Nekazaritza Politikaren erdigunean elikadura ezartzea [Etxalde 21]

EHNE-Bizkaiaren X. Biltzarrerako Nekazaritza Politikako Ponentziaren lehen zatiaren laburpena. Derio, 2016ko azaroaren 27a.

Aurreko bi kongresuetan (2012/2014), lehentasunezko ardatz gisa definitu genuen, alde batetik, Elikadura Subiranotasunean oinarritutako proposamen politiko bat eraikitzea, ekoizpen jasangarrian oinarritua, agroekologiaren bidez; eta, bestetik, garapen-proposamen horren inplementazioa artikulatzeko tresnak definitzea eta aktibatzea, eta, alde horretan, proposamen horren garapena gidatuko lukeen subjektu dinamizatzailearen (ETXALDE) artikulazioan sakontzeko beharra sartzea.

Elikadurari dagokionez, argi dago gero eta jende gehiagok egiten dituela elikagaiei buruzko gero eta galdera gehiago, nola elikatu erabakitzeko. Eta, bestalde, egunerokotasunak argazki gordin bezain erreala erakusten digu, munduko gosearen hazkundea eta merkatuen arauketa ezaren ondoriozko ekoizpen-soberakinak batera islatuz, eta, aldi berean, ia ekoizpen guztietan produkzio-kostuen azpitik prezioak jaitsiz. Posible al da errealitate horri aurre egitea eta bi norabideetan irtenbideak proposatzea? Elikadura oinarrizko gizarte-eskubide gisa kokatzen duen diskurtsotik artikulatu behar dugu erantzuna, eta elikagaiak eta ez lehengai merkeak ekoizten ditugun aldetik.

ELIKATZEKO ESKUBIDEAREN BERMEA

Elikadura-eskubidea praktikan bermatzea da eskala txikiko ekoizpenaren funtsezko funtzioa, mundu osoko nekazarien % 80k baino gehiagok egiten duena. Hamarkadak daramatzagu aldarrikatzen elikadura ez dela merkantzia bat, gizateriak bere biziraupenerako duen oinarrizko eta berezko eskubidea dela; eta baserritar gisa dugun funtzioa elikagaiak ekoiztea dela, ez lehengai merkeak ekoiztea.

ELIKAGAIAK EKOIZTEA

Edozein pertsonak elikadura osasuntsua izateko duen eskubidea balioetsi beharreko aldarrikapena da. Ezinezkoa da bi abiadurako nekazaritza bultzatzen jarraitzea; eredu intentsibo eta industrializatuetako ekoizpen nagusia eta ekoizpen osasuntsuagoa (ekologikoa) ehuneko txikiagoan. Baserritarren eta arrantzaleen eginkizuna elikagaiak ekoiztea eta zerbitzatzea da, ez nekazaritza-industriarako lehengai merkeak izatea. Hori da gure ekarpena herria eraikitzeko eta gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa eratzeko. Baina, horrekin batera, politika publikoak aurkeztu behar dira, gure zeregina norabide horretan garatu ahal izateko. Ez da onargarria kalitatezko produktuak eta tokikoak jatea luxutzat edo ia ekintza folklorikotzat hartzea. Gauza bera gertatzen da baliabiderik gabeko pertsonen elikadura, batez ere, hainbat elkartetan lan egiten duten boluntarioen borondate onaren mende dagoenean. Beharrezkoa da administrazio publikoari behin eta berriz esaten jarraitzea, oinarrizko premien estaldura eta, horien artean, kalitatezko elikadura bermatzeko.

ZUZENBIDEA ETA GIZA GARAPENA

Pertsonen arteko harremanen oinarri gisa bultzatutako lehiakortasuna izan da, halaber, Munduko Merkataritza Erakundeak (MMA) aplikatu duen errezeta, mundu mailan nekazaritzan ere merkatu «libre» bat urratsez urrats eraikitzeko aitzakiarekin.

Zenbat pertsonak utzi behar izan dituzte Mali, Malawi, Sudan, Senegal, Somalia... beren nekazaritza-lurrak monolaborantzarako Europako edo Saudi Arabiako pentsio- eta inbertsio-funtsei ematen dizkietelako edo arrantzalekuak arrantzale transnazionalek moztuta dituztelako? Europan bizi diren edo egunero Filipinetatik edo Indonesiatik Golkoko herrialdeetan baldintza penagarrietan lan egiteko migratzen duten 20 milioi asiarretatik zenbat dira beren elikagai-laboreak bioerregaien ekoizpen-eremu bihurtzea bultzatzen duten politika nazionalen biktimak? Ez al da Mexikoko Gobernuak AEBekin eta Kanadarekin sinatutako Merkataritza Askeko Ituna tokiko ekonomia eta ekoizpen-sistemak suntsitu izanaren arduraduna, milioika nekazari migraziora bultzatuz?

MERKATU-POLITIKAK (CETA, TTIP, TISA...)

Duela bi urte, Merkataritza Askeko Tratatuen negoziazio-prozesuan nagusi zen sekretismoa salatu genuen, eta, opakutasun-mailak, filtrazio desberdinak eta gizarte zibilaren mobilizazioak mantentzen diren arren, argi pixka bat ematen ari dira negoziatzen ari diren gaiei eta horien ondorioei buruz. Grafikoki laburbilduz, ezin dira bateragarri egin Europako politikak gidatzen dituen prebentzio-printzipioa eta Estatu Batuetako nekazaritza-ekoizpena monitorizatzen duen arrisku-printzipioa.

Elikagaien arloko afekzioei dagokienez, honako ondorio hauek azpimarra ditzakegu: Jatorri-deiturei dagokienez, nabarmentzekoa da Europaren eta Kanadaren artean CETAren esparruan egiten ari diren negoziazioetan 174 jatorri-deitura baino ez direla zerrendatzen, Europan 1.400 izendapen inguru aitortuta daudenean. Hau da, azterketa horretatik kanpo geratuko lirateke horien % 90 inguru. Behi-haragiari dagokionez, Europar Batasunetik muga-zergak kentzeak AEBtik inportazioak areagotuko lituzke. Arlo honetako gordiar korapiloa EBk ganadua gizentzeko hormonak erabiltzea debekatzearen inguruan dago, baita hormonarik gabeko haragiaren inportazioa mugatzen duen kuotaren inguruan ere.

Itxura guztien arabera, haragi hormonatua sartzeko debekua mantentzea lortzen bada, 10 · etxalde konpentsatuko da inportazioen kuota nabarmen handituko duen akordio batekin. Esnekiei dagokienez, Europako Batzordeak esnekien presentzia handitu nahi du AEBko merkatuan, nahiz eta azken horiek emakida gutxi egingo dituzten beren ekoizpen-ehuna babesteko. Belar-laboreei dagokienez, EB eta AEB ekoizle handiak dira, eta AEBtik Europako merkatura sojara eta soja-irinera esportazio handia egiten dute. Muga-zergak kentzeak Europako ekoizpena jaistea eragin lezake.

Hegaztien sektoreari dagokionez (haragia eta arrautzak), Europako merkatua irekitzea da AEBko helburua. Bi kasuetan, animalien ongizate-baldintzek talka egiten dute aurrez aurre. Europako estandarrak askoz zorrotzagoak dira, eta debekatu egiten dute «patogenoak murrizteko garbiketak» erabiltzea. Txerri-haragiari dagokionez, behi-haragiaren oso antzeko zerbait ondoriozta daiteke; hau da, haragi hormonatuaren debekuari eustearekin batera (ractopamina da estimulatzaile ohikoena), AEBetako txerri-haragiaren inportazio-kuota handituko da.

NEKAZARITZA-POLITIKAK ZEHAZTUKO DITUEN ELIKADURA-POLITIKA

Urteetan zehar, nekazaritza industrialak bakarrik bermatu ahal izan du elikagaien ekoizpena behar besteko kopuruan, kalitatearen gaineko kantitatea balorizatuz, kontsumitzaileei prezio baxuko elikagaiak eskaini ahal izateko. Errealitateak argudio horiek gezurtatzen dituzten datuak ematen ditu. Zenbat eta gehiago industrializatu eta areagotu nekazaritza-jarduera, orduan eta handiagoa da pobrezia, gosea, joan-etorriak, desertifikazioa, jarduera uztea... Esponentzialki ugaltzen dira. Elikadura-politika nekazaritza-politikaren erdigunean jartzetik abiatuta, elikadura-subiranotasuna NPBren ardatza izatea berreskuratu behar dugu. 1960an ezarri ziren ardatzak hiru printzipioren ingurukoak izan ziren:

  • Produktuen prezioek berme bat zuten, ekoizpen-kostuak gaindituz; baina berme hori ez zen berdina herrialde guztientzat.
  • Mugako berme bat zegoen inportazioekiko, bertako nekazariek munduko merkatuaren lehiaren kalteak jasan ez zitzaten.
  • Ekoizpen eredua garatzeko logistika bat ezarri zen: ikerketa, teknika berriak, garapena eta prestakuntza.

Ardatz horien artikulazioa ez da utopia, ezagutu dugun historiaren parte izan baitira. MMAren eta Merkataritza Askeko Itunen logika alderantzikatu behar da beste NPB baten aldarrikapenetik, eta prozesu hori erraztu eta gidatu behar duten ardatzak honako hauek dira:

  • Merkatua eta ekoizpena kontrolatzeko mekanismoak berreskuratzea.
    Esportaziorako laguntzak desagertzea.
  • Produkzio-kostuak bermatuko dituzten prezio-sistemak, alde behartsuenetan oinarrizko/motako prezioa ezarriz eta zailtasun orografikoengatiko laguntza osagarriak antolatuz,...
  • Ekoizle aktiboei bakarrik zuzendutako laguntza-sistema bat ezartzea, muga argi eta eraginkorrekin, laguntzen kontzentrazio-prozesuak saihesteko.

GARAPENA ETA IKERKETA

Azken urteotan, baserritar munduaren errealitatea eta nekazaritzarekin eta elikadurarekin zerikusia duen guztian ekimen berriak antolatzeko beharra unibertsitate-eremuan txertatzeko prozesua hasi dugu. Lehenengo fasea Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) antolatutako prestakuntza-prozesuekin osatu genuen, agroekologiako graduondoko batekin, eta gai horretan bertan espezializatutako ikastaro batekin, UPV/EHUko Hegoa institutuarekin (Baserritik Mundura) lankidetzan. Eta 2016an fase berri hau osatu dugu UPV/EHUrekin hitzarmena sinatuta.

Lanerako eta lankidetzarako espazio berriak ireki eta zehaztu ditugu, eta berrikuntza bezalako kontzeptuek pisu espezifikoa hartuko dute, iraunkortasunari lotutako elkarrekintza-prozesu berrietan. 2015/2020 LGPren barruko Lankidetza neurri espezifikoek, esaterako, nekazaritza-jardueraren iraunkortasunaren norabidean sakontzen duten proposamen berriak ahalbidetzen dituzte. Norabide horretan sakontzea izango da EHNE-Bizkaiaren lehentasunetako bat.


ETXALDE 21: Ikusi

- - -
Argazkia: Tigrilla CC-By