Mutriku, Zaldibia eta Lezoko transformazio zentruak bultzatzeko deia Gipuzkoako Aldundiari [09 #Etxalde]

[09 #Etxalde | 16 orr.] Gipuzkoan nekazaritza produktuak eraldatzeko gune irekiak sortzeko proiektua egon da martxan Mutriku, Zaldibia eta Lezon. Bada, PNV Foru Gobernura iritsi bezain laister proiektu horiek bertan behera uztea erabaki du. Erabaki honek ezinegona eta kezka sortu du baserritar askoren artean eta horrela adierazi zuten Baserria XXI elkarteak eta Etxaldek Ordizian eskeinitako prentsaurrekoan.

Elikagaien transformaziorako zentruek baserritarren autonomia handitzen lagundu dezakete eta horregatik luzatzen diote Aldundiari proiektu hauek mantentzeko deia.

Mutrikun itsaskiak eta esnekiak, Lezon frutak eta ortuariak eta Zaldibian esnekiak eta eztia transformatzeko zentroak abian jartzeko proiektua egon da martxan Gipuzkoan, Foru Aldundiak bultzatuta.
Baina PNV boterera iristearekin batera proiektuoi babesa kentzea erabaki du. Babesa kentzeak Lezoko proiektua berehala bertan behara geratzea
ekarri du eta Mutrikukoa airean dago, Udalaren erabakiaren zain. Aurrera jarraitzen duena Zaldibiakoa da, bertako Udalak harturiko konpromisoari esker.

Joxi Azpillaga eta Maite Aristegi baserritarrei hots egin die Etxalde Nekazaritza Iraunkorrak, euren iritzia eskatzeko.
Aurreko legegintzaldian bi urtetarako proiektua onartu zela azaldu dute, proiektu bakoitzarentzako 30.000 euroko aurrekontuarekin
lehen urtean eta 40.000 bigarrenean.

Proiektu bakoitzarentzat langile bat kontratatzea ere planteatzen zen, «langileon ardura produktuak transformatzea, horretan laguntzea eta erakustea izango litzateke eta baita zentruak dinamizatzea, erabiltzaileak bilatu eta animazio lana egiteko», azaldu du Joxi Azpillagak.
Zaldibiko proiektuak aurrera jarraituko du, Udalak horretarako prestutasuna azaldu baitu, «Diputazioak ezetz esaten badu ere Landa
Garapeneko Elkartean hor daude 30.000 euro eta Udalak borondate osoa dauka aurrera eramateko».

AUTONOMIA BERRESKURATU

Orain arteko nekazaritza politikak proiektu handiak bultzatzera bideratu dira, «hemen gauza txikiei ez zaie baliorik eman eta horrela joan zaigu.
Dena gero eta handiagoa, gero eta handiagoa… industrien eskuetan geratu da dena. Autonomia gabe geratu gara, ekoiztera bakarrik mugatu da baserriaren funtzioa eta horrek gauden egoerara eraman gaitu», azpimarratu du Azpillagak.
Baserriaren funtzioa zein den birpentsatu beharra dago Azpillaga eta Aristegik esan bezala. «Baserriaren funtzioa ez da ekoiztea bakarrik,
funtzio sozial bat dauka, ingurugiro funtzio bat dauka eta autonomia berreskuratu beharra dauka».

Autonomiaren berreskuratze horretan, baserriko produktuak transformatu eta saltzeak asko lagundu dezake, balio erantsia lortuz. Horixe
da, hain zuzen, transformaziorako zentruek ahalbidetu dezaketena eta horregatik eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektu
hauek mantendu ditzala: «autonomia berreskuratzeko bide bat izan daiteke zentru hauek eskeintzen dutena».

Adibide praktikoak ere apiatzen dituzte. Adibidez otarrekin ari den pertsona batek uda garaian produktua sobera izatea ohikoa da, tomatea,
lekak… dena delakoa. Produktuok hartu, transformazio zentrua joan eta enbotatu egin ditzake araudi sanitario guztia betez. Norbere etxean bakarka egiteko inbertsio handiegiak egin beharrean, transformazio zentruak erabiliz bere ekoizpenari balioi erantsia atera diezaioke.

Berdin artalde txikia duen artzaiak: bere esnearekin transformazio zentrua gerturatu eta gazta batzuk egin ditzake, apurka apurka saltzen
joan eta ea nola doakion ikusteko.

Transiziorako aukerak ematen dituzten elementuak bezala kalifikatzen dituzte transformazio zentruak Aristegi zein Azpillagak, baserritarrari
frogak egiteko aukera ematen diolako, hasieratik inbertsio handiak egin beharrean.

Hego Euskal Herriko toki gehienetan dagoen populazio handiak ere mesede egiten die salmentarako aukerei eta hori ere transformazio zentruak
bultzatzeko arrazoitzat aipatzen dute.

EZ DA DIRU KONTUA
Transformazio zentruak eraikitzeko eta funtzionatzeko diru kopurua txikia da, Foru Aldundiaren aurrekontuari erreparatuz gero eta bestelako
proiektuetan eginiko inbertsioekin alderatuz gero. «Diru gutxirekin futzio sozial askoz handiagoko proiektua suposatzen dute transformazio
zentruek. Proiektu dibertsoa eta denetzat ona izan daitekena da. Ekonomikoki ez da izugarrizko inbertsioa eta jende askorentzat baliagarria
izan daiteke eta herritarren ikuspuntutik kontsumo arduratsua burutu nahi dutenentzat aukerak zabaltzen ditu», zehazten du Aristegik. Horren arira, Azpillagak gogoratzen du hiru proiektu hauen aurrekontua ez dela ehun mila eurora iristen, «bada, Gipuzkoan egongo dira baserriak dirulaguntzatan kopuru hori jasotzen dituztenak, bakarka ez bada, bi edo hiru baserriren artean».

Instituzioetatik aipatu izan da inoiz «nekazaritza eredu guztiak» bultzatzeko asmoa. Horren inguruan bere zalantzak agertzen ditu Aristegik,
«horrelakoak esan bai, eredu bat lehenetsi beharrean ekoizpen modu ezberdinak bultzatzen direla, baina errealitateak erakusten du ezetz. Hemen
dugu aukera bat transformazio zentru hauekin, baina ez dago borondaterik».


Baserria versus ustiategia

Baserria XXI elkartean erreflexio bat egiten dute, baserria eta ustiategia kontrajartzen dituena, «baserriaren funtzioak
galdu eta fabrikak egin ditugu».
Euskal Herrian bi errealitate oso desberdin ikusten dituzte, bata Bidasoatik gora eta Bidasoatik behera. «Baserriaren degenerazioa
Hegoaldean eman da, Iparraldean ez da horrenbeste eman, ezta gutxiago ere. Eta pentsa Iparraldean ez daukatela instituziorik politika propioak egiteko eta baserriaren esentzia Hegoaldean baino askoz hobeto mantendu dute. Hori baserritaren kontzientziaz eta militantziaz izan da, ELBk eta Laborantza Ganbarak izugarrizko lana egin dute».
Hegoaldeko egoeraz iritzi guztiz kontrakoa du Azpillagak, «hemen dena instituzioen esku utzi dugu eta hauek agroindustria
bultzatu dute, produkzioa, produkzioa eta produkzioa. Eta gu? Nekazariak non egon gara? Hor autokritika ere egin behar dugu. Gu ere bide horretan eraman gaituzte edo eramaten utzi gara. Horri buruz erreflexioa eta eztabaida egin beharra daukagu eta ez baserritarrek bakarrik, gizartearekin batera ere egin beharra daukagu, nolako lehen sektorea nahi dugun definitzeko».