Merkataritza askeko nazioarteko itunek eta estatuko politikek milaka nekazari hiltzen dituzte urtero Indian, beren buruaz beste egitera bultzatuz, laborari elkarte ugarik salatzen dutenez. Egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi dute, sektoreko krisia areagotu eta nekazaritza industrialak ezarritako eredua indartu ahala.
[ARGIA / ESTI REDONDO / 2017-02-19]Argazkia: Nekazarien suizidioengatik protestatzeko ekintza. Azken hamarkadan 250.000 lurjabe gizonezkok egin dute beren buruaz beste Indian. Emakumeak eta lurgabeak ez dira nekazaritzat hartzen.
India hegoaldeko La Via Campesinako erakundeen koordinatzailea Kannaiyan goitizenez ezagutzen da. Kazetariekin egindako formazio saio batean “merkataritza askerako itunek nekazariak erailtzen dituzte” oihukatu zuenean isiltasuna nagusitu zen. Baina datuak ikusita, ez dago zalantzarik, azken hamarkadan Indiako 250.000 lurjabe gizonezko nekazarik beren buruaz beste egin dute (emakumeak ez dira nekazaritzat hartzen, ezta lurgabeak ere). Aurten kopuruek gora egin dezakete, nekazaritza krisia hedatzen ari den heinean.
Nekazari mugimenduen esanetan arrazoiak oso konplexuak dira, baina funtsean barneko eta nazioarteko merkataritza askerako politikak dira arduradunak, haiek eragindako krisiarekin, zorrekin eta diru iturrien beherakadarekin lotura zuzena dutelako suizidioek. La Via Campesinaren hitzetan, “Indiako Gobernuak eta beste erakunde publiko batzuek ondorioei begiratzen diete arrazoiei begiratu ordez, euren ardura politikoa ezkutatuta”. 2015ean beren buruaz beste egin zuten 8.000 laborariak depresioak jota zeudela esaten du gobernuak.
Iraultza Berdea esaten diotenak, hau da, nekazaritza agroindustrialak, premia gorrira eraman ditu familiak La Via Campesinaren esanetan. Patente teknologikoak, diru-laguntzen desagerpena, landa eremuko kredituen konplexutasuna, herri merkatuen pribatizazioa, kanpo inbertsioak… krisi horren parte dira.
Merkataritza askerako itunak eta bestelako nazioarteko akordioen arauak direla-eta, nekazaritzako produktuen prezioak behera doaz eta aldi berean estatuek elikagaiak inportatzen dituzte, oso zerga txikiekin edo zerga gabe egiten dutelako. Indiako nekazariek ezin dute horrekin lehiatu.
Aurten berriro izango dute arazo bera, gobernuak garia eta patata inportatuko dituela adierazi du eta. Horretarako aitzakia da Indian ez dela uzta nahikoa egon, baina nekazari mugimenduek gezurtatu egiten dute: “Arazoa da gobernuak ez duela elikagai nahikoa erosi eta gorde; Merkataritzarako Nazioarteko Erakundeak, Indiak sinatu dituen merkataritza askeko itunekin batera (80 baino gehiago), ez du horretarako aukerarik ematen”. Nekazarien ordezkariek esaten dutenez, 1990era arte bere biztanle guztiak elikatzeko janari nahikoa ekoizten zuen Indiak; “orain barne ekoizpena suntsitzen ari dira dumping politikekin eta nekazariak behartzen dituzte salneurri txikiekin lehiatzera”.