Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok Europar Batasunaren (EB) eta Mercosurren arteko merkataritza-akordioa goraipatu zuen atzo, "Europako nekazaritzako elikagaien esportazioak bultzatzeko ahalmena du", eta horrek "%5-10eko hazkundea ekar lezakete Mercosurreko merkatu emergente batzuetan". Barredok gaineratu zuen: "Benetan ezartzearekin batera konpentsazio-neurri argiak hartu behar dira, babes-klausulak barne".
Sailburuak azpimarratu zuenez, “Mercosurrekin egindako akordioak aukera ekonomiko esanguratsuak eskaintzen ditu", baina "benetan ezartzearekin batera konpentsazio-neurri argiak hartu behar dira, babes-klausulak, Europar Batasuneko mugako kontrolak indartzea eta jatorri-delitura duten produktuak sustatzea barne hartuta".
“EB-Mercosur akordioak Europako nekazaritzako elikagaien esportazioak bultzatzeko ahalmena du, bereziki balio erantsi handiagoa duten produktuetan, hala nola, ardoan, oliba-olioan eta kontserbetan. Aukera horiek % 5-10eko hazkundea ekar lezakete Mercosurreko merkatu emergente batzuetan”, adierazi du sailburuak.
Aitortu du "hainbat eragilek errezeloak dituztela, bereziki abeltzaintzaren, barazkien eta fruituen eta oinarrizko laboreen, besteak beste, arrozaren eta azukrearen, sektoreetan, lehia desleialari aurre egin beharko baitiote Mercosurreko herrialdeetan kostu txikiagoak eta ingurumen-erregulazio bigunagoak daudelako". Hala ere, "erronka nagusien artean dago jasangarritasuna eta ekitate erregulatzailea bermatzeko beharra”.
Sailaren titularrak akordioa ezartzearen alde egin zuen, konpentsazio-mekanismo horiek txertatuta; izan ere, “horrela bakarrik bermatu ahal izango da akordioaren onurak ez direla Europako nekazaritza-ereduaren lehiakortasunaren eta jasangarritasunaren kalterako izango”.