Azken hiru hamarkadetan handitu egin da lur lehorren hedadura, eta aurrerantzean ere goranzko joera hori izanen dela diote txostenean. Baliteke ondorioek «tentsio sozialak eta politikoak» eragitea.
[berria]Lurreko lur eremuaren —Antartika salbu— %40 lur idorra da, UNCCD Basamortutzea Borrokatzeko Nazio Batuen Hitzarmenak gaur argitaratutako txosten baten arabera. Egileek jakinarazi dutenez, azken hiru hamarkadetan, munduko lurren hiru laurdenek geroz eta baldintza gogorragoak dituzte, eta joera hori iraunkorra izanen da hemendik aitzinera ere. Lehen hezeak ziren eta orain idorrak diren lurrek, guztira, India baino heren bat handiagoa den eremu bat hartzen dute gutxi gorabehera, eta ikerketan ohartarazi dute, gainera, basamortutzeko joera eteten ez bada mende bukaeran 5.000 milioi lagunetik goiti biziko direla lur idorretan. Hortaz, aurreikusi dute basamortutzeak «kalte handia» eragingo duela, baldin eta pertsona horien lana nekazaritzari lotuta badago.
COP16 bileraren testuinguruan kaleratu du NBE Nazio Batuen Erakundeak gaurko txostena: Lur idorren mundu mailako mehatxua. 1990. eta 2020. urteen artean egindako ikerketa zientifiko bat da, eta 1990. urtearen aitzineko hiru hamarkadetako datuekin alderatzen ditu egungo datuak.
Horien arabera, lurraren %77,6 behar lukeen baino beroagoa da, eta lur idorrak planetaren 4,3 kilometro koadrotan hedatu dira azken hiru hamarkadetan. Txostenean argitu dutenez, lur horiek jada ez dute jatorrizko egoerara itzultzeko aukerarik. Egoera hori ikusita, txostenak gizakia jarri du jomugan, eta azpimarratu du giza ekintza dela «mehatxu» horren erantzule nagusia. Berotegi gasen isurpenak lurra berotu du, eta horren ondorioak, bertzeak bertze, euri kantitatean eta maiztasunean sumatu dira.
«Gelditasunaren ondorioak geroz eta kaltegarriagoak izanen dira, eta egokitzea ez da aukerakoa izanen, aginduzkoa baizik», adierazi du Barron Orr UNCCDko zientzia arduradunak, txostenaren ondorioak aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Ibrahim Thiaw idazkari exekutiboak ere hartu du hitza: «Lehorteak amaitu egiten dira. Baina, eremu bateko klima lehorragoa bihurtzen denean, aurreko baldintzetara itzultzeko gaitasuna galdu egiten da. Orain, mundu osoko lur zabalei eragiten dieten klimarik lehorrenak ez dira itzuliko izan zirenera, eta aldaketa hori lurreko bizitza birdefinitzen ari da».
Ondorioak bizimoduan
UNCCDk ondorioztatu duenez, lur idorren ugaritzeak lotura zuzena du Afrikako eta Asiako herrialdeetako BPG barne produktu gordinaren jaitsierarekin. 1990. eta 2015. urteen artean, erraterako, %12 jaitsi zen Afrikan; Asian, berriz, %2,7. 2079ko aurreikuspenak egin ondotik, %16ra eta %6,7ra igo daitezke datuak, hurrenez hurren.
Horrez gain, animaliengan ere izanen du eragina lur idorrak: animalia espezieen %55ek beren habitata galdu lezakete, eta ur eskasiari eta nekazaritzaren kolapsoari aurre egiten dieten komunitateek etxetik alde egin beharko lukete. Horrek guztiak «tentsio sozialak eta politikoak» eragin litzake, txostenean baieztatu dutenez.
Osasunari dagokionez, tenperaturak eragindako heriotzak ugaritu egingo direla aurreikusten dute: %3 eta %13 artean; batez ere, Erdialdeko Amerikan, Europa hegoaldean eta Asia hego-ekialdean.
Urterik beroena
2024a erregistratu den urterik beroena izan da; hala adierazi dute Copernicus Lurra behatzeko Europako Batasunak abian jarritako programako zientzialariek gaur egindako konferentzia batean. Iazko urteak zuen orain arteko errekorra, eta, dirudienez, gorantz eginen du joerak: 2025eko lehen hilabeteetan hala jarraitzea espero dute EBko zientzialariek.