Natura leheneratzeko neurriak eskatu dizkiote Jaurlaritzari 27 talde ekologistak

Gobernuari dei egin diote EBren Natura Lehengoratzeko Legeak eskatzen dituen «aparteko» politikak ezartzeko, Espainiako Gobernuak bere Lehengoratze Plana onartu arte itxaron gabe.

Otzarreta. Natura

[Berria]

Natura leheneratzeko neurriak eskatu dituzte 27 talde ekologistak gaur, Donostian egin duten agerraldi batean. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako mezuan, dei egin diote ekosistemak berreskuratzeko politikak ezar ditzan, beste administrazio batzuk beren lege eta planak martxan jarri arte «itxaron gabe». Agerraldian, Baso Biziak, Denon Berdeguneak, Egurra ta Kandela, Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeek ondutako dokumentua irakurri dute. Testuak hogeitik gora eragileren babesa jaso du. Besteak beste, Greenpeace, Naturkon, Lurgaia, SEO Birdlife Euskadi, Guggenheim Urdaibai Stop, Etxalde, Biolur eta Araba Bizirik elkarteena.

Dokumentuaren egileek arloka aztertu dute ingurune naturalak leheneratzearen garrantzia. Biodibertsitateari dagokionez, nabarmendu dute nazioartean badela «aukera historikoa» den itun bat: Kunming-Montreal Biodibertsitatearen Munduko Esparrua, zeinak helburutzat ezartzen duen 2030. urterako biodibertsitatearen galera geldiaraztea, eta 2050erako ingurune naturalen azalera nabarmen handitzea. Talde ekologistek ohartarazi dute helburu horiek «beharrezko neurriak hartzearen mende» daudela.

Sinatzaileek uste dute Jaurlaritzak «lehentasuna» eman behar diola itun horren helburuak betetzeari, eta, bide horretan, EB Europako Batasunaren Natura Leheneratzeko Legea betetzeko «aparteko neurriak» eskatu dizkiote, Espainiako Gobernuak bere «Lehengoratze Plan Nazionala onartu arte itxaron gabe».

Kostaldean, gaur egun babestuta dauden ekosistemak «suntsitzen ez jarraitzeko» eskatu diote Jaurlaritzari, eta salatu dute gobernua bera dagoela «mehatxu nagusi horietako baten atzean»: Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuan. Leheneratzeko «aukera» eta «premia» duten kostaldeko inguruneen adibide batzuk ere aipatu dituzte. Batetik, Lemoizko zentral nuklearra eta haren ingurua. Gogorarazi dutenez, Lemoizko zentralaren lurrak Jaurlaritzaren esku daude 2019. urtetik. Bestetik, Txingudiko badia aipatu dute. «Txingudiko Plana onartu zenetik 30 urte pasatu dira, eta oraindik bete gabe dago».

Hiriguneak, basoak eta landa

Hiriguneetan, konpromiso zehatzak hartzera deitu dute Jaurlaritza. «Proposatzen dugu 2035erako hiri berdeguneetan %3ko hazkundea bermatzea eta 2050erako %5ekoa, eta 2025erako hirietan eta inguruko eremuetan gutxienez %10eko zuhaizti estaldura». Horrez gain, beharrezkotzat jo dute hirietan zuhaitzak eta berdeguneak babesteko eta hedatzeko lege bat sortzea.

Baso politikei buruz, adierazi dute Jaurlaritzak zientzia, bioaniztasuna eta EBren Natura Leheneratzeko Legea izan behar dituela ardatz. «Baso politikak ezin du jarraitu soilik irizpide produktiboen menpe». Hala, eskatu dute «monolaborantzak utzitako lursail degradatuen» %20 leheneratzeko 2030. urterako. Era berean, eukaliptoa landatzeari uztea proposatu dute, eta hura espezie inbaditzaile exotiko izendatzea.

Azkenik, lehen sektoreko produkzio sistema intentsibotik nekazaritza eta abeltzaintza ekologikora urratsak egitearen garrantzia nabarmendu dute. Agroekologian oinarritutako ereduak sustatzeko eskatu diote Jaurlaritzari. «Beste edozein eredu baino hobeto egokitzen da Natura Leheneratzeko Legera».

EBk joan den ekainean onartu zuen Natura Leheneratzeko Legea. Harekin, Batasuneko estatu kideek konpromisoa hartu zuten, besteak beste, lur eta itsas eremu naturalen %20 lehengoratzeko 2030. urtea baino lehen, eta %90, 2050erako.