Oloroeko suprefetura okupatu dute laborariek, behi-tuberkulosiaren protokoloa arintzea xede

Ehun laborari inguruk okupatu dute Oloroe-Donamariako suprefetura apirilaren 10eko goizean. Behien tuberkulosia kudeatzeko martxoan ezarritako osasun-protokoloa arintzea eskatzeko, ELB sindikatuak eta Biarnoko Laborarien Konfederazioak prefetarekin biltzea exijitzen dute.

Oloroeko suprefetura okupatu dute laborariek, behi-tuberkulosiaren protokoloa arintzea xede

[Kazeta]

Ehun laborariko taldeak, ELB sindikatu eta Bearnoko Laborarien Konfederazioko kideak, Oloroe-Donamariko (Biarno) suprefetura hartu du goiz honetan, apirilak 10. Ekintzak martxoaren 17ko prefetaren erabakiari erantzuten dio, orduan izenpetu baitzuen Pirinio Atlantikoetan behi-tuberkulosia borrokatzeko neurriak indartzen dituen protokoloa. Azken honek etxaldeen egoera are gehiago zailduko duela salatu dute laborariek.

Ekintza ELBk deiari erantzunez gauzatu dute, sindikatuak Maulen eman baitu hitzordua goizeko 10:00etan, eta bertatik abiatu dira Oloroera. «Martxoaren 17an izenpetu zuena berrikustea espero dugu, ez baitu gurekin hartu zituen engaiamenduak bete. Gure proposamenak zaborrontzira bota dituzte», deitoratu du Beñat Etchetok, ELBko kidea eta Donaixtin laboraria denak. Joan den hilabetean adostutakoa ez zela bete oharturik, oraindik elkarlanean aritzeko prest direla, baina geldirik egonen ez direla azpimarratu dute.

Horregatik gaurkoan suprefetura okupaturik, «ezin izan gara prefetarekin elkartu, baina bazkalondoan gurekin kontaktuan sartzeko konpromezua hartu du. Horren ondotik, bildu ahal izatea espero dugu», adierazi du ELBko kideak goiz bukaeran.

«Biosegurtasun» neurrien herstasuna

Finkaturiko protokoloari begira, bereziki, honek dakarren bigarren proflaxia ezartzeko betebeharraren kontra egiten dute protesta, neurriak «kostu gehigarria eta administrazio-presio jasanezinak» ekarriko dizkielakoan. Horren aitzinean, okupazioaren bidez, prefetarekin bildu eta osasun-arau hauek arintzea dute xede.

Protestariek beste hainbat ezaugarri dituzte ere ikusmiran. Hasteko, basa-fauna kontuan ez hartzea deitoratu dute, «badakigulako kutsatua dela eta hor badelako egin beharreko lan bat. Bitartean, behi osasuntsuak hilez, hazkuntzak desagerrarazten ari dira» deitoratu du Etchetok. Dirua «behiak hiltzeko xahutu beharrean», ikerketan diru gehiago inbertitzea eta test fidagarriagoak lortzea eskatzen dute protestan diren laborariek. Prefeturaren erabakiak bazka debekatzen duela salatu dute ; «ez dugu lurrik gabeko hazkuntzarik nahi, behiak kanpora, pentzeetara eta mendira joatea nahi dugu», azpimarratu du Donaixtiko laborariak.

Laburbilduz, «ez dugu biosegurtasun hau nahi, biziki hertsia dena, garestia, planant ezartzeko eta mantentzeko zaila», aldarrikatu du. Baldintza horietan ezartzen dituen protokoloan plantan ezarriko ez dutela adierazi dute laborariek, baita elkartasunera deitu ere, administrazioarekiko kontrolaren beldur diren laborariak «lagundu, sustengatu eta defendatzeko». Prefetak manera eraikitzailean harrera eginen diela eta protokolo berri bat adosten ahalko dutelaren itxaropena dute.