Funtsean, 2015az geroztik “kantzerigeno probable” gisa sailkaturik du Minbiziari buruzko Nazioarteko Ikerketa Zentroak. Mila ikerketa “independenteren gainean” oinarritu da Munduko Osasun Erakundearen parte den egitura ondorio hori ateratzeko.
Horregatik, Europako Batzordearen erabakiaren aurka egin dute Europako bost elkartek, eta prozedurari segi, bi hilabete dituzte erabakiaren berrikuspena galdatzeko.
Glifosatoaren arriskua baieztatzen duten ikerketa zientifikoen kopurua eta Europar Batasunak ingurumenari eta elikadurari begira harturiko helburu berdeak –Farm to fork edo “etxaldetik sardexkara” programaren baitan, pestiziden erabilpena erdira jaistea 2030erako eta laborantza lurren %25 ekoizpen ekologikora bideratzea– kontuan harturik, ulergaitza da Europar Batzordearen erabakia. Soilik agroindustriako lobbyei begiratuz gero konprenitu dezakegu. “Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak ikerketa zientifiko anitz baztertzen ditu –%90 inguru–, industrialek buruturikoak lehenetsiz”, Laurence Huc ikerlariaren arabera. Froga gisa pestiziden arloan dabilen Chuck Benbrook ekonomialari amerikarraren datua plazaratzen du: interes aurkakotasunik gabeko egileen ikerketen %75ak frogatzen du glifosatoaren toxikotasuna.
Eragin handiko lobby lana
Un lobby bruyant pour un printemps silencieux. Les tactiques de lobbying toxiques de l’industrie des pesticides contre Farm to Fork (“Udaberri isil batentzako lobby zaratatsua. Farm to Fork-aren aurka pestiziden industriak eraman lobby toxikoa) txostenean argiki agertzen da zer nolako estrategia eraginkorra duen agroindustriak montaturik. Lobbygintzak leku handia hartzen du sektoreko multinazionalen lan eta aurrekontuan. Bayer enpresak, demagun, 7.000.000 euro baliatu zituen 2021ean Europar Batasunaren baitan eragiteko. Oro har, lan ardatz ezberdinak dituzte: kontra-ikerketak glifosatoaren aldeko ondorioak zabaltzeko eta toxikotasunaz duda zabaltzeko; farm to fork-aren zikintzeko komunikazioa; AEBen gisara, aliatu dituzten beste estatuen presioa; eta beste.
Gosetearen mamuaren argudioa dute seguruenik landuenetarikoa: populazioa asebetetzeko behar den elikagai kantitatea ezin daiteke produzitu ekoizpen ekologikoan eta herbizida eta pestizidarik gabe. Ukrainako gerrak merkatuan duen inpaktua ere ederki baliatu dute argudio horri inportantzia gehiago emateko. Alta, Bioaniztasunaren Munduko Kontseiluko kopresidente Josef Settelek argi du: “Green Deal-aren iraunkortasun-helburuak deuseztatzeko saiakera politikoek ez gaituzte elikadura-krisiaz babesten, alderantziz, krisiaren areagotzea eta betikotzea dakarte”.
Hori horrela, haserre eta inpotentzia gorputzarekin begiratzen dio dagoenari Huc ikerlariak: “Substantzien segurtasuna ziurtatzean datza nire lana. Bost urte nabilela pestiziden arloan, eta hogei urte hidrokarburo eta dioxinarenean. Sutan jartzen nau ikusteak jakintza zientifikoak dauzkagula [glifosatoaren toxikotasuna frogatzeko] baina ez dutela arautegirako eta erabaki politikoetarako ezertarako balio”.
Jakinik AEBetan milaka salaketa direla glifosatoaren ekoizle Bayer-en aurka, indemnizazioak ordaintzeko prestutasuna adierazi zuen enpresak 2020an: roundup produktua erabiltzeagatik minbizia pairaturiko 113.000 herritarrei 16.000 milioi dolar banatzea. Beste 47.000 auzi ditu, ordea, bere esperoan. 113.000 zenbaki potoloa da... baina seguruenik ez da nahikoa lobbyen presioaren aitzinean burua zut gelditzeko.
Glifosatoa debekatzeko nahia deitoratzeko orduan, lobby lan horretan ezaguna dugun FNSEA sindikatuko presidenteak dio ingurumena ezin dela “laborantzatik bereizirik kudeatu”. Baina hain justu, horrek gintuen gaur egungo krisi ekologikora eraman: laborantza ingurumenetik bereizi eta produktibismoari bakarrik begira jarri ziren. Ingurumena xehatuz. Ingurumena eta milaka laborariren osasuna xehatuz.