Mihi Urdinaren lehen bi kasuak baieztatu dira Bizkaian

Bizkaian atzemandako mihi urdinaren lehen bi kasuak baieztatu dira. Abanto-Zierbenako ustiategi bateko bi txahal dira, sintomarik gabeak eta 8. serotipokoak. Birusak ez die gizakiei erasaten edo transmititzen.

Behi Pirenaika

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du mihi urdinaren lehen bi kasu positiboak detektatu direla lurraldean. Kasuak PCR bidez baieztatu dira Abanto-Zierbenako haragitarako behi-aziendaren ustiategi bateko bi txahaletan. Abereek —zeinen amei ez baitzieten txertorik jarri— ez dute gaixotasunaren sintomarik, eta identifikatutako serotipoa 8. da.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidego osoa 8. serotipoaren aurkako murrizketa-eremu gisa sailkatuta dago, eta, horren ondorioz, nahitaezko txertaketa aktibatu da lurraldean. Bizkaian, borondatezko txertaketa aurtengo udaberriaz geroztik sustatu du Foru Erakundea. Ildo horretan, 100.000 dosi baino gehiago eskuratu zituen lurraldeko ardi eta behien errolda osoaren immunizazioa bermatzeko.

Era berean, elkarteei, albaitariei eta abeltzainei jakinarazi zaie lurraldean birusa agertu dela, eta prebentzio-neurri, abereen mugimenduen murrizketa eta txertaketa-jarraibideen berri eman zaie.

Mihi urdinaren gaitza hausnarkarien artean, hala nola behien eta ardien artean, Culicoides generoko eltxoen bidez transmititzen den gaixotasun birala da. Gaitzak bi hamarkada baino gehiago daramatza Iberiar penintsulan, baina haren inpaktua serotipoaren eta kaltetutako espeziearen araberakoa da. Birusak ez die gizakiei eragiten, ez eta kutsatu ere, dela animaliekin edo artilearekin zuzeneko kontaktua izateagatik, dela eratorritako elikagaiak kontsumitzeagatik.