“Luhusoko ekintza egitea eta eragile politikoak ez zatitzea izan da lorpen handiena” [Mixel Berhokoirigoin, EHLGKO Presidente Ohia]

1952, Gamarte; Baxenabarre. Laboraria da. Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) presidente ohia. Baserri lanen erretretara pasa da, alta, Ainhize-Monjoloseko laborarien egoitzan segitzen du lanean. Iragan abenduan, “ETAren armagabetzearen aldeko” ekimenean parte hartu zuen Luhuso herrian, Michel Tubina, Jean Noël Etxeberri Txetx, Mixel Bergouignan, Béatrice Molle-Haran eta Stéphane Etxegarairekin batera. Bake prozesuaz eta Ipar Euskal Herriko egoera politikoaz mintzatu gara, Laborantza Ganbaraz, baita sortu berria den Euskal Elkargoaz ere, Ganbaran.

Mixel Berhokoirigoinen hitzetan, politikagintza zeregin arrunt konplikatua da. Horregatik, politikak lan kolektiboa izan behar duela dio. Luhusoko ekimena, ETAren desarmatze lanean engaiatu izana, Laborantza Ganbaran eraman duen lanarekin parekatu du: “Ganbara sortzeagatik auzipetua izan nintzelarik, fokua ene buruaren gainean ezarri zuten. Lan kolektiboa pertsonalizatzeko joera izaten da. Alta, zeregin hori ez dela lider batena soilik pentsatu dut beti”.

Laborantza Ganbararen presidentea izan zen hamar urtez: “Postua onartu nuen, baina ene buruan baino taldeko lanean konfiantza nuelako. Eta hau ez da diskurtso teorikoa edo slogan bat. Ganbaran ageri denez, helburuak lortzen ari gara denon artean, ‘arrakasta’ lanak partekatuz erdiesten da”.

Hamar urteren ondoren, kontrol judizialpean dago berriz ere, Luhusoko beste lau ekintzaileekin batera. Frantziako epaitegietan auzipetuta daude. Bostek elkar ikusteko debekua dute eta ezin dute estatutik irten. Poliziak Luhuson atxilotu zituen bost pertsonak oso ezagunak dira Iparraldean, nor bere eremuan militante historikoa. Tokiko hedabideek Bakearen artisauak izendatu dituzte: “Guk ez dugu izendapen hori bilatu, bakearen gogo gartsua dugu, baina ez dugu bakearen bandera eraman nahi. Baina, egia da, libre atera ondoren horrela deitu gaituzte”, erran digu apalki Berhokoirigoinek.

Hala ere, beren ekintzaren ondorioz sortu den bat-bateko mugimenduari horrela deitzea onetsi du: “Gauza ederra da, ederra denez, baina nork bere gain hartzea nekeza da. Gainera, zehaztu behar da, bakearen artisau lanetan jende asko ari izan da. Baina, denak ez dira publikoki agertu baitezpada”.

Bake prozesuan engaiatzea

Bere engaiamenduaren nondik norakoa prozesu bat izan dela dio. Ez zela egun batean jaiki eta “gai horretan engaiatu behar dugu” pentsatu. Euskal Herriko bake prozesua blokeatua ikusirik, zenbait bake konferentziatan parte hartu du, Baiona eta Pariskoetan, besteak beste. Bi estatuek prozesuari ezezko borobila ematen diotelako modu are interesatuagoaz arduratu da gaiaz: “Gatazka armatuetan inplikatua dagoen alde batek –Espainiako eta Frantziako estatuak, kasu honetan– hasieran ezetza eman arren, une batean prozesua finkatzeko tenorea iritsi behar dela sinesten dut. Alta bada, gaian inplikatzea `pertsona enblematiko’-en gain al dago?’, galdetu diot usu ene buruari”.

Laborantza Ganbarako presidente ohiak zalantzak ditu norbanakoen engaiamendu soilen lorpenez. Bere ustez, edozein ekimen aitzina eramateko prozedura tentu handiz landu behar da. Bere buruan galdera hauxe izan du luzaz: “Beste gatazkak elkarrizketaren bidez irtenbide batera arribatu badira –eta hori ere ez da guztiz ziurtatua–, hemen zergatik ez?”.

Borroka armatua geldituta ere, prozesua ontzea ez dela kontu mekanikoa, denbora beharko zela jakitun da: “Agian batzuek pentsatzen zuten, borroka armatua gelditurik, hurrengo urratsak modu automatikoetan emango zirela”. Halarik ere, bera ere denbora joan ahala, gatazkaren konponbidea trabatua ikusteak zeharo harritu du. Denbora behar zela pentsatzen zuen, bere erritmoa...: “Baina momentu batetik aitzina, denbora bereziki gure kontra doala ohartu naiz. Bi dira arrisku nagusiak, gizarteak arazoarekiko distantzia hartzea, eta ororen buru, denok konforme gelditzea. Hau da, borroka armaturik ez dagoela, bortizkeriarik ere ez, beraz egoera normalizatua dela pentsatzea”.

Euskal kausaren aldeko militante hau prozesuaren geldotasunaz beldur da. Gatazkak sorrarazi dituen biktimak, presoak eta guztion sufrimenduak lehentasuna ez ukaitea jendartean, gizartearen problema ez izatea. Konpondu gabe dagoen arazo handi hau “normalizatzea” edota ezereztatzea: “Frustrazioa handituz joan daiteke. Errespetu gutxieneko batez bukatzen ez den konfliktoak haziak uzten ditu iraganeko gatazka moldea ernaltzeko berriz ere”.

[Artikulo osoa ARGIAn: IKUSI HEMEN]